
Nafarroako lehendakaritzarako, foru aldundietarako eta Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkatetzetarako hautagaitzen bozketak amaituta, babes zabala jaso dute EH Bilduren hautagaitzek. Bilkideek gaur eguerdira arte izan dute bozkatzeko aukera.
Hori dela eta, hauek izango dira EH Bilduren hautagaiak 2027ko maiatzaren 23ko udal eta foru hauteskundeetan: Laura Aznal izango da Nafarroako lehendakari izateko hautagaia, Eva López de Arroyabe Arabako ahaldun nagusigaia, Iker Casanoca Bizkaiko ahaldun nagusigaia, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Joseba Asiron Iruñeako alkategaia, Rocio Vitero Gasteizko alkategaia, Maria del Rio Bilboko alkategaia eta Nerea Kortajarena Donostiako alkategaia.
Denek ala denek bozkatu duten bilkideen % 90etik gorako babesa jaso dute. Aznalen hautagaitzak % 98,29 bozka jaso ditu alde eta % 1,71 aurka; López de Arroyaberenak % 98,82 alde eta % 1,18 zuri; Casanovarenak % 97,33 alde, %1,1 kontra eta % 1,57 zuri; Iriarterenak % 96,39 alde, % 0,86 kontra eta % 2,75 zuri; Asironenak % 100 alde; Viterorenak % 97,44 alde, % 0,85 kontra eta % 1,71 zuri; Del Riorenak % 91,67 alde, % 5,95 kontra eta % 2,38 zuri; eta Kortajarenarenak % 97,01 alde, % 1,49 kontra eta % 1,49 zuri.
EH Bilduk hautagai guztiak zoriondu ditu eta, era berean, «erakutsi duten konpromisoa eta ezkerreko subiranismoaren proiektu politikoa instituzioetan ordezkatzeko hartu duten ardura» balioan jarri.
Halaber, bilkideen parte-hartzea nabarmendu du EH Bilduk. Izan ere, mugimendu «bizia, parte-hartzailea eta ilusioz betea» dela iritzi dute. Zortzi hautagai hauek aldarrikatuta, EH Bilduk hurrengo urratsa emango du: Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietako alkategaiak hautatzeko prozesuari ekingo dio.
Aurkezpena Gasteizen
Larunbat honetan Eva López de Arroyaberen eta Rocío Viteroren hautagaitzak aurkeztu ditu EH Bilduk Gasteizen, «Arabako lehen indar politikoa bihurtzeko anbizioarekin». Viterok etxebizitza eskubidea Gasteizko politika publikoen erdigunean jartzea proposatu du
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Gasteizko Europa Jauregian. Etxegabetzeen aurrean kezka bizia agertu du Viterok, eta konponbideak mahai gainean jartzeko beharra azpimarratu du.
«Ezohiko garai hauetan, bizitza duinak bermatuko ditugu eta gobernantza beste eredu baten aldeko apustua egingo dugu», adierazi du López de Arroyabek. Viterok anbizioz hitz egin du: «Inoiz ez bezala iritsiko gara hauteskundeetara: lehen indarra gara Gasteizen eta erabakigarriak izan gara legealdian».

Una violenta y fuerte tormenta inunda calles y provoca cortes de luz en Bilbo

«Puta», grabado en la espalda con un cúter; el detenido ha quedado libre

Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Las derechas tumban los decretos de vivienda y dejan tocada la legislatura de Sánchez
