Garazi Goia
GAUR8

5:2

Irakurri dut garai modernoko lehengo dieta 1863 urtekoa dela, agidanez William Banting deitzen zen Britainia Handiko gizonezko batek iradokia; egunetik egunera handituz zihoan bere tripak zapatetako lokarriak lotzea ezinezkoa egiten ziola ohartzean, liburu bat idatzi zuen. Karbohidratoen eta azukre finduen kopurua gutxitzea zen dietaren oinarri nagusia.

Ordutik ehunka dieta ezberdin atera dira, modu batean edo bestean denak antzekoak, jan ezin diren produktuen zerrenda luzedunak, sakrifizioa eskatzen dutenak. Baina, orain modan dagoena 5:2 deitzen da. Fenomeno sozial bihurtu da, ez dakit kasualitatea den baina nire inguruan ia egunero entzuten dut aipuren bat, erosketak egin ondoren ordaintzeko ilaran zain nagoenean, lankideekin bazkaltzera joaten naizenean, twitter-en, irratian. Badirudi jende askok heldu diola amuari. Duela urtebete BBC etxeak erakutsi zuen dokumental famatu baten ondoren, best-seller bat argitaratu zen, eta ordutik hasi zen elur bola pixkanaka-pixkanaka handitzen. Dietak honetan datza: asteko bi egun aukeratu behar dira, ezin dira ondoz-ondokoak izan, eta bi egun horietan kaloria kopurua mugatua izango da; emakumezkoentzat 500 kaloria, gizonezkoentzat 600. Gainontzeko egunetan normal jaten jarraitu daiteke, gehiegikeriarik gabe. Ez dago bestelako amarrurik, horixe da, besterik gabe.

Azalpen zientifiko sinplifikatua, ongi ulertu badut behintzat, honokoa: hamabi ordu baino gehiagoko baraua egiten duzun egunetan, gorputzeko prozesu naturalen funtzionamendua eraginkorragoa da, gantzak azkarrago erretzen dira eta odoleko azukre maila erregulatzen da. Badu bere logika. Baina benetan funtzionatzen duena dimentsio psikologikoa da. Ez zaude hogeita lau ordu baino gehiago “normal” jan gabe, beraz, tentazioa kontrolatua da, sakrifizioa ere bai. Plazerari uko egiten diozun denbora ere moderatua da, debeku absolutistarik gabe, emozio desorekarik gabe, buruko minik gabe. Plazera eta sakrifizioaren debateak ez du asko irauten beraz. Saria jasotzen duzu zigorrerako bidean zaudenean. Dieten urrezko arauak idazteko denborarik ere ez du ematen.

Egoera askotan ahulak gara, tentazioan erortzen gara, sakrifizioa eskatzen duen eginkizuna ez da lehenengo aukeratzen dugun gauza. Dietaren porrotak subkontzientean eragiten duen efektu galtzaileak mina ematen digu. Tentazioa eta plazera kontrolatzearen adibideek denboran atzera garamatzate. Adibidez mitologia grekoak dio Ulises bere ontziko mastari lotuta egon zela uhandreen tentazioan ez erortzeko. Norbere buruari uko egiteko diziplina gogorra da, tranpan erortzen gara, txokolatezko tartaren aurrean, uhandreen abesti eztien melodien aurrean.

Ingalaterrako zazpi idazlek 5:2 erregela bizitzako zazpi arlo ezberdinetan aplikatuz esperimentua egin dute eta artikulu luze bat argitaratu dute egunkari batean. Batek, bikote harremana hobetzeko, bi egunetan esfortzu kontzientea egin zuen gerturatze emozional bat aurkitzeko, sexu jarduna hobetzeko jarrera proaktiboa hartu zuen. Pentsatu gabe dirua xahutzeko erraztasuna zuen shopaholic batek asteko bi egunetan erosketak egitean salneurriei kontu handiagoz begiratu zien eta, kreditu-txartelik gabe, hamar librako billetearekin bakarrik joaten hasi zen supermerkatura. Sare sozialetako menpekotasuna kontrolatzeko, asteko bi egunetan telefonoa eta tableta ezkutatu eta denbora hori liburu bat irakurtzen eman zuen beste batek. Kirola egiteko ohiturarik ez zuen beste batek, astean bi egunetan bere burua behartu zuen gimnasiora joatera eta hitzordua egin zuen entrenatzaile pertsonal batekin. Edo urrats ekologikoa hobetzeko, astean bi egunetan lanera bizikletaz joaten hasi zen beste bat, metroa edo autobusa hartu ordez.

Esparru ezberdinetan aplikatu daiteke hau. Adibidez, bururatzen zait, zein izango litzatekeen ondorioa nagikeriaz betetako eta hizkuntzarekiko sentsibilitate gutxiko pertsona horiek guztiek esfortzu kontzientea egingo balute astean bi egunetan euskaraz irakurtzeko, euskaraz bakarrik hitz egiteko, euskararen inguruko aktibitate kulturaletan parte hartzeko. Ez legoke aitzakietarako lekurik: bi egun lan egin, bost jai. Asteburua eta lanegunak, alderantzizko munduan.

Recherche