Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Betaurreko adimendunak

Metaren betaurreko adimendunak, bideoak grabatu eta argazkiak ateratzeko gai direnak, Britainia Handiko zinema-aretoen buruhauste berria bihurtu dira. UK Cinema Association elkarteak baieztatu duenez, areto asko erabilera debekatzea edo mugatzea aztertzen ari dira, filmak ezkutuan grabatu eta pirateria sustatzeko erabil daitezkeelakoan. 

Gainera, zinema-aretoak eta antzokiak beldur dira betaurrekoek filmak edo ikuskizunak denbora errealean grabatu eta transmititzeko aukera emango ote duten. 

Arazoa, ordea, ez da soilik pelikula bat kopiatzeko aukera. Betaurrekoek pribatutasunarekiko kezka ere piztu dute, irudiak eta audioa grabatzeko aukera ematen baitute, erabiltzaileak betaurreko arruntak balira bezala daramatzan bitartean. Ray-Banekin eta Oakleyrekin batera garatutako gailuek inguruko pertsonak horren jakitun izan gabe grabatzeko aukera ematen dute, eta horrek intimitatearen babesari buruzko zalantzak sortu ditu espazio publiko zein pribatuetan.

Metak, bere aldetik, betaurrekoek erabilera legitimoak dituztela defendatzen du, bereziki ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat, eta grabatzen ari direla adierazten duen argi bat dutela gogorarazi du.

Ziur nago eztabaida zinematik harago joango dela laster. Egun bizi dugun distopia orweldarraren hurrengo objektu fetitxea bilakatuko ote dira?

Ezetz espero dut.