Kazetaria / Periodista

Demokratak, itxaropentsu bezain urduri

Astearteko hauteskundeek AEBko panorama politikoa iraul dezakete. Hori da demokraten eta Trumpen aurkarien itxaropena. Hark Etxe Zurian jarraituko du, baina oposizioak kontrolatutako Kongresu batek orain arteko jarduna aztertu eta irregulartasunak mahaigaineratzeko aukera izango luke.

James Talarico artzainak azken 30 urteetan lehen aldiz Texasen senatari kargua demokraten esku utzi nahi du.
James Talarico artzainak azken 30 urteetan lehen aldiz Texasen senatari kargua demokraten esku utzi nahi du. (Chip SOMODEVILLA | AFP)

Ameriketako Estatu Batuetako egutegi politikoan asteartea ageri da markatuta hauteskunde egun bezala, baina, egia esan, 43 milioi lagunek bozkatu dute jada aurretiaz. Egin kontu, duela lau urte Joe Bidenen agintaldiko midterms bozetan, 112 milioi lagunekoa izan zen parte hartze osoa (hauteskunde presidentzialetan baino baxuagoa izan ohi da). Oraingo honetan, azarora iritsi gabe, orduko kopuruaren herenak aurretiaz bozkatzea erabaki du.

Hutsean inoren alde egiten ez duten zenbaki soilak izan arren, demokratek badakite alde dutela haizea, eta parte hartzearen datua bera datu positiboa dela eurentzat. Hala ere, batek baino gehiagok bi elementu nabarmendu ditu: lehena, inkestek kale egin dezaketela, eta Donald Trumpek inkestek diotena baino emaitza hobeak lortu ohi dituela; bigarrena, Kongresua iraultzea oso garrantzitsua izango litzatekeela begi bistakoa izan arren, Etxe Zuriko panorama ez lukeela berez aldatuko.

Eta elementu biei lotuta, hirugarrena gehi dakioke: inkestek horren garaipen handia iragartzen dizutenean, azkenean espektatibak baino garaipen txikiagoa lortzeak etsia ekar dezakeela.

Texas horren adibide, urteetan ibili baitira demokratak sinetsita aldaketa demografikoak -biztanle latinoen hazkundeak- balantza euren aldera mugituko zuela. Baina Texasek errepublikano bozkatzen jarraitu du. Asteartean, arreta handienetakoa izango duen estatua izango da, senatari bat lortzearen garrantziaz haratago, joera historiko baten aldaketa adieraz dezakeelako.

MUGARRI BERRIAK

Ohikoa da AEBko bozetan estatuz estatuko gainbegirada izatea, leku zehatz batzuetan gertatzen denak herrialde osoari eragin diezaiokeelako. Texas bihurtu da sinbolo horietako bat; James Talarico demokrata moderatua egiten ari den kanpainak Ken Paxton errepublikanoaren aurretik kokatu baitu azken inkestetan.

Beste fokua, demokratek ezinbestean irabazi beharreko estatua, Michigan da. 2024an Trumpek irabazi zuen, besteak beste Detroit kanpoaldeko Dearnbornen dagoen arabiar eta musulman komunitateak neurri handi batean bizkarra eman zielako demokratei. Gaza txikitzeko armak saltzen zizkion Gobernuaren alde bozkatzeari uko egin zioten.

Orain, komunitate horretako figura nabarmen bat historia egiten ari da, Abdul El Sayed. Lehendabizi abuztuan egin zuen, Aipac Israelen aldeko lobbyak babestutako hautagai zentrista gainditzea lortuta. Ez hori bakarrik, lobbya bera elementu toxiko bihurtu zuen, eta bere mezua era egokian modulatzeko lehen probalekua izan zuen.

Antisemita edo Israelen aurkako izatearen salaketen aurrean, dirua atzerriko Gobernuak armatzeko erabiltzea salatu zuen, eta Michiganen geratzea aldarrikatu zuen, eskola edo osasun zerbitzu hobeak izateko (medikua da bera).

Orain, kanpainan, are nabarmenago lortu du mezu hori zabaltzea, etengabe hedabideetatik nazioarteko politikaz galdetzen tematzen ziren bitartean, Michiganeko biztanleen eguneroko gaiak mahai gainean jarriz.

Errepublikanoek ordaindutako gazte bat El Sayeden agerraldi batera joan zenean, ustekabean islamaren inguruko galderekin harrapatzeko asmoz, hautagai demokratak argudioari buelta ematea lortu zuen. AEBko Konstituzioak erlijio askatasuna bermatzen duela gogorarazi ostean, bere fedea legeetan sartu nahi dutenak muturreko kristauak direla geratu zen agerian.

Ikusi beharko da horrek guztiak balio izan ote duen demokraten sektore eskuindar eta Israelen aldekoenak El Sayedekiko errezeloa gainditzeko, eta lehen senatari musulmana bihurtzeko.

Ez litzateke datorren legealdian historia egiten duen lehena izango: Peggy Flanagan itxura guztien arabera senatari hautatuko dute Minnesotan. Lehen senatari indigena emakumea izango da, Bernie Sandersek, Zohran Mamdanik eta Alexandria Ocasio-Cortezek ordezkatzen duten korronte progresistan ordezkari garrantzitsu bat gehiago. Bai Flanaganek bai El Sayedek “demokrata sozialista” terminoa errefusatu dute, horratik, AEBko Midwest eskualdean bozetan onura baino kalte handiagoa dakarrelakoan.

Flanaganekin batera, badago bigarren emakume indigena bat senatari bihurtzeko aukera ere, Minnesotan baino estuagoa egon arren lehia: Mary Peltola bidal dezake Alaskak Senatura. AEBko sektore ezkertiarrenetik urrunago dago Peltola, eta Alaskari dagozkion gaietan zentratu du kanpaina.

Edonola ere, demokratek Kongresuaren kontrola lortzen badute, balizko garaileen kanpainak lehia luze bati irekiko dio atea: 2028ko hauteskunde presidentzialetaraino doana. 2024ko porrot mingotsaren ostean, eztabaida ideologiko sakona bizi dute demokratek, eta Trumpen aurkako oposizioak, oro har.

Mamdaniren duela urtebeteko garaipenak demokrata sozialisten sektorea bultzatu zuen, eta litekeena da Kongresuan are indar handiagoz sartzea oraingoan. Datozen urte bietan oreka hori eta Etxe Zuria berreskuratzeko estrategia uztartu beharko dituzte.

KONGRESU DEMOKRATA BATERANTZ?

2024an errepublikanoek erabateko boterea hartu zuten: Etxe Zuria eskuratzeaz gain, Kongresuko bi ganberak euren esku geratu ziren. Hala, Donald Trumpek ia inolako aurkakotasunik gabe gobernatu ahal izan du; gizarte zibiletik auzitara joatea izan dute ia alternatiba bakar.

Eta behin-behinean erabat ilegalak ziren neurri batzuk epaileek geldiarazi badituzte ere, oro har Trumpekin lerrokatuta dagoen sistema bat ari da nagusitzen, Auzitegi Gorenean batez ere. Kongresu demokrata izanda, eta Etxe Zuria eskuratuko balute ere bi urte barru demokratek, kostako zaie sistema judizialean kokatu diren epaile eta ideia atzerakoiak atzean uztea.

Orain, inkestak betetzera, Trumpen jarduna mugatzeaz gain, bi urteotako gehiegikeriak, jardun ilegalak eta nabarmen ustelak izan ziren ekintzak fiskalizatzeko unea izan liteke. Ez agintaldiaren azken bi urteetan egin asmo dituenak oztopatzeko edo galarazteko soilik, baita orain artekoaz kontuak eskatzeko ere.

Trumpek, pertsonalki edo seme-alaben bidez, agerian eta publikoki egin die mesede bere interesei, bere enpresa eta egitasmo pribatuetara bideratuz milioika dolar. Demokratek argi utzi dute Trump familiaren enpresa-inperio zabalarekin egindako akordio milioidunak izango direla hasierako ikerketen jomuga nagusiak.

Trumpen Administrazioaren eta kriptomoneta enpresen arteko loturak Kongresuaren ikerketarako aztergai nagusietakoak izango dira, baita Jared Kushner presidentearen suhiaren nazioarteko negozio harremanak ere. Abdul El-Sayedek, Trumpen eta errepublikanoen arrazakeria salatzean, behin baino gehiagotan azpimarratu du azpian dagoen hipokrisia. Elementu nabarmena Qatarrek Trumpi Air Force One gisa erabiltzeko oparitutako 400 milioi dolarreko hegazkina da. Atzetik, Trump familiarekin lotura duten enpresei milioika dolarreko defentsa kontratuen esleipena. «Harrigarria iruditzen zaidana ez da soilik Administrazio hau, baita presidentea eta haren familia ere, ustelak izatea eta beren mesederako jardutea; baizik eta hori guztia lotsagabekeria osoz eta modu agerian egin dutela», esan zion BBCri Suhas Subramanyam Ordezkarien Ganberako hautetsi demokratak.

Ez dira demokraten agendan Kongresurako gordeta dituzten gai bakarrak. Testosteronaz lepo baina gainerakoan huts samar dabilela erakutsi duen Pete Hegseth Gerrako idazkaria ere ikerketapean ezartzeko gogorik ez da falta, Pentagonoarekin daukan jarrera ikusita. Baita immigrazioaren gaia, eta ICEren rola ere, noski. Eskubide zibiletan azken urteotako urraketa handienetakoaren aurrean, demokraten fiskalizazioak sinesgarritasunean eragingo du.

Azkenik, Trump bera kargugabetzeko prozedura bat izan lezake horrek guztiak ondorio, mundu guztiak ez duen arren argi hori bideragarria ote den. Sektore progresistenak horretarako aski argudio badaudela sinetsita egon arren, Kongresuko beste hautetsi batzuek ez dute uste agintean bi urte geratzen zaizkion presidentea kargugabetzeko ahaleginak horrenbesteko onurarik izango duenik, lehen ere kale egin duela jakinda.

PATRIKARA BEGIRA

Donald Trumpek mezu sinple eta zuzenetan oinarritu izan ditu bere kanpainak. Etorkinak arazo, eta bera konponbide. Prezio altuak, eta berak jaitsiko ditu. Egiari zor, boterean dauden alderdi gehienek uste dute estratega bikainak izan direla horra iristeko. Joe Bidenek, ordura arteko politikan aldaketa nabarmena eginez, Saudi Arabiara jo zuen 2022ko ekainean, progresista askok kritikatu zuten bidaia batean. Bazekien, galoi bat gasolina lau dolarretik gora egonda (dolar bat pasatxo litroko, baina hori asko da AEBn), oso zail zeukala emaitza onik lortzea. Riad petrolioa punpatzen hasi zen, prezioek udazkenerako apaltzea lortu zuten, eta oso midterm txukunak izan zituzten demokratek. Hainbesteraino, ze Bideni otu zitzaion ideia ona zela bigarren agintaldi batera aurkeztea, gerora argi geratu zen ondorio tamalgarriekin.

Eskuinak sarritan saltzen duen mezua da, ezkerreko ustezko nagusitasun moralaren aurrean, ekonomikoki eraginkorra dela, herritarren patrikari eragiten dioten auziak konponduko dituztela. Orain, inflazio altua eta gasolina are garestiagoa dira errealitatea. Mezu sinple batean bilduta zer dagoen horren jatorrian: Trumpen muga zergak eta, batez ere, Irani gerra egitea; errepublikanoentzat ezin kaltegarriagoa ari da izaten. Fox kate eskuindarraren inkesta batek, inflazioaren inguruko Trumpen onespena ehuneko 22an kokatu du. El Sayeden lorpen handienetakoa mezu hori errepikatzea eta Michiganeko herritarren oinarrizko interesetara bideratzea izan da.