Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Walker’, munduko hiriak begi berriez begiratzeko Tsai Ming-Liangen gonbita

Tsai Ming-Liangek Tabakalerarako propio sortutako erakusketa jarri du ikusgai. Ikus-entzunezko hiru pieza aukeztu ditu ‘Walker’ (ibiltaria) saileko azken filmaketan, munduan zehar grabatuak. Horrez gain, Donostian filmatutako atalak Zinemaldian ikusiko du argia hilaren 19an.

Erakusketaren aurkezpenaren irudia.
Erakusketaren aurkezpenaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Tsai Ming-Liangek (Malaysia, 1975) berariaz ekoitzitako erakusketa ikus daiteke Tabakaleran. Ikus-entzunezko hiru pieza aukeztu ditu ‘Walker’ (ibiltaria) saileko azken filmaketan. ‘Dust’ proiektuak Hong Kong, Taipei eta Marsella hirietan egindako filmaketak biltzen ditu. 

Kontrastez betetako lana da taiwandar zinemagilearena. Goitik behera gorriz jantzitako monjea ikus daiteke, oso erritmo astiroan oinutsik pausuak nola ematen dituen ikus daiteke, eta inguruan arrapalada bizian doan jendartea. 

Arte plastikoak eta zinemaren arteko mugak esploratu eta gainditzera gonbidatzen ditu Tabakalerak era berean artistak eta zinemagileak diren sortzaileak. Erakusketa hilaren 18tik abenduan 6ra dago irekita. 

Ez da honetara mugatuko Tsai Ming-Liangek Gipuzkoako hiriburuan duen presentzia. Izan ere, hilaren 19an aipatu proiektuaren barruan Donostian filmatutako atalak Zinemaldian ikusiko du argia. «Benetako luxua da Tsai Ming-Liang gure artean izatea», nabarmendu du erakusketaren aurkezpen ekitaldian Jose Luis Rebordinosek. «1993. urtetik dugu harremana, urte hartan New Directors sailean parte hartu baitzuen», gogoratu du. «Munduko zinema jaialdi handi guztietan saritua izan da», gaineratu du. 

Donostia beste begi batzuekin ikusteko gonbidapena da bere lan berria Zinemaldiaren zuzendariaren esanetan. «Lasaitasuna eskatzen du ikusterako orduan ere, paisaiaz gozatzea», esan du. 

Rebordinosen aburuz ez da beste zinemagilerik paisaiak –fisikoak zein gizatiarrak– modu horretan lantzen dituenik. «Aurpegiak, batez ere», zehaztu du. «Edertasuna eta sugerentzia» azpimarratu ditu. Bere artegintzak txinatar tradizio artistikoarekin duen lotura aipatu du. 

2025eko udan egin zuen egonaldia Tsai Ming-Liangek Donostian atala filmatzeko. «Orduan ezagutu nuen hiria eta orain nire etxera itzuliko banintz bezala sentitzen naiz», adierazi du. 

«Edertasunaz bere osotasunean gozatzeko denbora guztia eskaini eta astiro ikusteko» gonbidapena luzatu du sortzaileak. Duela mila urte Indiara milaka kilometro oinez egin zituen Xuanzang monje txinatarraren bizipena du oinarriak proiektuak. Idazkuntza budistaren jatorriaren bila zebilen. 

Egun jendarteak bizi duen gain-abiadura aipatu du. «Gure buruari ez diogu aukerarik ematen gure ingurunea behar bezala ikusteko», esan du. 

Donostiari dagokionez, bizitza erlaxatuagoa aurkitu du. «Zorionekoak zarete hemen bizi zaretenok». Paisaia eta munduan puntan dagoen gastronomia ezin ahaztu. 

Proiektuak 2011n du abiapuntua. Urte hartan, Lee Kang-Sheng aktorearekin aritu zen ‘Only You’ antzezlanean. Aktorea urrats geldoz ibiltzen zen sekuentzia batean eta une hark lilura sortu zuen Tsai Ming-Liangengan. Gorputz erritmo hura pantailara eramatea erabaki zuen, gorputza munduko hainbat lekutan dabilen behatzaile bihurtuz. 

1992ko Berlinalean aurkeztu zuen bere lehen lana, ‘Rebles or the Neon God’. Bere bigarren film luzea ‘Vive l’amour’ izan zen eta Urrezko Lehoia eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian. ‘The River’ (1996) filmak, berriz, Epaimahaiaren Saria jaso zuen Berlinen, «modu horretan zinema garaikideko zuzendari nabarmenen artean zuen lekua sendotuz», esan dute Tabakaleratik. Beste hainbat garaikur jaso ditu, ‘Face’ (2009) filmarekin, tartean. ‘Le Louvre s’offre aux cineastes’ programaren baitan sortu zuen eta museoaren bilduman sartutako lehen filma izan zen. 

Zinema zikloa 

Erakusketa osatzeko jarduera egitarauaren barruan, Tabakalerak zuzendari taiwandarraren filmografia jasotzen duen zinema zikloa atondu du. Urriaren 3an hasiko da ‘Vive l'amour’ filmarekin. Gainera, irailaren 24an, urriaren 22an eta azaroaren 19an bisitak egingo dira. Urriaren 24an, berriz, arte tailerra familiei zuzendua.