
Beldurra, odola eta umore beltza uztartuko dira gaurko programazioan. ‘River’ film estatubatuarrak tentsio psikologikoa eta slasher generoa ekarriko ditu pantailara; Zeelanda Berriko ‘Black Sheeps’ lanak, berriz, ardi hiltzaileen istorio zentzugabearekin barre eta izuaren arteko mugak lausotuko ditu. Eguna amaitzeko Gau Beltzaren ospakizunak hartuko du lekukoa, ‘Ghost in the Cell’ eta ‘Sting of Death’ filmeekin.
Beldurra urertzean
‘River’ filmak irekiko du gaurko eguna, Joshua Giulianok idatzi eta zuzendutako lehen film luzea; slasherraren eta drama familiarraren artean mugitzen den proposamena da.
Aita hil ondoren, Lucy (Jane Levy), Carla (Jessica Rothe) eta Drew (Max Mattern) anai-arrebak berriro elkartuko dira, haurtzaroan hain garrantzitsua izan zen ibaian aitaren errautsak zabaltzeko. Agur xumea izan behar lukeena, ordea, bizirauteko borroka bihurtuko da: ontzia ibaian harrapatuta geratuko da, eta mozorrotutako pertsona bat haien mugimenduak zelatatzen hasiko da urertzetik.
Slasher generoan ohikoa den premisa horretatik abiatzen da Giuliano, baina bestelako lurralde interesgarrietan ere barneratzen da. Iraganeko zauriek eta galerek markatutako familia baten barrura eramango gaitu filmak, non protagonistek beren arteko gatazkei ez ezik iluntasunetik azaleratzen den mehatxu bati ere egin beharko dioten aurre.
Filmaren lehen zatian, atmosfera ilun eta kezkagarri batean murgiltzen gaitu zuzendariak. Isiltasunak, paisaiaren bakardadeak eta mehatxuaren presentziak tentsioa pixkanaka eraikitzen dute, ikuslea gertatuko denaren zain mantenduz. Bigarren zatian, aldiz, filmak norabidea aldatzen du, eta girotze psikologikoari lekua kentzen dio slasher odoltsuago batek. Indarkeria areagotu egiten da, eta biziraupenaren aldeko borroka bihurtzen da kontakizunaren ardatz nagusia. Aldaketa horrek erritmoa bizkortzen badu ere, hasierako atmosferaren indarra eta misterioaren erakargarritasuna neurri batean galtzen dira.
Slasher atmosferiko eta bisualki iradokitzailea da, eszenaratzean eta giroaren eraikuntzan aurkitzen duena bere nortasunik bereizgarriena.
Ardi hiltzaileak Zeelanda Berrian
‘Black Sheep’ (2006) estreinatu eta hogei urtera, Jonathan King zinemagile zeelandaberritarrak beldurrezko zinemaren unibertso zentzugabeenetako bat berreskuratu du. ‘Black Sheeps’ aurreko filmaren jarraipena da, eta Zeelanda Berriko landa-eremura itzuli da, itxuraz kaltegabeak diren ardiak uste baino askoz arriskutsuagoak izan daitezkeela erakusteko.
Istorioan, zientzialari gazte bat patogeno arriskutsu bat ikertzen ari da. Ikerketak sekretuz beteriko lurralde batera eramango du, non sekta beldurgarri batekin, higiezinen sustatzaile baten interesekin eta debekatutako eremu batean ezkutatzen diren mehatxuekin egingo duen topo. Azken horiek bi hamarkadaz egon dira bertan, hazten eta garatzen.
Kokalekuari eta egungo gizarteari dagokienez, zuzendariak azaldu du «filmak 2026ko Zeelanda Berria hobeto islatzea bilatzen du. Horretarako, pandemiak eragindako aldaketak, klima-aldaketaren inguruko kezka eta informazio zientifikoa jasotzeko eta partekatzeko modua hartzen ditu hizpide». Kingen esanetan, «sagaren unibertso imajinarioak, bere arau zientifiko bereziekin, absurdoa are urrunago eramateko aukera ematen du, beldurra eta komedia muturreraino eramanez» .
B serieko beldurra, umore beltza eta gorea gustuko dituztenentzat bereziki pentsatutako proposamena da ‘Black Sheeps’. Ardi hiltzaileen premisa zentzugabea abiapuntu hartuta, Kingek izua eta umorea uztartzen ditu, naturaren manipulazioari eta zientziaren erabilerari buruzko kezkak ere kontakizunean txertatuz. Oso dibertigarria.
Gau Beltza, beldurrezko bi filmekin
Urriaren 31 dela aprobetxatuz Gau Beltza ospatuko dute gaur, urtero bezala. Giro berezi eta beldurgarri horretan, mozorro lehiaketak emango dio hasiera gauari. Ondoren, bi film proiektatuko dituzte: ‘Ghost in the Cell’, Indonesia eta Hego Korearen arteko koprodukzioa, eta ‘Sting of Death’ (1966), azken hori lehiaketatik kanpo.
‘Ghost in the Cell’ espetxe batean girotuta dago, eta umore beltza eta beldurra uztartzen ditu. Indar ikusezin bat presoak bortizki hiltzen hasten denean, etsai diren taldeak eta guardia ustelak elkarlanean aritzera behartuta daude, bizirik irauteko. Mehatxu misteriotsuak espetxeko botere-harremanak hankaz gora jarriko ditu, eta indarkeria eta tentsioa areagotuko dira.
‘Sting of Death’, berriz, William Grefe zuzendari estatubatuarraren 1966ko filma da, Z serieko beldurrezko zinemaren kutsu nabarmenekoa. Istorioan, unibertsitateko ikasle-talde bat Floridako Everglades eskualdera joango da udaberriko oporretan. Han, Richardson doktorea bizi da, marmokak aztertzen dituen itsas biologo ospetsua. Bi laguntzaileren laguntzaz egiten ditu ikerketak, baina zientzialariaren lanak eta esperimentuek ustekabeko ondorioak ekarriko dituzte.

Feijóo emplea una ikurriña mal dibujada para «evitar que Bildu tenga más fuerza en Madrid»

40.000 personas alzan la voz para «convertir nuestros sueños» en «las pesadillas» del fascismo

El empujón del ertzaina a una huelguista el 11N que causa indignación en redes

El vasco más rico del mundo vive en Suiza y basó su fortuna en el petróleo y el zinc

