NAIZ

‘Egon ez zaren lekuetara itzultzeko’ laburmetraia, Hatortxuk harrerari eskainitako alea

‘Egon ez zaren lekuetara itzultzeko’ laburmetraia estreinatu du igande iluntze honetan Hatortxu Rock jaialdiak, etxera itzultzeak behar duen harrera duinean fokua jarriz eta «gatazka politikoak eragin dituen errealitate pertsonal eta kolektiboak» plazaratzearen beharrari ahotsa emanez.

Bere 30. eta azken edizioan, beste ale bat gehitu dio bere legatuari Hatortxu jaialdiak: ‘Egon ez zaren lekuetara itzultzeko’ film laburra, etxera itzultzen direnen harrerari begiratzen dion lana. Eman beharreko «harrera duin» horretan, egunerokoan aurrera egiteko, baliabideak eta sarea bermatzearen garrantzia azpimarratu dute.

YouTube kanalean estreinatu dute lana gaur iluntzean, baina aurretik, Lakuntzako Kultur Etxean aurkeztu dute filma, igande honetan bertan. Ekitaldian, uztailaren 24an hasiko den elkartasun jaialdiak ardatz izan dituen balioak nabarmendu dituzte, eta gatazka politikoak eragindako errealitateak plazaratzearen beharra defendatu dute.

«Auzolanean oinarritutako 25 urtetako ibilbidea balorean jarri eta merezi bezala agurtzeaz gain, gaur egun euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoak dituzten beharrak mahaigaineratu nahi izan ditugu», adierazi dute proiektuan parte hartu duen taldeak.

Filmak dispertsioaren amaierarekin, etxerako bidea hasita dauden lagunen harreran jartzen du azpimarra. «Harrera duin bat egiteaz ari gara, egunerokoan aurrera egiteko baliabideak eta sarea bermatzeaz alegia», zehaztu dute.

Itzulerarekin lotutako egoera horietan murgiltzen da Iñake Irastorza aktorea protagonistetako bat duen film laburra. Hirugarren graduan egonda bere ilobarekin mendira doan presoa haragitu du aktore ezagunak. Karla Ruiz da izebaren ondoan dagoen gaztea, «harrera behar horiei erantzuteko» beharrean aurkizten dena.

«Gailur batean bezala»

Egoera horretan dagoen presoa «gailur batean bezala, aurrean amildegi bat duela» bere «beldur, duda eta antsietatearekin» imajinatu du Irastorzak. Aurkezpenean kontatu du ahalegindu dela «antsietate hori, beldur hori, noraez hori» adierazten. 

«Pentsatzen dut badakizula kalera ateratzen zarenean gizarte arrotz bat ere topatuko duzula, zu ere ez zarelako sartu zinean bezalako, eta elkar ezagutza hori nolakoa izango ote den, adibidez, nire ilobarekin. Nire iloba ni barruan nengoela jaio zen eta lehenengo aldiak dira horrela gaudela. Nola finkatu ilusio berri horiek. Ez zait batere erraza iruditzen», adierazi du aktoreak.

Une zail horiek interpretatzeak eta bi protagonistak emakumeak izateak bultzatu zuen proposamena onartzera. Talde gazte batekin lan egiteak sortu zion «ilusioaz» ere hitz egin du Irastorzak, «elkarrengandik ikasteko, pasa zenetik ikasteko eta helduok gazteen indarra ere xurgatzeko». «Gizartea gero eta bakartiagoa da, baina bakarrik ez goaz inora», gaineratu du.

Lanaren egituraren inguruan azaldu dute «literala baino iradokitzaileagoa den gidoian», esanahi berezia daukala denborak. Espetxera lotara itzuli behar izatearen ezinegonak eta presak eta «kalea zapaltzearen poztasuna» nahasten zaizkiola protagonistari.

Aurkezpenean, film laburraren proiektuaren inguruan auzolanean ibili den taldeko kidea den Jon Sesmak hartu du hitza. Azpimarratu duenez, «gauza erraldoia da» Hatortxu Rock, eta azken lan honekin «kontakizunari ale bat gehiago jarri nahi izan diogu, bultzada bat».

Jaialdiaren filosofia jarraituz, auzolanean eta borondatezko lanean oinarritu da filmaren ekoizpena, «gidoitik hasi, grabaketatik segi eta azken ekoizpen lanetaraino». Horrekin lotuta, gero eta indar gehiago duten joera indibidualisten aurrean, proiektua aurrera ateratzeko lanean egon direnen pertsonen ekarpena eskertu dute, «herri honek bizi duen gatazka politikoak eragin dituen errealitate pertsonal eta kolektiboak» kontatzearen beharra azpimarratuz.