«Nork egiten ditu filmak bere komunitatean? Arrisku handia da»
‘Txakun Txakür’ dokumentalaren bitartez bazterketaz hausnartu du Elsa Oliarj-Inesek. Hausnartu du berak, hausnartu du bere komunitateak eta hausnarraraziko du ikuslea. Zortzi urtez filmatu du eskola bereko haur talde bat. Luzemetrai honetarako Eliseren bidea hartu du ardatz.
«Nork egiten ditu filmak bere komunitatean? Arrisku handia da»

Zortzi urtez Zuberoako eskola bateko haur talde bat grabatu ostean, asteazken honetan estreinatuko du Elsa Oliarj-Inesek ‘Txakun Txakür’ luzemetraia Zinemira sailean. Zuzendariak azaldu moduan, telesail formatuan hasi zen, baina finantziazio arazoak medio azken atalik gabe gelditu da. Kanaldude eta France 3 telebista kateetan estreinatuko da hiru ataldun ‘Nortasüna’, eta Donostiako Zinemaldian bertatik eratorritako ‘Txakun Txakür’. «Prozesu oso-oso-oso konplikatua izan da, oso interesgarria. Momentu batzuetan ez dut lorik egin, galdera asko pausatu ditut nire buruari, duda asko ukan ditut». Grabaketa eta muntaketa lanak kontuan hartuta, hamabi urteko bidea izan da guztira.
Filmak nortasunaren eraikuntzaren prozesuan oinarrizko elementuetara iritsi eta horiek behatzeko asmoarekin jaio zen. «Nire lehen filmetik abiatzen da ideia. ‘Haien gaztaroan, iragan agerian’-en filmatu nituen nirekin kolegioan izan ziren gazteak, Atharratzen. Ni Parisera joan nintzen eta nire galdera zen nola ote zekiten hemen bizi eta lan egin nahi zutela. Eta nola zekiten nor ziren». Ez zituen esperotako erantzunak lortu eta horregatik jo du orain haurtzarora, «gure sozializatzeko lehen lekura, eskolara» zioaren ernamuinaren bila.
Bazterketaz
Telesaila ez bezala, luzemetraia bazterketaz mintzo da. Behaketatik eta antropologiatik asko duen dokumentala da ‘Txakun Txakür’. «Egiazko bizia fikzio bat baino konplexuagoa da eta nik ez nuke sekula pertsonaia horiek idatzi ahal». Eta baieztapen batekin ekiten dio filmak: eskola horretan gertatutakoa edozein lekutan gerta liteke. Filma liskar batekin hasten da, gainontzeko haurrak Eliseren aurka ari dira. Puntu horretara nola iristen diren ikus dezakegu filmean, haurrak nola hazten diren ikusten dugun bitartean. Bazterketa eta jarrera bortitzak sotilak dira hasierako urteetan eta gero, agerikoagoak egiten dira.
«Luzemetraiaren kasuan ez dugu narrazioa asko pentsatu behar izan, ezin genituelako haur askoren istorioak kontatu. Hori da telesailan egiten duguna. Kasu honetan deliberatu dut haur baten bidea kontatzea, haur horrek bizitzen baitu nik bizi dudana ere. Horregatik hautatu dut seguraski, baina horrekin ohartu naiz gero. Neretzat Elisek bizitzen zuenak balio zuen kontatua izatea zeren kontatzen du ere nola talde bat egiten delarik, bata baztertzen duzun. Bat, bi edo hiru. Niretzako inportanta zen ulertzea nola talde baten egiteko badiren mekanismoak. Bazterketak dira mekanismoak eta mekanismo horiek betirakoak dira talde sozial batean».
Nola filmatu haurrekin?
«Hasi nintzen zanko batekin, pentsatuz mugimendu asko egongo zela. Ohartu nintzen lehen egunean ezin nituela jarraitu haurrak eta zankoa utzi nuen. Ohartu nintzen beste manera bat bilatu behar nuela grabatzeko eta elkarrizketak izateko». Zer bezain garrantzitsua da nola. Haurrekin parez pare hitz egin eta filmatzea bilatu du Oliarj-Inesek. «Oso inportantea zen niretzat haurrei ez inposatzea nire ikusteko manera». Hainbat arau ezarri zizkion bere buruari horretarako: «Ez beren jokoetan sartu, distentzialak gorde, eta adibidez, ez borrokan sartu... Eta hori oso zaila izan da. Egun ere aita eta ama zonbaitekin zaila izan da azaltzeko. Eta hori zen paktu bat egiazki haurrekin beraiek utz ziezadaten filmatzen».
Haurrek lauzpabost urte zituztenean hasi zen filmatzen eta hastapen horietan konturatu zen bere galderak egiteko modua ez zela egokiena, «ohartu nintzen ezin nintzela haur batekin mintzatu heldu batekin mintzatzen nintzen modu berean. Orduan formatu naiz elkarrizketa egiteko manera batekin. Deitzen da ‘l'entretien d'explicitation’. Galdera neutroak pausatzen dituzu, galdetzen duzu begiak istea, berriz pasatzea zer iragan den eta oso galdera neutroak pausatzen dituzu egiaz ulertzeko iragan dena. Nik filmatu dudana ez dudalako jakingo inoiz nola bizi izan duten haurrek eta horretarako niretzat oso garrantzitsua zen beraiei berriz ematea hitza».
Komunitatean eragina izan du noski filmak. Zuzendariak aitortu du guraso batzuk harritu egin zituela filmak, ezustean harrapatu zituela. «Nork egiten ditu filmak bere komunitatean? Arrisku handi bat hartzen duzu eta nire ustez ere ez zuten pentsatu». Zuzendariak ere bere buruari galdetu zion «nolaz ez nuen ikusi denak haur horren gainean zirela. Nik gauzak ulertu ditut gero». Zabaldutako zauriak hausnarketarako arrakala bihur litezke. Eta horretarako bide izan nahi du filmak.

Una violenta y fuerte tormenta inunda calles y provoca cortes de luz en Bilbo

«Puta», grabado en la espalda con un cúter; el detenido ha quedado libre

Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Las derechas tumban los decretos de vivienda y dejan tocada la legislatura de Sánchez


