
1999an jaio zen Hatortxu. Ehunka euskal herritar zeuden orduan espainiar eta frantziar Estatuetako espetxeetan preso. Ehunka familia astero-astero errepidean milaka kilometro egiten, bisita labur batean maitasun amaiezina helarazteko asmoz. Horrek guztiak eragiten zuen zama arintzeko eta egoeraren salaketa egiteko tresna gisa jaio zen. Eta 26 urte beranduago iritsi da amaiera jartzeko unea. Baita lortutakoa ospatzeko ere. «Hatortxuk lortutako guztia eta, batez ere, herri honek bere lan guztiarekin lortutako guztia ospatzeko unea. Dispertsioarekin amaitu dugu. Iraganeko kontu bat da», adierazi du hasiera ekitaldian Oihan Ekiza antolakuntzako kideak.
Hala ere, Ekizak irekiera ekitaldian adierazi duen moduan, «ospakizuna ez da erabatekoa», oraindik 111 preso daudelako. «Horregatik, konpromiso argi batekin ekingo diogu jaialdiari. Hatortxuk ‘agur’ esanen du igandean. Baina guk ez. Guk astelehenean lanean jarraituko dugu, ‘Hator hator neska mutil etxera’ hori bere osotasunean bete arte. Denak etxera ekarri arte».
Lakuntzako herriari eta herritarrei eskerrak eman dizkie Ekizak. «Eskerrak harreragatik, erraztasunengatik, babesagatik… Antolakuntza, en to Lakuntza!», nabarmendu du, Barniz taldeak jaialdiari eskaini zion abestia ekitaldira ekarriz. Eta jaialdia hilabete askotako lanaren fruitua dela gogoratu du: «Azken aste hauek izan dira Hatortxuren ibilbidearen isla. Zenbat ordu, zenbat lan eta, batez ere, zenbat lagun! Zenbat eta zenbat lagunek jantzi duzuen, jantzi dugun, peto hau. Bakoitza bere aletxoa jarriz, Hatortxu egin eta kartzelarainoko kilometroak desegiteko».
Erasorik gabeko gune segurua
Bestetik, argi utzi du ez direla erasoak onartuko. «Ospatzeko unea da. Eta disfrutatzekoa. Denek disfrutatzekoa. Jaialdi hau pertsona guztientzako gune segurua izatea nahi dugu. Beraz, argibide bakar bat: ez erasotu. Eta ez bazara gai hau betetzeko, orain da unea, jaialdia hasi baino lehen, alde egiteko. Guztientzako espazio libre eta segurua izan behar du Hatortxuk».
Honela, disfrutatzeko eta «herri honen memorian geratuko den jaialdi bat» egitera gonbidatu dituzte bertaratutako guztiak. «Bakoitzak eman diezaiola Hatortxuri eman nahi dion agurra».
Eta ekitaldiari amaiera emateko, auzolanerako deia ere egin dute antolatzaileek. Izan ere, 7.000 lagun baino gehiagok eginen dute posible lau egun hauetako agur festa. «Ereserki bilakatu den abestiak dioen moduan, ‘peto batekin eutsi udari!’», amaitu du Ekizak eta ustekabean taula gainean agertu dira Barniz taldeko kideak, Lakuntzako plaza dantzan jarriz.

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba



