NAIZ

Iparragirre eta Paroten gradu-progresioen helegiteek «mendekua» dute oinarri Sareren arabera

«Erabaki horiek ez dute justiziarekin zerikusirik; aitzitik, mendeku-jarreretan oinarritzen dira». Hala baloratu ditu Sarek Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Unai Paroten eta Marisol Iparragirreren gradu-progresioaren aurka behin eta berriz jarri dituen helegiteak. 

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareren bozeramaileak.
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, Sareren bozeramaileak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Sarek presazko agerraldia egin du igande honetan, Gasteizko Florida parkean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Unai Paroten eta Marisol Iparragirreren gradu-progresioaren aurka behin eta berriz aurkeztutako errekurtsoek sortutako egoera baloratzeko. «Justiziarekin zerikusirik ez duten erabaki judizialen aurrean gaude; aitzitik, mendeku-jarreretan oinarritutako erabakiak dira», deitoratu du eragile herritarrak.

«Marixol Iparragirreri 100.2 artikulua aplikatzearen eta Unai Paroti ‘3G’ sailkapena ematearen aurka berriz ere helegitea jartzeko erabakiek 30 urte baino gehiago espetxean eman dituzten eta, betetako zigor-denbora kontuan hartuta, aspaldi etxean egon beharko luketen presoei eragiten diete».

Prebarikazio-delitua

Sarek ez du ahazten 100.2 artikulua aplikatzeko edo espetxe-graduz igotzeko gomendioak Lakuako Espetxe Administrazioko profesionalengandik datozela; hau da, preso horien eguneroko bilakaera bertatik bertara ikusten duten eta gizarteratzeko prest daudela irizten dieten profesionalengandik.

«500 kilometrora dauden organo judizialek erabaki horien aurka helegitea jartzea –presoen bilakaerari buruzko zuzeneko ezagutzarik izan gabe–, Zigor Kodean definitutako prebarikazio-delituaren (nahita erabaki bidegabea hartzea) adibide argia da hori», salatu du.

Egoera horiekin amaitzeko, espetxe-politika arruntak aplikatzeko konpromisoa hartu behar dela defendatu du, baita «konfrontazioa zein bizikidetza-prozesua sustatzen ez duten egoerak betikotu nahi dituzten presio-taldeei aurre egiteko» erabakimena ere. «ETA desegin eta 15 urtera ere horretan jarraitzen duten taldeei», alegia.