«Datozen urteetan migrazioaren fenomenoari emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa»
Sortuk “Bidaide” dokumentua aurkeztu berri du, «jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan» aztertzeko. Beste batzuekin batera, Xabi Iraola buru-belarri ibili da horren osaketan.
Migrazioa eztabaidagai nagusietakoa bilakatu da aspaldion. Eztabaida politikoetan, albistegietan edota lagunarteko hitz aspertuetan, maiz ateratzen da gaia: “Migranteak deportatuko ditugu”, egiten du orro ultraeskuinak; “Aurten ere milaka migrante hil dira Mediterraneoan”, dio lerroburuak; “Migranteen erruz euskara galbidean da”, salatzen du osabak; “Ongi etorri errefuxiatuak” bandera eskegi du bizilagunak…
Nondik heldu auziari? Xabi Iraola (Igeldo, 1993) Sortuko Herrigintzako arduradunaren iritziz, «momentu honetan migrazioaren fenomenoari zer begirada eta markotatik erantzungo zaion dago jokoan». Ezker abertzalearena zehazteko eta eztabaidan eragiteko peskizan, Sortuk hiru urtetako barne-gogoeta prozesua egin du eta “Bidaide” dokumentua aurkeztu berri du. «Ukatua eta zatitua den nazio baten begiradatik» abiatuta, izenburutik bertatik hasita, posizio argia finkatzen da bertan: «Bidaide gara hemen bizi eta lan egiten dugun guztiok, geure amets, hizkuntza eta kultura», eta «Euskal Herria elkarrekin pentsatu eta eraiki nahi dugu».
Genealogia propioa
Dokumentuan azaltzen den bezala, honakoa ez da Euskal Herriko lehen immigrazio unea. Hego Euskal Herriaren kasuan, aurretik beste bi une nagusi ere izan dira, gutxienez: lehena XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran gertatu zen, eta nagusiki Bilbon eta Meatzaldean eragin zuen; bigarrena 1960ko eta 1970eko hamarraldian jazo zen, eta lurralde osoan eragin zuen. Batean zein bestean, etorkinak Estatu espainoleko lurraldeetatik etorri ziren nagusiki, industriak zituen eskulanaren beharrei erantzuteko.
Orduko Euskal Herrian «eragin sakona» izan zuen horrek. Datu batek ezin argiago islatzen du hori: 1973an, Hego Euskal Herriko herritarren %53k soilik zituen bertan jaiotako bi guraso. Hau da, hego euskal herritarren ia erdia, «maila batean edo bestean, etorkinen oinordekoa zen».
Testuinguru horretan, «immigrazioen ondorio kultural eta desnazionalizatzaileak azpimarratu beharrean, Euskal Herrira iritsi berriak ziren langileak euskal askapen prozesuaren eta euskal nazioaren parte nola egin hausnartzeari ekin zioten». Garai hartan indarra zuten marxismoaren eta antikolonialismoaren ekarpenak aintzat hartuz, ETAk “euskal herri langilea” kontzeptua sortu zuen horretarako, abiapuntu berria finkatuz: «Euskal Herrian lan egin eta bizi den oro euskal herritarra da».
Hala, nazio askapen mugimendua, amatatu beharrean, berpiztu eta aberastu egin zen. “Euskal udaberri” betean, etorkin eta beraien oinordeko asko batu ziren euskal matxinadara. Horren lekuko da «etorkinen ehuneko oso altuak zituzten herrietan, Orereta edo Hernani kasu, ezkerreko independentismoa garai hartan hartzen hasi zen indarra, eta oraindik ere baduena».
Migrazio berritua
Agerikoa denez, ezker abertzalean hastapenetatik migrazioaren gaia presente egon da. Iraolak azaltzen duenez, baina, «egia da, batez ere ilegalizazio faseaz geroztik, halako eten edo parentesi bat zegoela gai horren inguruko gogoeta estrategikoari zegokionez». Zentzu horretan, oinarrizko hipotesia berresten bada ere, gaiari «begirada estrategiko berritu bat» ematea erabaki dute.
Egoera ere berria baita: «Euskal herritarron jatorriari eta kulturari erreparatuta, inoizko Euskal Herri pluralenean bizi gara. Egungo Euskal Herriaren ezaugarri bat da hori. Eta etorkizunekoarena ere izango da. Izan ere, prospekzio guztien arabera, datozen urteetan migrazio mugimenduek gora egingo dute». Datutan azalduta: gaur egun Euskal Herrian bizi den herritarren ia herena Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da, eta hurrengo 20-25 urteetan 500.000 herritar inguru etor daitezkeela kalkulatzen da.
Gainera, migrazio horrek «ezaugarri berritu eta propioak ditu». Zibilizazio krisia handitu ahala, migraziorako arrazoiak ere biderkatzen ari dira: «Kasu gehienetan bada pobreziatik ihesi datorren migrazio bat, baina areagotzen ari da gerratik ihesi datorren migrazioaren fenomenoa, klima larrialdiaren ondoriozko migrazio bat ere bada…». Ez dira, inondik ere, multzo homogeneo bat: «Jatorriz, beharrez zein ideologiaz, oso-oso migrazio anitza da».
Horrek aurreko migrazio prozesuetan landu gabeko hainbat auzi ere urgaineratzen ditu. Adibidez, «herritartasunaren edo paperen gaia. Kontuan hartu behar dugu XX. mendearen erdialdean Euskal Herrira etorri zen migrazioaren gehiengoa frantziar eta espainiar Estatuetatik zetorrela, eta ez zegoela behar hori. Aldiz, orain ikusten ari gara horrek pisu handia duela, eta beraz, hor erronka berri batzuk ere agertzen zaizkigu, noiz eta guk herritartasun hori, euskal herritartasun hori, emateko aukerarik ez daukagunean». Zaintza kate globalek emakume etorkinengan duten eragina ere aintzat hartu beharrekoa da.
Erronka gisa
Eraldaketa horren aurrean, zer egin? “Bidaide”-n jasotzen denez, hiru aukera daude: «Ez ikusiarena egin, eta errealitate hori existituko ez balitz bezala jokatu; mehatxu gisa ikusi, eta jarrera defentsiboak hartu; edo aukera gisa ulertu, eta gure proiektu nazionala aberasteko eta zabaltzeko bide gisa kokatu». Iraolak azaltzen duenez, hirugarrenaren aldeko hautua egin dute. Izan ere, «gure proiektuaren bideragarritasuna, bai ala bai, hortik pasatzen da. Ez dago proiektu edo prozesu independentistarik fenomeno hau kontuan hartzen ez bada. Alegia, pentsatzen badugu Euskal Estatuaren sortzaileak gaur eta hemen Euskal Herrian bizi garenak garela, eta jatorri atzerritarreko pertsonen erabakimena ere determinantea izango dela, erabakigarria izango da beraiek ere gure proiektu politikoarekin bat egitea eta elkarrekin proiektu bateratu bat eraikitzea».
Kuantitatiboki ez ezik, baita kualitatiboki ere: «herririk gabe ez dago estaturik, eta kohesiorik gabe ez dago herririk. Beraz, kohesioa eraikitzea determinantea da prozesu independentistan. Guk ez badugu kohesioa eraikitzen, pixka bat esajeratuz, ‘ghetto marjinal’ ezberdinez osatutako herri bat baldin badago, ezinezkoa da herri bat izatea eta estatu bat izatea. Orduan, herri kohesioa eraikitzea independentziarako ez dakit bermea izango den, baina horren faltan ezinezkoa izango da». Zentzu horretan, aliantzak josteko apustua egiten du.
Biak batera
Ahalegin horretan, bi joera kezkagarri sumatzen ditu Iraolak. Hasteko, «ikusten ari gara mundu osoan, Europan zehar, eta baita euskal abertzaletasunetik ere badagoela gai honi jarrera edo ikuspegi erreakzionario batetik erantzuteko joera bat. Horri lotuta, gurean ikusten ari gara euskararen ezintasunak migrazioaren bizkar jartzeko joera bat areagotzen ari dela».
Iraolak ulertzen du euskararen ezinekiko kezka, baina ardura lekualdatu egiten du: «Euskararen arazoa da mendeak eta mendeak iraun dituen menperatzeko eta desagerrarazteko prozesu bat; gaur-gaurkoz espainiar eta frantziar Estatuetan garatzen den legedia eta hizkuntza politika; oraindik orain ez dela ofiziala euskararen lurralde osoan; gure hezkuntza sistema ez dela berme bat herri hau euskalduntzeko; euskal irrati eta telebista publikoak ez duela behar adinako konpromisorik eta apusturik egiten herri hau euskalduntzeko… hori dena da euskararen arazoa. Eta testuinguru horretan, migrazioa da erronka handi bat, zalantzarik gabe, heldu egin behar zaiona».
Hori argituta, igeldoarraren irudiko, migranteak euskarara erakartzea da aukera eraginkor bakarra: «Azken boladan posizio defentsiboak ugaltzen ari dira, horiek euskararen eta euskal kulturaren bermea izango balira bezala. Ixtea iraupenerako bermetzat jotzen da, eta, aldiz, posizio irekiak xalotzat hartzen dira. Ez, ez, izatekotan, irekidura hori izango da euskararen biziraupenerako bermea». Abiapuntua ez da txarra, euskararen errealitatea kontuan izanik, migratzaileen artean dagoen euskara ezagutza «nabarmen ona» baita (%32k maila batean edo bestean euskara ulertzen du).
Bestalde, «badago beste diskurtso bat, ezkerretik batzuetan, maila berean kezkagarria dena. Fenomeno honen aurrean ukatzen duena hemen herri ukatu bat eta hizkuntza gutxitu bat dagoela, eta beraz, hori ere aintzat hartu behar dela eztabaida honetan». Hori gutxi ez, eta diskurtso horiek «zapaldua den hori -alegia, euskalduna- askotan zapaltzaile bezala jartzen dute, eta eskubide batzuk beste eskubide batzuen gainetik jartzen dituzte».
Horren aurrean, Iraolaren ustez, ez dago zertan bataren edo bestearen artean aukeratu: «Guk gure proiektu politikoaren sustraietara jo eta biei erantzun behar zaiela planteatzen dugu: migrazioaren fenomenoari heldu behar diogu, batetik, nazio ukatu eta zatitu bat garenaren kontzientziatik, gure behar eta ezaugarri propioak ere kontuan hartuta; bestetik, herritar guztiok eskubide eta betebehar berberak ditugun ideia hori ere gure eginda. Biak. Baina biak batera».
Kulturartekotasuna
Hala egiteko asmoz, kulturartekotasuna eta inklusioa dira “Bidaide”-n proposatzen den ereduaren zutabe nagusietakoak. Iraolak azaltzen duenez, orain arte multikulturalismoaren politikak bultzatu dira Europako estatuetan: «Zuk zure hizkuntza, sinesmen erlijiosoak, eta abar dituzu, beraz, aukera daukazu zure gurtza eremuak eraikitzeko, eta abar…». Alabaina, azken urteetan, horren mugak bistarazten ari dira: «Azkenean, bereizketa politika batean oinarritzen da. Zuri bermatzen zaizkizu zure eskubide nazional-kultural-erlijiosoak, baina zu han eta ni hemen. Hortik datoz ghettoen sorrerak, eta abar». Horren aurrean, «kulturartekotasunak planteatzen duena da, kontzeptuak berak dioen bezala, interakzio bat dagoela hizkuntzaren eta kulturaren artean, elkar aritze, nahaste eta aberaste bat».
Elkarrekintza hori ere sustraien eta irekitasunaren arteko orekan planteatzen da. Iraolak dioenez, batetik, kokagune eta botere erlazio jakinen barruan ulertu behar da: «Kulturartekotasuna ezin da berdin ulertu Alemanian edo Euskal Herrian. Ez da berdina kulturartekotasuna hizkuntza eta kultura hegemonikoak dituen eta estatu baten babes-egitura guztiak dituen herrialde batean, edo bere hizkuntza eta kultura ukatuak dituen eta estatu batek ematen dituen babesak ez dituen herrialde batean. Beraz, guk kulturartekotasuna Euskal Herrian euskararen ardaztasunetik ulertzen dugu. Alegia, kulturartekotasuna ere euskarak eremu berriak irabazteko modu bat izan behar da».
Bestetik, aldebiko nahaste hori egitean, euskara bera ere antzaldatu egingo da: «Datorren migrazio prozesu horren aurrean, zalantzarik gabe, euskarak eta euskal kulturak birkonfigurazio berri bat jasoko dute. Aldatu egingo dira, eta 50-100 urte barru beste gauza bat izango dira. Dramatismorik gabe, ze hori izan da mendeetan zehar. Zuk hartzen baduzu orain dela 500 urteko euskara eta euskal kultura eta gaur egungoa, hor etengabeko birkonfigurazio bat dago. Kultura eta hizkuntza, definizioz, produktu amaigabeak direlako, eta etengabeko eraldaketa prozesuetan daudelako». Eta egon bitez, «bizirik iraungo badu etengabe berritzen ari delako izango baita».
Burujabetza
Hori dena nola gauzatu daiteke? Iraolaren iritziz, beste esparru askotan bezalaxe, «burujabetza eta botere politikoa guk izan behar ditugula aldarrikatu behar dugu, migrazio fluxuak eta jatorri eta kultur aniztasuna kudeatzeko eredu propio, demokratiko eta aurrerazale bat garatzeko. Gure errealitate propioaren araberakoa izango dena, eta, frantziar eta espainiar migrazio politikak ez bezala, antirrazista izango dena».
Bide horretan, “Bidaide”-n lau ildo estrategiko zehaztu dituzte. Lehenik eta behin, Euskal Herria harrera herri bihurtzea. Iraolak nabarmentzen duenez, askotan etorkinek «oztopo legal, ekonomiko eta sozialez beteriko bidea» urratu behar izaten dute. Beraz, funtsezkoa da baliabide material eta juridikoak lortzeko bideak erraztea. Bestalde, ezin da ahaztu Euskal Herria, helmuga izateaz gain, igarobide herrialdea ere badela, eta tartean «inposaturiko muga bat ere» baduela. Zentzu horretan, «bertatik igaro nahi duen edonorentzat pasabide seguruak lortzea ere izan behar da herri bezala daukagun ardura».
Bigarrenik, inklusio sozioekonomikoa bermatzea. Etorkinak, lan bila ez ezik, «bizi proiektu bat martxan jartzera etortzen dira: lanera, bizitzera, harremanak eraikitzera, aisialdira, eskolatzera, kirola egitera, parte hartzera...». Horiek garatzeko aukera izan dezaten, Iraolaren hitzetan, «bazterkeria sozialarekin eta pobreziarekin amaitzea urgentziazkoa da». Halaber, funtsezkotzat jotzen du «elkarrekin bizitzeko eta aritzeko espazioak indartzea, eta isilpekoak eta ez hain isilpekoak diren segregazioekin ere amaitzea».
Horretarako, zenbait bide planteatzen dituzte dokumentuan: hezkuntzan segregazioari buelta emateko neurri eraginkorrak martxan jartzea, herrigintzatik elkarrekin aritzeko elkarguneak zabaltzea, migratuek dakartzaten minak osatzeko bideak eskaintzea, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko borrokan sakontzea… Zentzu horretan, udalgintzak berebiziko papera duela azpimarratzen du Iraolak: «Egia da ez dituztela beste instituzioek adina baliabide, baina gertukoena den instituzioa da, etorkinek lehenengo jotzen dutena, eta hor egiten den lanak indartu dezake pertsona horien inklusioa».
Hirugarrenik, arrazakeriaren kontrako mugimendua indartu nahi dute: «Arrazakeriak aurpegi asko ditu, ez da bakarrik pertsonen artekoa, arrazakeria instituzionala ere badago, azalaren koloreagatik pertsona askok bizi dute zapalkuntza eta diskriminazioa, eta hori gainditzea funtsezkoa da herri-kohesioa eraikiko badugu».
Laugarrenik, «euskara irekitzea, eta atzerritik datozenenentzat euskara harrera hizkuntza bilakatzea» da erronka. “Bidaide”-n azaltzen dutenez, euskara gaur egun ez dago nahi duen ororentzat eskuragarri, eta etorkinentzat maiz oso prozesu konplexua izaten da berau ikastea: kostu ekonomikoa, eskubide zibilak zein denbora falta… hori kontuan izanik, ezinbestekotzat jotzen dute politika publikoen bidez euskara ikasteko doakotasuna bermatzea.
Lerro-artean beste hainbat erronka ere jasotzen dira. Iraolaren ustez, horietan denetan bada kontuan izan beharreko zerbait: ezin da geruzen artean aukeratu, ezta mailaketarik egin ere, «bestela, gai honi partzialki heltzeko arriskua baitago. Gai honek eskatzen du ikuspegi integral batekin jorratzea. Hasi behar da harreratik eta amaitu behar da proiektu politiko batean».
Hurrengo pausoak
Iraolak azaltzen duenez, arrazismoak gizarteko esparru oro blaitzen duen neurrian, horrek ezker abertzaleari berari ere eragiten dio: «Ikuspegi patriarkalak zeharkatzen gaituen hein berean, ikuspegi mendebaldarrak ere zeharkatzen gaitu, eta errealitate honi buelta emango badiogu, hori, besteak beste, gutako bakoitzak edo ezker abertzaleko militante bakoitzak ere gure burua berrikustetik pasako da». Hala izanik, gogoeta estrategikoa amaitzearekin batera, gaiari heldu eta urrats gehiago egiteko konpromisoa hartu dute, «denborarekin subjektu antirrazista» bilakatzeko.
Pauso horietako batzuk datozen asteetan emango dituzte: dokumentua herrietan aurkezten ari dira eta otsailaren 22an Plaza Hutsa egingo dute Andoainen. Gerora ere izango dira gehiago, azken batean, «bideak berak egingo baikaitu herri, egingo baikaitu gu».