Enpatiaren eta legitimazioaren arteko muga
FJORD
Rumania, 2026. 146’. Zuzendari eta gidoia: Cristian Mungiu. Aktoreak: Renate Reinsve, Sebastian Stan, Lisa Carlehed, Ellen Dorrit Petersen. Musika: Kaspar Kaae. Argazkia: Tudor Vladimir Panduru.

Norvegiako Haurrak Babesteko Zerbitzuak vs. kristau ebanjelikoen familia bat. Horrela laburtu daiteke, oso azaletik eta modu nahiko sinplistan, Cristian Mungiu zuzendari errumaniarraren ‘Fjord’. Eztabaida eragiten duen filma da, eta hori beti da eskertzekoa. Baina sinplista samarra eta luzeegia. Bigarren ikustaldia ezinbestekoa iruditzen zait filmak dituen geruzak behar bezala aztertzeko eta lehen begiratuan antzematen ez diren ñabardurak aurkitzeko.
Errumaniera, norvegiera eta ingelesa hitz egiten dira filmean, eta Norvegiako komunitate txiki batean kokatzen da. Bertara iritsi berri da Errumaniatik etorritako familia bat.
Ama, Renate Reinsve, norvegiarra da; aita, Sebastian Stan, errumaniarra. Bost seme-alabekin itzuli dira hara bizitzera, kide diren komunitate ultraerlijioso batetik gertu. Duela gutxiko zenbait gertakari errealetan oinarrituta, filmak kontatzen du nola familia ebanjeliko honek justiziari aurre egin behar dion, seme-alabei tratu txarrak ematea leporatuta; haurrak gizarte-zerbitzuen zaintzapean geratzen dira.
Plazer bat da irudiak sortzeko hain trebetasun handia duen zuzendari baten filma ikustea. Mungiuk aparteko gaitasuna du irudiaren bidez narrazioa garraiatzeko eta, batez ere, eszena bakoitzaren barruan tentsioa eraikitzeko. Paisaiak, espazioak eta pertsonen kokapenak kontakizunaren parte dira. Zentzu horretan, ‘Fjord’-ek erakusten du Mungiu zinemagile aparta dela.
Formalki, ezin zaio aitzakiarik atera; baina filmaren muinean dauden gai eta planteamenduek zalantza gehiago sortzen dituzte. Egia da, hasiera batean, filmak alde guztien ikuspuntuak barne hartzen dituela, ikusleari zuzendariaren interpretazio jakin bat inposatu gabe. Baina ustezko neutraltasun horretan mugitzeak, kasu honetan, zalantza handiak sortzen ditu.
Filmak kristau ebanjeliko kontserbadorez osatutako familia bat aurkezten du, Norvegiako adingabeak babesteko zerbitzuen aurka. Erakundeak, une jakin batzuetan, zurrun, aurreiritziez josiak eta nagusitasun moral etengabea dutela agertzen dira. Badirudi Mungiuk ikusle progresistagoei zerbait deserosoa esperimentatzera behartu nahi dituela. Asmoa interesgarria da, ausarta ere bai. Arazoa da filmak ez duela guztiz lortzen proposatzen duen oreka.
Filmak familia kontserbadorearen sinesmenak zuzenean legitimatu ez arren, zilegitasun narratibo handia ematen dio eta mugimendu ultrakontserbadoreek erabili ohi duten diskurtsoekin lotzeko arriskua dago.
Eta hor dago, nire ustez, ‘Fjord’-en arazo nagusietako bat. Ez fundamentalismo erlijiosoarekiko sinpatia esplizituegia izatea, baizik eta pertsonaien konplexutasun morala oso modu desorekatuan banatzea. Familia kontserbadoreak gizatasuna, testuingurua eta zalantzaren onura jasotzen ditu; haren aurka dauden erakundeak, berriz, harroputz, mekaniko eta jazarle gisa agertzen dira maizago. Gauza bat da, ikusle bezala, kontserbadoreekiko enpatia eskatzea, haien mundu-ikuskera ulertzen saiatzea edo haien sufrimenduari arreta jartzea. Beste gauza bat da kontakizun bat eraikitzea, zeinetan haien etsai instituzionalak hain sistematikoki ezgaiak, hotzak edo autoritarioak agertzen diren, ezen ikusleak azkenean familiari arrazoia emateko joera izan dezakeen.
Ez nuke esango pelikulak, inondik inora, familia tradizionala, zigor fisikoa edo ultraeskuina defendatzen dituenik. Ez dut uste hori denik Mungiuren asmoa. Baina badago beste zerbait, sotilagoa eta, agian, arriskutsuagoa: filma diskurtso kontserbadoreak bereganatzeko modukoa izatea. Familiaren sufrimendua dramatizatzen duelako, haren ikuspuntua gizatasunez erakusten duelako eta, aldi berean, Estatuaren esku-hartzeari buruzko zalantza sakonak planteatzen dituelako.
Bigarren ikustaldia behar dut tesia gehiago garatzeko, filmaren xehetasunak berriro aztertzeko eta, batez ere, lehen begiratuan sumatutako desoreka hori benetan filmaren egituran dagoen edo nire lehen interpretazioaren emaitza den ikusteko.

Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Las derechas tumban los decretos de vivienda y dejan tocada la legislatura de Sánchez

«Puta», grabado en la espalda con un cúter; el detenido ha quedado libre

Muere una joven que resultó herida en la sokamuturra de Lodosa

