Ribabellosan zegoen Osborneren zezena eraitsi dute Ernaiko kideek, ohar batean azaldu dutenez. Ekintza ostegun gauean egin dute.
«Osborneren zezenak Euskal Herrian egon diren ikur arrotzak dira, espainolismoaren ikurrak diren heinean. Gazteek, aste honetan zehar, hainbat ekimen egin dituzte, bai ekimen nazionalak eta baita auzo eta herrietan egin dituzten ekintzak eta markajeak», azaldu du Ernaik oharrean.
«Guztiak abian duten kanpaina politiko komunikatiboaren baitan burutu dituzte, independentziaren aldeko eta espainolismoaren kontrako ekimenak izanik. Gazteek azpimarratzen dute, zapalkuntzarik gabeko herria eraiki eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko independentzia beharrezkoa dela. Horregatik, kaleetan dauden ikur espainolistak markatu dituzte aste guztian zehar», nabarmendu du Ernaik.
Tuteran ere egin zuten
Iazko urrian Tuteran zegoen Osborneren zezena ere lurrera bota zuten Ernaiko kideek espainolismoaren kontrako ekintza zela nabarmenduz. Urriaren 12an Tafallan manifestazio nazionala deitu zuen Ernaik hispanitatearen kontra egiteko.
Tuterako alkate Alejandro Toquero (UPN) haserre bizian izan zen. «Espainia bultzada batekin erortzen dela uste baduzue, jai duzue», bota zien Ernaiko kideei.
«Nafarrak eta espainiarrak izateaz harro gaude. Nahi dituzuen zezenak bota ahal dituzue, baina zezen hori intoleranteek botatzen duten aldiro altxatuko dugu», gaineratu zuen Toquerok.
Zezena altxatu izanaren berririk ez dago.
Igeldoko gurutzea bota du Ernaik
Bestetik, Ernaik Igeldoko mendi tontorrean dagoen gurutzea eraitsi du. Irutxuloko Hitzan jasotako informazioaren arabera, Mendizorrotzeko gurutzea errekete bat oroitzeko eraiki zuen Udalak. «Ekintza honekin argi utzi nahi dugu elementu frankistek gure auzo eta hirian tokirik ez dutela», adierazi du gazte antolakundeak.
Azken ordukoa | Igeldoko gurutze frankista bota du Ernai gazte antolakundeak. Horretaz gain, udaletxean dagoen Espainiako bandera kendu dute gazte independentistek. https://t.co/851bUsELKq
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) December 5, 2025
Gainera, Donostiako Udaletxetik espainiako bandera kendu dut Ernaik. «Asimilaziora kondenatu nahi gaituzte, baina beste behin ere gazte independentistok erakutsi dugu, eta behar bezainbeste alditan frogatuko dugu herri honek etorkizuna duela, gazte belaunaldi berriak prest daudela herri honen askatasunaren alde edozer egiteko».

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

Venezuelan hil da Xabier Arruti Imaz Lazkaoko iheslari ohia

La Generalitat reclama casi 800.000 euros a una monja de Araba por el caso de Sixena

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

