
Alberdaniak Patrika bildumako bosgarren alea aurkeztu du ostegun honetan Donostian, Aritz Galarraga Lopetegiren ‘Izan gizona’, autobiografia oinarri duen saiakera. Gaur egun den gizona izatera nola iritsi den deskubritzen ahalegindu da, konbentzituta dagoelako «emakume bat emakume egiten den bezala gizonaren eraikuntza ere ikasketa sozial bat» dela.
Generoarekin harremana duten esperientziak bildu ditu hondarribiarrak, bere bizitzako lehen 20-25 urteetakoak, «urte horietan dutelako eragin handiena generoa finkatzeko tresna ezin indartsuagoak diren instituzio horiek: familiak, eskolak, lagunarteak, gizarteak, maila instituzionalak, administratiboak, estatuak berak».
Horrela agertzen dira Hondarribiko Alardea, familia, lehen haurtzaroa, eskola, lagunak, soldaduska eta euskal gatazka. «Gaur 30 urte dira Dolores Gonzalez ‘Yoyes’ hil zutela bere herrian bi urteko semearen aurrean. Hori ere aipatzen da liburuan, euskal gatazka maskulinoa izan dela eta feminitate disidenteak zigortu dituela. Futbola ere azaltzen da, musika, maitasuna... Gizon bat osatzen laguntzen edo gizon bat osatzera behartzen duten instituzio horietan geldialdia egiten duen bidaia bat da».
Ezinegon batetik abiatuta
Galarragak ez du literatura sortzea ulertzen barne bulkada edo desiorik gabe. Kasu honetan ezinegon handi batetik abiatu da: «Maskulinitate hegemonikoak kalte handia egiten die emakumeei, noski, baina baita bertan kabitzen ez garen gizonezkooi ere. Gure gizontasuna beste modu batera bizi nahiko genukeenok gaizki sentitu gara, gaizki sentiarazi gaituzte. Ez dut nire burua biktimatzat, garbi dago biktima lehenak nortzuk diren, baina maskulinitate horrekin deseroso sentitze hori konpartitzea ere ongi dago, beste gizon batzuek ere senti dezaketelako», adierazi du.
Generoa gure garaiko galdera handi bat da, handiena ez bada. Zer gertatzen da generoarekin? Nola konponduko dugu generoen arteko desoreka eta injustizia? Idazlearen iritziz, modu bat horri buruz hitz egiten hastea da. «Genero menderatzailea izanik, lanik handiena gizonezkook egin beharko genuke. Gizonezko misoginoak minoria bat dira, gehienok ez gara halakoak. Eta hala ere, beste leku batera begiratzen ari gara. Gizonezkoak protagonista izan dira historiako iraultza guztietan, baina XXI. mendeko iraultzarik handienetako batean ez dute parte hartzen. Umiltasunez, dugun paperaz kontziente, autokritika bultzatuta, ez dut zalantzarik parte hartu beharko genukeela», defendatu du. «Bada garaia gizonok feminismora batzeko edo gizontasun feminista bat planteatzeko».
Eredu bitarraren desagertzerantz
«Gizonak ez dira emakumezkoen etsaiak, nahiz eta irudi lezakeen baietz», jarraitu du gogoetan. «Izatekotan gizonezko patriarkatuzaleak dira etsaiak, emakume patriarkatuzaleak izan daitezkeen bezala. Jende hori da erakarri, aldatu, konbentzitu beharrekoa helburu dugun parekidetasuna inoiz lortuko badugu. Are gehiago, eredu bitar horren desagertzea desio dut. Generoak oso baliagarriak izan daitezke analisi sozial edo politikoak egiteko, baina horretaz aparte ez zait hainbeste interesatzen gizon-emakume diferentzia hori. Nik antz handiagoa daukat ezagutzen ditudan emakume askorekin ezagutzen ditudan gizon askorekin baino».
Saiakera atzera begirakoa da, interesgarria iruditzen zaiolako pertsona bat nola osatzen den ikustea. «Pentsatzen dugu gizonezkook horrelakoak garela kasik gure kapritxoz, baina lan handia egin dezakegu indibidualki eta sozialki. Aldi berean, nahiz eta nahi izan, ez da beti erraza hortik alde egitea, zigortzen zaituztelako».
Nola askatu? Soluzio argirik planteatzen ez badu ere, zantzu batzuk ematen ditu egileak liburu osoan. «Lehen gauza inportanteena da dauzkagun pribilejioei uko egitea, ez tragedia bezala. Ni ez naiz ongi sentitzen jakinda norbait diskriminatzen edo menderatzen dudala. Argi daukat ustezko galera horrek onura ere ekarriko digula gizonezkooi», aldarrikatu du.
Korapilatutako mataza bat
Idazleak eskertu du Gorka Bereziartua Alberdaniako editoreak ‘Izan gizona’ saiakera literario gisa aurkeztu izana. «Bizipen pertsonalak jaso ditu, eta horrek argumentazio testu batek ez daukan zerbait ematen dio. Autobiografikoak diren neurrian bakanak eta generikoak diren neurrian gutxi gorabehera gizon gisa irakurtzen gaituzten eta gure burua irakurtzen dugunontzat estrapolagarriak diren materialak dira. Esperientzia amankomun horretatik abiatzea dute bertute, ulertuta korapilatutako mataza bat dela maskulinitatea eta harietatik tira behar dela ulertzeko zer materialez eginda gauden. Modu egokiena pertsonala partekatzea da, autokuestionamendu batera iristeko, norberarena eta kolektiboa», azaldu du Bereziartuak.
Azken hau Galarragaren aitzineko bi liburuen arteko fusio bat izan daitekela esplikatu du –‘Gogoan dut’ eta ‘Humanitatearen une gorenak’–. Eta gogoeta bat partekatu du: «Pisa txosteneko datu batek eman dit arreta, nahiz eta ez nauen harritu: irakurketa gaitasunean mutilen emaitzak askoz txarragoak dira neskenak baino. Badago atzeko arazo bat: irakurzaletasuna gizontasun eredu hegemonikotik gero eta urrunago gelditzen ari da».
Liburu hau horri aurre egiteko tresna bat izan daitekeela aldarrikatu du, «mutil gazteekin, irakurzaletasuna erdi ezkutuan eramaten dutenekin, lantzeko eta erakusteko badaudela gizon izateko modu sanoago eta interesgarriagoak».

Ocho detenidos por la agresión a militares del pasado 19 de julio en Berriozar

Una concentración ultra contra Negu Gorriak destroza el coche de una diputada ceutí

Iparragirre eta Paroten gradu-progresioen helegiteek «mendekua» dute oinarri Sareren arabera

Orain bai, Gatiburen atea itxi daiteke


