Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Apokalipsia eta ‘body horror’-a hirugarren egunerako

Gaurkoan, beldur apokaliptikoa eta ‘body horror’-a izango dira protagonista: alde batetik, AEBtako herri txiki batera iritsiko den amesgaiztoaren kontakizuna, ‘The Glorious Dead’’ bestetik, lan-munduaren indarkeria gorputzaren eraldaketaren bidez salatzen duen ‘Sanguine’.

Margot, ‘Sanguine’ filmeko rotagonista
Margot, ‘Sanguine’ filmeko rotagonista (La Petite Boîte, Trésor Films)

Donostiako Beldurrezko Astearen gaurko programazioak beldurra baliatuko du gure garaiko zauriak eta ezinegonak azaleratzeko. Gorputza laneko indarkeriaren isla bihurtuko da ‘Sanguine’ filmean; ‘The Glorious Dead’ filmak, berriz, munduaren amaieraren atarian kokatuko gaitu, apokalipsiaren, erlijioaren eta gizartearen beldurren arteko bihurgunean. 

Gorputza laneko indarkeriaren agertoki

David Cronenberg bezalako zuzendarien eskutik, body horror azpigeneroa 1970eko eta 1980ko hamarkaden artean finkatu bazen ere, azken urteotan susperraldi nabarmena izan du. ‘The Substance’, ‘Together’, ‘Titane’, ‘Alpha’ edo ‘The Ugly Stepsister’ filmek erakutsi dute , gorputzak eszenatoki ezin hobea izaten jarraitzen duela gure garaiko neurosiak, beldurrak eta obsesioak azaleratzeko. Ildo horretan kokatzen da ‘Sanguine’, Marion Le Corroller zuzendari frantziarraren film luzea. 

Filma Canneseko Zinemaldiko Séances de Minuit sailean estreinatu zen, thrillerra, beldurrezko zinema, akzioa eta proposamen erradikalagoak biltzen dituen atalean. 

Margot da istorioaren protagonista, larrialdietako zerbitzuetan praktikak egiten ari den medikuntzako ikaslea. Lan-erritmo frenetikoari aurre egin behar dio, baina nekea ez da haren kezkarik handiena. Bere adineko hainbat pazientek sintoma harrigarriak dituzte, azalpen klinikorik aurkitzen ez dutenak. Diagnostikoaren eta errealitatearen arteko mugak lausotzen diren heinean, Margot izututa ohartuko da bere gorputza ere gaixotasun misteriotsu horren zantzuak erakusten eta haren ondorioak erreproduzitzen hasten dela. 

Horrela, -Sanguine’-k akidura profesionala esperientzia fisiko eta lazgarri bihurtzen du, lan-munduaren eskakizun gero eta zorrotzagoei buruzko begirada kritikoa eskainiz. Gorputzaren eraldaketa lan-baldintza jasanezinen ondorioak adierazteko modu bat ere bada. 

Zuzendariak berak azaldu duenez, filma esperientzia pertsonal batetik sortu zen. «Salatzen dudan lan-indarkeriaren parekoa izatea nahi nuen indarkeria bisuala», adierazi du. Le Corrollerrek bost urtez lan egin zuen finantza-sektorean, eta burnout edo laneko akidura-sindromea pairatu zuen. Bizipen hori abiapuntu hartuta, izuaren eta umore beltzaren bidez erakutsi nahi du nola barneratzen eta normalizatzen ditugun lan-ingurune kaltegarriak, baita gure osasuna arriskuan jartzen dutenean ere. Filmak gorputza bera bihurtzen du lan-sistemaren indarkeriaren lekuko eta ondorioen agertoki. 

Hildako loriatsuak

‘The Glorious Dead’ filmean, beldur apokaliptikoa Estatu Batuetako herri txiki batera iritsiko da. Sheriff bat eta haren laguntzaile gaztea mundua modu ulertezinean aldatu dela ohartuko dira: odola iturrietatik ateratzen da, biztanleak desagertzen dira eta izaki beldurgarriak basoan dabiltza. Eguerdia iristean, hildakoak berpiztu egingo dira. John Adamsek eta Toby Poserrek zuzendutako filmak beldurra umore beltza eta erreferentzia erlijiosoak uztartzen ditu, munduaren amaieraren ikuspegi kezkagarria eskaintzeko.

Toby Poserrek azaldu duenez, familia baten inguruko istorioetatik komunitate oso baten bizipenak ardatz dituen kontakizun batera egin nahi izan dute jauzi. Zuzendariaren hitzetan, «Estatu Batuetan esnatzeak dakarren sentsazioari buruzko elkarrizketa kontzeptual eta bisual bat» sortu nahi zuten. ‘Fargo’ filma eragin garrantzitsua izan dela ere adierazi du, eta kristau tradizioko elementuetatik abiatuta izu erlijiosoa esploratzeko interesa izan dutela.

Adierazpen horiek filmaren asmoa ulertzen laguntzen dute: irudi groteskoen eta egoera beldurgarrien atzean, egungo gizarte estatubatuarraren beldurrak, zatiketak eta gatazkak azaleratzea.