Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Artakalan’, bizitza itogarritik ihesi norbere sustraietara bidaia intimo bat

Urrezko maskorraren bila itzuli da Yesim Ustaoglu zuzendari eta gidoilaria Donostiako Zinemaldira. Eguneroko bizitza itogarritik ihes, emakume poeta baten bidaia fisiko eta introsprektibo bat proposatu du, egungo bizitza eta familia ereduak zalantzan jarriz.

Yesim Ustaoglu gidoilari eta zuzendaria Donostian izan da.
Yesim Ustaoglu gidoilari eta zuzendaria Donostian izan da. (Maialen ANDRES | FOKU)

Bere bizitza itogarritik ihes egingo du Elifek (Öykü Karayel), poeta da eta bere barne ahotsarekin berriro ere harremantzeko bidaia fisiko eta intimo bat egingo du, bere amona zenaren herrira. Bere ordura arteko bizitza eta familia eredua atzean uzteko bidean, etxeak, oroitzapenak, familia barneko isiltasunak, kezkak eta inspirazio uneak topatuko ditu, paisaia zoragarriez inguratuta.  «Ulermenarekin du zer ikusia, ukitzearekin, gehiago sentitzearekin dago lotuta guztia», adierazi du Yesim Ustaoglu zuzendariak atzo prentsaren aurrean ‘Artakalan’ filma aurkeztuz.

Yesim Ustaoglu gidoilari eta zuzendaria berriro ere urrezko maskorraren bila itzuli da Donostiara. Duela hemezortzi urte ‘Pandora´s Box’ filmearekin eskuratu zuen Donostiako Zinemaldiko sari gorena.

2018an hasi zen gidoia idazten eta halaxe kontatu du: «Zama handia sentitzen nituen, orduan itogarria egiten zitzaidan nire inguruko guztia, kontu politikoak eta beste, nik galdetzen nuen: ‘Zer idatzi beharko nuke? Zergatik idazten dut?’ Atea ireki nahi nuen eta ez barruan geratu, berriro ere ikus nezakeen hori ikusi inolako planifikazio gabe, bidaia moduko bat izan zen».

Sutraietara itzultzea garrantzitsua da Ustaogluren iritziz, «uste dut benetan dela sustraietara bueltatzea garrantzitsua, neurri batean oso deskonektatuta gaude, eta uste dut interesgarria dela konexio hori aurkitzea, deskubritzea, zeren zu leku batekoa zara, bertakoa zara eta zure gogoa bertakoa da». Elif protagonistak amonaren herrira egiten duen bidaiaz, itzuleraz mintzatu da, «pertsonaren identitatez hitz egiten ari naiz, zure buruari aurre eginez ezagutzen duzunaz, izan ere ez duzu bertan bizi beharrik, baina konexioa hor dago eta hori aurkitzeak zure burua hobe ezagutzea egiten du».

Pertsonaiek adinako pisua dute paisaiek ‘Artakalan’ filmean. Istanbulen abiatzen da filma, baina gero, Karayelen pertsonaia mendi aldera joaten da, eta eta bere bikotea gorpuzten duen Metin Akdülger, berriz, aitaren herrixkara. Ustaogluk, 2004an jada egin zuen dokumental bat herrixka horietako biztanleen bizitza islatuz, ‘Sırtlarındaki Hayat’, eta dokumentaleko hainbat irudi ere baliatu ditu, Elifen pertsonaiak ikusten zuena erakusteko.

Bidearen garrantzia

Prentsaren aurrean egindako aurkezpenean zuzendariak kontatu du, bera ere bere arbasoen herriak ezagutzera joan zela, egin zuela bidaia hori, eta balio izan ziola konektatzeko. Dokumentala egin bitartean ikasi zuela herrixka horietan ez zela ia gazterik gelditzen, emakume helduak zeudela batez ere: «Herrixkak erdi hutsik daude, adineko andreak besterik ez nituen aurkitu bidean eta harrigarria da hori guztia ikusi izana, energia hori, guztia idor egotea, eta hor ikusi nuen emakumeek zer nolako indarra zuten».

«Istanbulen pertsona itxita dago, gero atea ireki eta errepidean dago, irekitzen doa. Ni gidatzen nindoan bitartean ikusi nuen nola irekitzen zen dena, eta hori ere pertsonaiarentzat irekiera bat da, autoan goraino zoazen bitartean espazio zabala daukazu eta horrek egoera psikologiko bat ekartzen dizu», azaldu du.

Hotsek ere espazio eta garrantzia berezia hartzen dute filmean, izan ere, protagonistaren bikotekidea musikaria da, eta musika egiteaz gain, soinuak ere «ehizatzen» ditu. Horren inguruan ere eman ditu xehetasunak gidoilariak: «Nire bizitzan soinua oso garrantzitsua da, entzutea, batez ere ulertzeko entzutea . Halaxe da nire beste filmetan ere, soinuarekin lan egitea maite dut, lantzea, esanahia ematea, eta hemen harago joan nahi nuen, soinuaren alderdi horri heltzeko, eta orduan pertsonaia bihurtu zen».

Bi aktore protagonistak estreinaldian oso hunkituta zeudela aitortu dute, paisaia horietan grabatzea «erokeria» bazen ere, lortu zutelako eta «ederra delako emaitza». Karayelek, onartu du bereziki gogorra izan zaiola oso identifikatuta sentitzen zelako pertsonaiarekin, baina poemek asko lagundu diotela pertsonaia «sakon» ulertzen. Aurreratu dute, akaso, filmerako sortutako poesia eta musikarekin zerbait argitaratuko dutela.