Marmol Estudio, ideia «kamikazeak» irtenbide bihurtuz

Barne-diseinua eta diseinu grafikoa dira Marmol Estudioren lanabes eta oinarri. 2020az geroztik eskurik esku lanean dabiltza Sebastian Gomez eta Itziar Muñiz. Elkarrekin lan eta elkarrekin bizi, «elkar deszifratuz» jendearen arazoei diseinuzko aterabideak pentsatzen eta sortzen dituzte.

Marmol Estudio, ideia «kamikazeak» irtenbide bihurtuz

Loading player...
Pasai San Pedron du egoitza Marmol Estudiok
Pasai San Pedron du egoitza Marmol Estudiok (Andoni Canalleda | FOKU)

«Betidanik gabiltza elkarrekin. Elkarrekin ikasi genuen diseinu eskola berean, jakin-min berdinak ditugu hasieratik». Itziar Muñizek (Pasai San Pedro, 1985) ekin zion Marmol Estudioren bideari 2017an. Beste estudioentzako lan egiten zuen Sebastian Gomezek (Donostia, 1984) baina 2020an batu zen bete-betean. Bi diseinatzaileen bideak hainbat ertzetatik daude lotuta. «Naturalki sortu da estudioa, batez ere, naturalki familia bat garelako. Orain guraso gara, bikote eta bidelagunak azken finean» dio pasaitarrak. Lana etxera eta etxea lanera, mugak lausoak izateak ez du zertan oztopo izan.  «Oso erraza da elkarrekin lan egitea nahiz eta gero etxera ematen duzun lana. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, orduan, badakigu elkar deszifratzen».

Barne-diseinua eta diseinu grafikoa ditu ardatz Marmolek. Mota askotariko proiektuetan parte hartu dute; hala nola, Cristina Enea Fundaziorako edota San Telmo Museorako hainbat erakusketen museografia eta diseinu grafikoa prestatzen, zenbat etxeren barne-diseinuan edota Meta Edabeak markaren iruditegia sortzen. Baina horiek, adibide batzuk besterik ez dira. Biek Marmol Estudio osatzen duten arren «sarean» lan egiteko duten ohitura azpimarratu dute. Elkarlanaren garrantzia nabarmena da diseinuaren alorrean. «Azkenaldian lan asko egiten dugu Hiruko estudioarekin eta OSO kolektiboa sortu dugu. Lantaldean lan egitea oso aberasgarria izateaz gain, negar egiterako orduan ere, elkarrekin negar egiten badugu, hobeto». Sare edo babes horrez gain, esperientziaren pisua ere nabarmendu nahi izan du Gomezek, zaila baita «aurreko esperientziarik gabe gurpiltxo hori martxan jartzea. Zure lanak zure partez hitz egiten du. Horrek lortzen du lan gehiago eta berme bihurtzen da».

Hernanin kokatuta dagoen Balma terrazo tailerraren dendaren irudi bat (Marmol Estudio)
Hernanin kokatuta dagoen Balma terrazo tailerraren dendaren irudi bat (Marmol Estudio)

Kanpo eta barne konfidantza

Esperientzia eta sarea formularen ezinbesteko osagai dira. Baina zerk egiten du Marmol desberdin? Zein da bereizgarria? «Pentsatu izan dut gaiaren inguruan eta eman izan dizkiot buelta batzuk» aitortu du Gomezek: «Orain Adimen Artifiziala presente dagoela, iraultza bat dela eta hori guztia kontuan izanda, pentsatu izan dut ia zer edukiko ote dugun etorkizunean merkatuan. Eta nire ustez gizatasuna da. Ez dakit nola esan, humanitatea edo makinetatik urruntzea. Nahiz eta zerbait oso arrazionala eta oso funtzionala egin nahi izan, zure ahotsa da» Marmolek ahots propioa duela deritzo Gomezek eta «hori da bereizten gaituena». Norberari egokitzen zaizkion enkarguak bilatzea gakoa dela gehitu du: «lan batzuentzako oso egokiak gara eta beste batzuetarako ez.  Edo txarrenak gara. Kontua lan horiek topatzea da, gu egokienak izango garen horiek».

Jendearengandik jasotako konfiantzak asko lagundu diela aitortu du Muñizek. «Egia esan, ez gara inoiz kikildu. Askotan, hain zuzen ere, hori izan da arazoa, gero etxean kikiltzen zarelako». «Kamikaze puntu bat dugu» gehitu dio Gomezek.  Hala ere, konfiantza horri pilatutako ikaspenak esperientzia handia ekarri diela dio sanpedrotarrak: «Esperientzia da gehien balio duena. Ematen dizu segurtasuna, ematen dizu ausardia eta jakituria». «Ordu kontua da baita ere. Nik uste horretan ofizio guztiak direla berdinak» gehitu du bigarrenak.

Diseinua eta sorkuntza

Diziplinartekotasuna ere balioa dela uste dute. Lan oso ezberdinak egiten dituzte, liburu bat maketatu, sukalde bat diseinatu edo eskultura-instalazioak sortu. Diseinuaren eremua eremu zabalaren isla da hori: «Guretzat ogibide bat da, hori lehen gauza. «Diseinu eskoletan esan ohi da, baita ingeniaritzan ere, diseinua arazo bat konponbidea bilatzea da. Normalean, arazo horren diseinuarekin du zerikusia. Arazoa planteatzen zaigu eta guk soluzioa bilatzen dugu». Argi dute diseinuak dimentsio kultural garrantzitsua duela: «Kultura gizakiak bizirauteko bere ingurumenarekin egiten duena da. Diseinua definizio horretan sartzen da».

San Telmo Museoko Heriotza. Ante la muerte erakusketako museografiaz arduratu ziren Gomez eta Muñiz (Marmol Estudio)
San Telmo Museoko Heriotza. Ante la muerte erakusketako museografiaz arduratu ziren Gomez eta Muñiz (Marmol Estudio)

Irtenbideen bilaketa horretan, artea edo sorkuntzarako tarterik ba ote den galde diezaiokegu gure buruari. Muñizek azaldutako moduan, Marmol Estudioko proiektuetan hainbatetan egin dute lan artista eta sortzaileekin. «Guretzat gehienetan oso positiboa izan da eta pila bat ikasi dugu». Izan dira salbuespen izan den kasuren bat artistak «bereak soilik balio duena pentsatu eta diseinuaren bolantea» hartuta «dena pikutara bidali» duenik. Baina beste esperientzia guztiak «oso aberasgarriak izan dira» gehitu du Gomezek. «Normalean sentsibilitate estetiko bat dago» proiektuetan, «gu beti sartuko gara ekuazioan teknikari moduan gure arloan, baina irizpide estetiko batekin. Oso gertu daude beraz artea eta diseinua. Baina guk ez ditugu galderak botatzen. Hori arteak egiten du».