Eszena lokala babesteko asmoz, #ArteakIrekia traola sarean musika doinuz lagunduta

Zuzeneko emanaldi eta aisi-ekintzak mugatzeko Lakuak egindako erregelamenduak erreakzio soka luzea ekarri du. Gasteizen protesta egingo du gaur Arteak Ireki plataforma berriak. Sare sozialetan, ostera, musika lagun hartuta, eszena lokala babesteko aldarria zabaldu dute.

NAIZ+|14/02/2019 08:42
Naizplus
Musikari ugarik bat egin dute aldarrikapenarekin.

Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren EAEko lehenengo erregelamendua onartu zuen Lakuako Gobernuak pasa den otsailaren 5ean. Hura, baina, «kulturaren eta komertzio txikien kontrako erasotzat» ulertuta, Arteak Ireki plataforma sortu da eta kultura munduko artista ezberdinak haserre agertu dira sare sozialetan.

Lakuaren dekretuaren arabera, tabernek soilik kontzertu bat eskaini ahalko dute hilabete bakoitzean. Erregelamenduak gainera, ez du salbuespenik onartzen, ezta herriko jaietan ere.

Zuzeneko emanaldi eta aisi-ekintzei ezarritako muga honen aurrean, kultura munduko artistek bat egin eta Arteak Ireki plataforma osatu dute. Izen bera duen manifestua ere kaleratu dute eta atxikimenduak biltzen ari dira, dekretuak «ekosistema kulturalari eta hastapenetan dauden taldeei», erasotzen dielakoan.

Lakuaren erabakiari kritika egiteaz gainera, proposamenak ere baditu Arteak Ireki plataformak eta «Kultura espazioak» deituriko kategoria berria sortzearen alde agertu da. «Aforo txikiko eta izaera erabat kulturaleko espazioak babesteko funtsezko urratsa dela deritzogu, beti ere auzotarrekin elkarbizitza bermatuz. Formatu txikiko musikaren eta zuzeneko arteen aldeko marko normatibo berria behar dugu», dio manifestuak.

Arteak Ireki plataforma kalera aterako da gaur, prentsaurreko eta kontzentrazioa deitu baitu 11.00etan, Gasteizko Florida parkean, Wynton Marsalisen omenezko estatuaren ondoan.

Bien bitartean, prentsaurrekoa hurbildu ahala, gero eta artista gehiago dira #ArteakIreki traola erabiliz sare sozialetan protesta egiten dutenak.

Tartean dira, Evaristo, Soziedad Alkoholika, La Piti, Luis Vil, Drogas, Jon Basaguren, Doctor Sax, Sumision City Blues, Rakkel Turboneskak, Hibai Deiedra,…

Haietako batzuk neurria salatzeko abestiak konposatzera animatu dira.