
Lehen entrenamenduak zuzendu ditu dagoeneko, baita lehen partida ere. Eta ostiral honetan bere lehen prentsaurrekoa eskaini du Realeko entrenatzaile gisa. Maider Castillok lagunduta, Gorka Alvarez ofizialki aurkeztu dute Zubietan, eta bertan azaldu du zer suposatzen duen berarentzat aulki txuri-urdinera iristeak eta zeintzuk diren bere asmoak.
Kirol zuzendaria izan da hitza hartu duen lehena, aurreko astean gertatutakoa azaltzeko. «Oso aste zaila», aitortu du Castillok. «Astelehenean, arratsaldean», Chelsearen aurka Ingalaterran jokatu baino bi egun lehenago, Arturo Ruizek «Garbiñeri (Etxeberria) eta bioi jarraituko ez zuela esan zigun. Talde interesatu bat zegoela, bere klausula ordainduko zuena eta berak onartu behar zuena. Une zailak izan ziren, baina jokalariek baino tarte handiagoa izan genuen martxan jartzeko. Hainbat aukera baloratu genituen, egoera testuinguruan kokatu genuen, asko eraikita eta ondo eraikita geneukala uste genuen. Ez dezagun ahaztu guztion artean eraiki dugula hau –azpimarratu du–. Entrenatzaile profil bat behar genuen martxan zegoen tren batera igoko zena, ahalik eta azkarren egokituko zena eta trena gidatzeko gaitasuna izango zuena. Eta Gorka pertsona hori dela uste dugu. Erabat konbentzituta gaude, daukagun lantaldeagatik, Gorkaren gaitasunagatik eta jokalariek nahi dutelako».
Arturo Ruizen martxari dagokionez, «inork espero ez» zuela aitortu du. «Ezustekoa. Argi dago denborak ez ditudala ulertzen. Maiatzean edo ekainean gertatzen bada, urtebeteko kontratua geratzen bada ere, erdi uler dezakezu, aukera bat badator. Baina beti goraipatu duen konpromiso hori, tokatu denean, ez du martxan jarri. Hortik aurrera, gure energia guztia gugan gastatzera», gaineratu du.
Eta Gorka Alvarezengandik espero duenari buruz, Castillok nahi du «martxan dagoen tren batera azkar igotzea, bertan asko eta ondo eraiki baitugu. Azkar egokitu dadila eta ondo zuzendu dezala. Ziur gaude horrela izango dela. Lantalde aparta dugu, eta garrantzitsuena da denok, lantaldea, jokalariak, denok, konbentzituta gaudela».
Alvarezek, bestalde, Realaren deiaren ondoren izan zuen lehen erreakzioa «emoziozkoa» izan zela azaldu du. «Bilera baten ondoren, erabakia hartzen dutenean, denbora luzea eman nuen negarrez. Realzale batentzat lehen entrenatzailea izatea… Gero, hotzean gehiago baloratzen hasten zara, zer suposatzen duen. Erantzunkizun handia da. Klubak konfiantza osoa jarri du nigan eta ni ahalik eta ondoen egokitzen saiatuko naiz, ditudan bertuta guztiak erabiliz taldeari modurik onenean laguntzeko».
Oraindik irailaren hasieran gauden arren, denboraldiaurreko lan guztia egina dago, denboraldia bera hasi da eta taldea «oso eraikita dago, errutina askorekin, ohitura oso barneratuekin...». Añorgako teknikariak horietako «asko konpartitzen ditu», baina entrenatzaile gisa, «nire zertzeladak ematea gustatuko litzaidake». Ez du datarik jartzen, «hori eguneroko lanak markatuko baitu», baina uste du «oraindik elkarrekin egin dugun ibilbide labur honetan bide onetik goazela».
Zertzeladez haratago, Alvarezek oso argi du oinarrizko ideia bat. Taldeari entrenatzaile gipuzkoarra duela eta, batez ere, Reala dela nabarituko zaiola. «Nik beti esan dut Gipuzkoako taldeetan hezitako entrenatzailea naizela eta horrek markatu nauela, gure izaera gipuzkoarraren baloreak, esfortzua, lana, konpromisoa, disziplina… Oso finkatuta aurkitu dut hori taldean, asko guztatu zait. Eta Realaren harrobian hezitako entrenatzailea ikusten dut nere burua, horren harira kokatzen eta birkokatzen joango gara». «Batez ere klub honen ezaugarriak izan behar ditugu, sakrifizioa, lana –gaineratu du–. Talde lehiakorra izan behar dugu, eroso dagoena baloiarekin, erasokorra, eta, jakina, erabakiak hartzen asmatuko duena. Egunerokoan, batez ere, nire kasuan, jokalariei ahalik eta ongien laguntzeko zer egin jakitea eta asteburuan saria iristea, horren ondorioz».
Entrenatzailea, bestalde, pozik agertu da Zubietan aurkitu duen lantaldearekin eta futbolarien jarrerarekin. «Energiaz beteta ikusten ditut». Era berean, «shocka behin gaindituta, lasai, konfiantzaz eta eman dezaketenaz oso konbentzituta daude. Lasaitasuna eta exijentzia falta nahastu gabe. Lehen egunetik sentitu dut exijentzia hori, nigan ere. Eta gustatzen zait. Exijentzia, lana, diziplina... Topikoak dirudite, baina batzuetan ez da hain erraza leku batzuetan aurkitzea».

Iker Aristu iruindarra hil da; torturaren biktima gisa aitortu zuen nafar Gobernuak

«No voy a ser candidato, vuelvo feliz a mi trabajo como médico»

Adiós a Juan Mari Feliu, referencia del montañismo, del antifranquismo y del abertzalismo

Se entrega en Ondarroa el autor del homicidio de Azpeitia

