NAIZ

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Mendizale baten gorpua aurkitu dute astelehen honetan Oiartzunen, Aiako Harrian. Igande gauetik ari ziren bere bila, familiak desagerpenaren berri eman ondoren. Iban Apaolaza presoa da, hirugarren graduan zegoena.

Ertzaintzaren helikopteroaren bidez jaso dute gorpua.
Ertzaintzaren helikopteroaren bidez jaso dute gorpua. (@112_SOSDeiak)

54 urteko mendizale bat hilik topatu dute astelehen honetan Oiartzunen, Aiako Harrian. Iban Apaolaza Santxo euskal presoa da, beasaindarra sortzez baina Oiartzunen bizi zena. Duela urtebete inguru hirugarren graduan zen kalean zigorra betetzen, 2008. urtetik espetxe barruan egon ostean.

Igande gauean, 22.00ak inguruan, biktimaren senideek desagerpenaren berri eman zuten, goizean mendira irten eta etxera itzuli ez zelako.

Aurkitzeko laguntza eskatu ondoren, gauerdia baino lehenxeago bilaketa-dispositibo bat abian jarri zen, Lakuako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako teknikari batek koordinatuta.

Dispositiboan parte hartu dute Errenteriako Ertzain-etxeko errekurtsoek, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroak, suhiltzaileek, udaltzainek eta Gurutze Gorriak.

Jakinarazi dutenez, bilaketa lanen ondorioz mendizalearen gorpua gaur goizeko 10.00ak aldera aurkitu dute Aiako Harrian. «Gorpua zegoen lekura iristeko zailtasunak zirela eta, Ertzaintzaren helikopteroak esku hartu behar izan du, eta erreskatatu ondoren, ehorztetxearekin elkartzeko gunera eraman dute», azaldu dute. Biktima Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute.

2008tik 2025era arte espetxean

Apaolaza 2008. urtean atxilotu zuen Quebecen, ETAko kide izatea leporatuta, eta Espainiaratua izan ostean kondena luzea ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Granadan bete zuen denbora gehiena, eta Logroñon eta Euskal Herrian azken zatia. Pasa den urteko otsailean onartu zioten hirugarren gradua. Ez zen EPPK-ko kide.

Soziologian eta Antropologian tituluduna zen Iban Apaolaza. ‘Berria’ egunkariaren Dokumentazio arloko arduraduna zen orain. Gainera, Oiartzun Irratian kolaborazioak egiten zituen, literatura gaien inguruan bereziki. ‘Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak’ liburua argitaratua zuen, espetxetik, baita ‘Hablando con (la) lluvia’ komikia ere.