NAIZ

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko

Orain arte Sorturen Herrigintzako idazkaria izan denak hartuko du Arkaitz Rodriguezek orain arte bete duen ardura, hilaren 21etik 23ra egingo den bozketan onetsia bada, IV. Kongresuaren baitan. Ziklo politiko berrian hazi eta hezitako militantea da. Pello Otxandianoarekin batera ibili da lanean.

Xabi Iraola Larraia.
Xabi Iraola Larraia. (Sortu)

Ziklo politiko berriari hasiera-hasieratik lotutako militante batek hartuko du Sorturen kargu nagusia urtarrilean amaituko den IV. Kongresuan, Sortukideek bozketan berresten badute: Xabi Iraola Larraia igeldoarrak, 1993an jaioak. Bera proposatu du Nazio Kontseiluak alderdiaren koordinatzaile nagusia izateko, NAIZek jakin ahal izan duenez. Arkaitz Rodriguezi lekua hartuko dio, beraz. Duela urtebetetik jakina da Rodriguezek kargu hori utziko duela, EH Bilduren dituen ardura berrietan buru-belarri aritzeko.

Orain arte jada funtzio garrantzitsua bete du Iraolak Sorturen lan jardunean, Herrigintzako idazkaria izan baita [hemen iazko urtarrilean GAUR8n eginiko elkarrizketa, ‘Bidaide’ dokumentuaren harira]. Aurrekoekin alderatuta, nabarmentzekoa da 2011n abiatu zen ziklo politiko berrian guztiz hazi eta hezitako militantea dela. Anekdota edo datu adierazgarri gisa, urte hartan iritsi zen helduarora: lehenbiziko aldiz botoa emateko tenorean izan zenean, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzeko erabakia iragarri berria zuen eta Amaiurren alde egin zuen urte hartako azaroko hauteskundeetan. Geroko bilakaera politiko guztiak ezaugarritu du bere ibilbide politikoa ere.

Igeldoarra izanik, herrian eta gazte antolakundean abiatu zuen, oso gaztetatik bere militantzia. Sorturen Nazio Kontseiluak nabarmendu duenez, «ezker abertzaleak berezko duen herrigintza izan du militantzia eskola, baita belaunaldiartekotasuna ere. Ernairen kasuan, gazte antolakundearen sorrerea prozesuaren parte izan zen, eta zuzendaritzako kide. Haren ekarpena ezinbestekoa izan zen Ernairen lehen urratsetan».

«Arnas luzeko gogoetan oinarritutako politikak ardazten du bere begirada», nabarmendu du Sorturen zuzendaritzak Xabi Iraola proposatzerakoan

Sorturen Herrigintzako idazkaria da egun Xabi Iraola, 2021etik, eta aurretik Gipuzkoako idazkaritzako kidea, herrigintzako ardurarekin han ere. Duela lau urte, Pello Otxandianoren eskutik lekukoa hartzean heldu zion egun duen ardurari, «harekin eta beste hainbat kiderekin urteetako bide emankorra egin ondoren. Izan ere, Sortuk, Euskal Herriak jorratu beharreko eztabaidak aurreratzeko xedez, hainbat hausnarketa estrategiko eguneratu ditu azken urteotan, hala nola euskarari eta hezkuntzari loturikoak. Horietan buru-belarri aritu da Iraola». Arestian aipatutako Bidaide gogoetaren gidarietako bat izan da. Bertan, jatorri eta kultur aniztasunak euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan izan beharreko tokiaz egindako hausnarketa bildu da.

«Nazioa, kultura eta hizkuntza ditu bizigai, herrigintza eta belaunaldiarteko jarduna dira haren ibilbidearen oinarriak, eta arnas luzeko gogoetan oinarritutako politikak ardazten du bere begirada», nabarmendu du Sorturen zuzendaritzak bere proposamenean. Profil hau guztiz egokitzen zaio Sortuk bere buruari eman dion funtzio berrituari, hots, «askapen prozesuaren zuhaitzari sustraiak emateari», koadro politikoak, hausnarketak eta proposamenak sorraraziz. Aurreko astean jakitera eman zen ‘Herri gogoa’ izeneko ponentzia gehiengo zabalaz osatua eta onartua izan dela.

Formakuntza aldetik, Lehen Hezkuntzako irakaslea da Iraola ikasketaz, eta ‘Subiranotasuna Europako herrietan’ graduondokoa du.

IV. Kongresua borobiltzear

Xabi Iraolaren proposamena nabarmenduko da, beraz, asteazken honetan jakitera emango den zuzendaritza berriaren talde osoaren proposamenean. 15 lagunen izen-abizenak argitara emango ditu orduan Nazio Kontseiluak, hilaren 21 eta 23aren arteko bozketei begira. Kongresua hurrengo egunean amaituko da Irungo Ficoban.

Gogoratuko denez, IV. Kongresua urtebetez aurreratzea erabaki zuten Sortuko kideek 2025eko ekainaren 28an, Abadiñon egindako 8. Nazio Konferentzian. Askapen prozesuaren egungo fase politikorako egonkortasuna bilatzeko helburuz ebatzi zuten aurreratzea: «Hego Euskal Herrian 2027ko udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, 2027ko urtarrilean egitekoak ginen Sorturen IV. Kongresua aurreratzea erabakitzeko aski arrazoi badela ondorioztatzen dugu».

Ondoren, irailaren 11n Donostian egindako Nazio Batzarrean onartu zituzten Sortuko kideek kongresurako araudia, kronograma eta Berme Batzordea. Urriaren 22an aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak ‘Herri gogoa’, eztabaidarako oinarria izan den ponentzia. Ostean, 150 herri batzar baino gehiago eta ia 2.000 lagun bildu ditu kongresu prozesuak bi hilabetetan. Abendu amaieran bukatu zuten lehen fasea, hilaren azken asteburuan egindako bozketekin.

Orain azken txanpari ekingo zaio. Irungo Ficoban egingo du antolakundeak batzar-ekitaldia, datozen urteetarako bide-orria eta gidaritza hartuko duen taldea aurkeztuz. Ehunka lagun bilduko dira bertan, tartean, nazioarteko hainbat herrialdetatik bertaratuko diren ordezkari politikoak. Hainbat hilabetetako prozesuaren ostean, askapen prozesua eta herri gogoa bultzatzeko prest eta indartsu izango da Sortu berregokitua.