Joxemari Carrere

100

Euskal sinesmen zahar batek dio garai batean bizidun guztiek mintzatzen zirela, goroldioa izan ezik. Beste guztiak saiatu ziren mintzatzen irakasten, baina orduan denek galdu zuten hitza, gizakia izan ezik. Hala kontatzen zuten Ataunen behintzat.

Oiartzunen berriz, kontatzen zuten lehengo denboretan otsoa eta ardia elkarren lagunak zirela. Aspaldiko garaietan horrelakoak gertatzen omen ziren. Gauzak gizakiaren zerbitzuan ipintzen ziren. Zuhaitzak etxeraino hurbiltzen omen ziren sutarako. Kortezubin kontatzen zuten. Aspaldiko garaietatik, munduan anitz diren bezala, hitzak ahotik ahora egiten zuten jauzi, jauzi txikiak, baina etengabeak, gure garaietara heldu arte. jauzi bakoitzeko aberasten zihoazen, aho bakoitzak bere hitzak gehitzen baitzizkion. Kate begi kontaezinekin hitzaren kate luzea osatuz joan da denboran barrena. Azkuek azaltzen digu: 'Mundakan haurrak(…) honela hasten zituzten beren ipuintxoak. Beren arteko aurreratuenak galdera hau egiten zien lagunei: zenbat arrautza jan dozuz zuk? Honekin adierazi nahi zuen: Zenbat ipuin dakizuz?' Nondik jasotzen zituzten arrautza horiek? Nola prestatzen zituzten? Zeinek jarraitu zuen arrautzak banatzen?

Herri baten izatearen eraikitzean, imajinario komun baten sortzeak oinarrizko zutabea da. Ondasun ez materiala izanik zaila izango da zehaztea, izan ere garaiekin aldatzen, aberasten eta garatzen baita. Nazio kultur baten partaideek lurraldetasunean baino, komunean konpartitzen diren istorioak, bertsoak, kantak, dantzak…, izango dituzte loturak. Eta jaso bezala transmitituko ditugu, aldatuz, eguneratuz, zabalduz. Beste kulturetatik jasotakoak gurera ekarriko ditugu, eraldatuz, moldatuz; eta gureak eramango ditugu, beste kulturekin uztartuz. Munduaren historian hala izan da, jendeak alde batetik bestera joanez beren altxor inmaterial hori eraman izan du, mundua aberatsago eginez. Quebec-en bizi den Naskapis herrian istorio bat kontatzen dute, 'Maitale jarraikiak', non euskal arrantzale batek bere alaba buruzagi indigena batekin ezkondu nahi duen. Alaba ehiztari ingeles batekin maiteminduta izanik, ihes egiten du berarekin. Amaiera ederra bezain goibela da: 'Ordutik, bidaiariek ikus dezakete badiaren behe aldean, euskal printzesa eder bat, desesperatuki bere senargaia olatuetan bilatzen, alferrik'. Ezagunak dira euskal arrantzaleak mendetan inguru haietara egindako bidaiak eta bertako biztanleekin izandako harremanak. Istorio honetan ere, gurean kontatzen den 'Hiru olatuak' ipuinaren zantzuak ikusiko ditugu. Berdin gure ipuinetan topatuko ditugu beste herrialde eta kulturetan agertzen diren ipuinen antzekotasunak. Hitzek hemendik hara bidaiatzen dute pertsonen baitan. Hemendik hara, handik hona. Eta horiek herri baten izaeraren eraiketan garrantzia ezinbestekoa izan dute. Hala izan da, da eta izango da. Horiek ukatzea, ahaztea, norberaren izaeran hozka egitea da, hutsune bat sortzea.

Herri baten izate aldarriak bere ipuinen, bere hitzen beharra du. Eta bost kontalarik, Doro Zobaran, Ixabel Millet, Itziar Rekalde, Bea Egizabal eta Joxemari Carrere, 100 euskal ipuin grabatu ditugu 100 egunetan eskaintzeko ekainaren 8ra arte. Egun horretan eskutik eskura lotuko dira Durango eta Iruñea, Gure Esku Dago ekimenak deituta. Guk hitzekin bidea lotu nahi izan dugu, ahotik ahora, ipuinekin bidea eginez. Herri batek, kultura batek belaunaldiz belaunaldi garatu duen imajinarioaren bitartez, mundu ikuskera bat eraiki du, denboran barrena aldatuz eta aberastuz joan dena. Ez hobeagoa edo txarragoa, jendarte horren partaideek osatuz joan direna baizik. 100 ipuin kontatuz 100 egunetan transmisio horren katea aldarrikatu nahi izan dugu, ez aitzinaren mitifikazio hutsagatik, baina etorkizunerantz zabaltzen den bidea irudikatzeko. Ipuinetan bezala, garrantzitsuena ez baita non hasi ez non bukatu, bideko gertaerei nola aurre egin baizik. Hitzak ehuntzen ibili gara, eta ibiliko gara, bidean eskutik helduta, aspaldiko istorioak kontatzen, geroa imajinatuz. Egia bada, sakelan sar; gezurra bada, atera ez dedila.

Recherche