Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.
Azken Hatortxu Rock-en lehen eguna: borrokarako grina eta elkartasuna uztartu dira
Azken Hatortxu Rock izango da egun hauetan Lakuntzak hartuko duena eta lehen egunetik, borrokarako grina eta elkartasuna uztartu dira jaialdiko gune ezberdinetan, bideo laburpen honetan ongi islatzen den legez.
Hatortxu Rock-en 30. edizioaren lehen eguna piztu da Lakuntzan. Eguerditik hasi zen jende oldea ailegatzen, petoa jantzita, irribarrez eta gogoz. Sarrera-guneko lehen besarkadek, lagunen arteko elkarguneek eta muntatutako txosnek argi utzi zuten: herria martxan da berriro, eta azken Hatortxu honetan elkartasun sumendia osatuko da.
Arratsaldean irekitako hasiera ekitaldian, Oihan Ekizak eskerrak eman dizkie Lakuntzako herritarrei eta azpimarratu du «dispertsioa amaitu» dela «baina ez borroka, ezta konpromisoa ere. Hatortxuk agur esango du, baina guk ez».
Ondoren, lehen kontzertuek giroa berotu dute. Barniz taldeak, jaialdiari eskaini dion kantua oholtzan bertan abestuta, plaza dantzan jarri du ustekabean. Musika, aldarria eta festa eskutik helduta hasi dira. Iluntzean, txosnak bizitzen hasi dira, eta eszenatoki nagusiak lehen dardarak eman ditu.
Aurtengo jaialdia ez da soilik agur bat: ospakizun bat da, baina baita zaintzaren espazioa ere. Antolatzaileek argi utzi dute: «Hau gune segurua da denontzat. Ez erasorik, ez bazterketarik».
Lehen egunak erakutsi du: jendea prest dago azken Hatortxu hau bihotzez bizitzeko. Eta hau hasi besterik ez da egin.