Urko Aierbe Sarasola
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

2021a euskara erdigunean jartzen hasteko urtea izan dadin

Hori izango da hurrengo urteetako euskararen aldeko mugimenduaren erronka nagusietakoa: euskaraz bizi ahal izateko burujabetza ezinbestekoa dugula ulertzea eta burujabetza-prozesuaren erdigunean euskara kokatzea. Horri begira EHEk ekarpen garrantzitsua egingo du aurten.

Covid-19aren pandemiari buruz zein irakurketa historiko egingo den jakiteko oso goiz da oraindik; hasteko, pandemia bera amaitu gabe dagoelako. Baina zalantzarik ez dago gizadiaren ibilbidean mugarri garrantzitsua izango dela, mundu osoan hedatu, eragin sakona izan eta abagune oso erabakigarrian gertatzen ari delako. Pertsonon izatea, humanitatea eta mundua bera sakonki eraldatzen hasiak diren abagunea.

Abagune historiko horrek guri bete-betean eragiten digu. Baita hizkuntzaren ikuspegitik ere. Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua burutzetik oraindik urrun gaudenean, pandemiaren eta aldaketa-abagunearen astinaldiak prozesu horretan kostata eraiki ditugun zutabeak dar-dar batean uzten ari dira. Euskalgintzak salatu duen bezala, aipatu gertaerak euskararen zaurgarritasuna agerian uzten ari dira.  Normalizazioa ondo ez doan adierazleak begi-bistan ditugu ikusi nahi dituenarentzat, pandemiarekin okerrera egin duten adierazleak.

Azken urteotan biribilgunean bueltaka egon eta gero, pandemiak aukeratzeko atakan jarri gaitu: azken hamarkadetan aurreratutakoa irabazpidean jartzeko normalizazio-prozesuan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo esanguratsua egin ala berriz ere atzerako joeran erori.

EHEren ustez, jauzi hori egiteko euskara erdigunean jartzeko beharra dago eta unea dugu. Perspektiba hori izango duen hizkuntza-politika berria behar dugu eta pandemia ondorenak horretarako abiapuntua jarri behar digu, 2021. urte honetan bertan hasita. Horrek eskatzen du eragile guztiek beraien jardunaren erdigunean euskara kokatzea, euskaratik eta euskaraz pentsatu eta aritzea behingoz. Hori erdiesteko, Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza-politiketan adostasun soziopolitikoak eraikitzeko urratsak egiten hasia da. Erantzukizun partekatua oinarri, erakunde, eragile eta norbanakoei atxikimendutik konpromisoetara jauzi egiteko gonbidapena luzatuko die euskalgintzak. Urte honetan eragileen arteko euskalduntzerako adostasuna ezagutuko dugu, zalantzarik gabe normalizazio-prozesuan mugarri izango dena.

Paraleloki, euskalduntzea bizkortzeko borrokak berrindartzea euskaltzaleon erronka izango da aurten: euskaldunon hizkuntza-eskubideen eguneroko urraketak agerian utzi, eta euskaraz bizi ahal izatea oztopatzen digun zapalkuntza estrukturala salatu eta gainditzeko euskaltzaleen aktibazioa sustatzearen erronka. Herrika eta eremuka borroka zehatzak piztuz lortuko dugu hori.

Hori guztia estatuen kanpo esku-hartzerik gabe egin behar den aldarrikapena ere areagotu beharko dugu. Hori baita pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina: estatuen inposizio linguizida. Euskal herritarrok erabaki behar dugu zer nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun. Eta horretarako burujabetza osoa beharrezkoa dugu. Hori izango da hurrengo urteetako euskararen aldeko mugimenduaren erronka nagusietakoa: euskaraz bizi ahal izateko burujabetza ezinbestekoa dugula ulertzea eta burujabetza-prozesuaren erdigunean euskara kokatzea. Horri begira EHEk ekarpen garrantzitsua egingo du aurten.

Ilusioa eta grina berreskuratu eta euskalduntzearen aldeko borroka berrindartzeko urtea izan behar da. Hamarkada batzuk barru, atzera begiratzean, 2021. urtea ez dadin soilik izan pandemiatik atera ginen urtea edo gizadiaren garai berri bati hasiera sinbolikoa ezarri zion unea. 2021. urtea Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi esanguratsua ere ekarri zuen urte gisa oroitu dezagun.

Recherche