8.000 ertzainekin konforme ez eta 9.000 eskatu du Euspel sindikatuak
Ertzainen kopurua 8.000ra igotzeko akordioa bultzatuko duela iragarri du Lakuako Segurtasun Sailak, horren beharra justifikatu gabe. Euspel horren alde egin du, baina jada ez dela nahikoa adierazi du aldi berean, eta 9.000 izatea aldarrikatu du.
Euspel sindikatuak ertzainen kopurua 9.000ra igotzeko eskatu du ostegun honetan, nahiz eta oraingoz Segurtasun Sailak gutxienez 8.000ra igotzeko iragarri duen planaren alde egin duen.
Ohar baten bidez, sindikatuak joan den asteazkenean Ertzaintzaren Kontseiluan hartu zuen posizioaren berri eman du. Bertan 8.000 ertzainetara iristen saiatzeko Enplegu Planaren bide orria aurkeztu zen, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak aurretik jakinarazi zuenez.
8.000ko kopuru hori 2005. urtean adostu zuten Estatuko eta Lakuako gobernuek, eta horri eutsi egin zaio orain, nahiz bi hamarkadotan gauzak nabarmen aldatu diren. Besteak beste, ETAren jardun armatua desagertu egin da, eta erakundeak berak ere bere zikloa amaitutzat eman zuen.
«Horren alde bozkatu genuen, baina 9.000ko helburua eskatzen jarraitzen dugu, oinarrizko dokumentazioa jaso eta plana eztabaidatzeko bilerak hasi bitartean», adierazi du Euspelek.
Soldatak igotzeko akordiotik kanpo
Honezaz gain, Euspelek jakinarazi du Segurtasun Sailak eta ErNE, ESAN eta SiPE sindikatuek martxoaren 14an Ertzaintzaren Negoziazio Batzordearen esparruan sinatu zuten 2025-2028ko Akordio Arautzailea ez dela uda arte aldizkari ofizialean argitaratuko.
Akordio horren bitartez ertzain bakoitzak gutxienez 350 gehiago kobratuko ditu hilero, hemendik 2028ra bitarte adostu diren onuren bitartez. Gainsarien bidez gauzatuko da igoera hori: batzuk nabarmen igo dituzte, eta beste batzuk orain sortuko dituzte helburu horrekin.
Kalte-ordainei, karreraren aurrerapenari eta Enplegu Planaren bide orriari buruzko dekretuen aldaketa partzialari buruzko aurreko txostenari dagokionez, Ertzaintzaren Kontseiluak aho batez onartu zuela jakinarazi du Euspelek.
Dena den, sindikatu honetako ordezkaritza abstenitu egin da araudi aldaketak bozkatzean, «arbuio arduratsuaren ekintza» gisa, negoziaketetan parte hartu ez duelako. ErNE, Esan eta Sipe dira akordio hori sinatu duten hiru sindikatuak.
«Ez gaude ados mamiarekin edo formarekin, eta gure jarrerak argi uzten du ez dugula onartzen kolektiboaren atzean ezartzen dena», berretsi du Euspelek. Ertzainas en Lucha deituriko dinamika asindikalak ere adostutakoa ez dela nahikoa adierazi du eta hurrengo urtearen hasieran egitekoak diren Ertzaintzaren hauteskundeetan eragiteko asmoa duela aipatu du zeharka, zehaztapen gehiago eman gabe.