Raquel Calvo
Bizkaiko Medicusmundi

50 urte mundu osasuntsuago baten alde

Bere 50. urteurrenaren harira, Bizkaiko Medicusmundik orain arteko ibilbidearen eta aurrera begirako erronken berri dakarkigu. Hala, azaltzen duenez, osasun alorrean instituzioek beren lana betetzen dutela bermatzea dagokio berari, beti ere mundu osasuntsuago bat lortzea jomugan jarrita.

Gaur Medicusmundi Bizkaiak bere 50. urteurrena ospatzen du. Euskadiko lehenengo GGKE ez-konfesionala izan zen eta sorkuntzaren egun beretik leku guztietan eta pertsona ororen osasun-eskubidea aldarrikatu du. Jarrera etiko erradikal honek elkartearen sortzaileak, Andres Aya Goñi doktorearen zuzendaritzapean, Ekuador eta Ruandara lehen aldiz bidaiatzera bultzatu zituen.

Medicusmundi Bizkaiaren (MMB) historia nazioarteko garapenerako euskal lankidetzaren historiaren parte da. Elkartearen lehenengo ekimenetan kutsu asistentzial handi bat zegoen. Izan ere, erakundea osatzen zuten lagunak, batez ere osasun arloko profesionalak, «hirugarren mundua» zeritzonaren oinarrizko beharrizanak asetzen saiatzen ziren: materiala eta botikak bidaliz, osasun zentroak eraikiz eta arreta zuzena emanez euren oporretan egiten zituzten bidaietan.

Garai hartako Bilboko eta Bizkaiko gizarteak sostengu handia eman zion elkarteak egindako lanari eta, trukean, 60ko eta 70eko hamarkadetan ezezagunak ziren errealitateak hurbildu zizkion elkarteak gizarteari. Lurrak, hala ere, jirabira jarraitzen zuen. Utopiak loratzen ari ziren, baita askapen eta deskolonizazio prozesuak ere eta, aldi berean, esku hartzeko eremuak biderkatzen.

80ko hamarkadan europar kolonia ohien zorraren krisiak nazioarteko garapenerako lankidetzaren ikusmoldean aldaketa bultzatu zuen. Nazioarteko irabazi asmorik gabeko hamaika erakunde sortu ziren herrien arteko elkartasuna azpimarratzen zutenak, gobernuen laguntzaren eta merkatuek herrialdeak garatzeko omen duten ahalmenaren gainetik. Hortik hartu zuten GGKEaren izena.

Afrikak, Medicusmundi Bizkaiako aitzindarien ardura nagusia izan zenak, elkarteak lankidetzaren inguruan zuen ikuspegia finkatu zuen. Ruandako genozidioa hasi aurretik, Medicusmundi Bizkaiak tokiko lantaldeak sortu eta lehenestea erabaki zuen.

Hurrengo hamarkadan, Medicusmundi Bizkaiak Eusko Jaurlaritzari aurrekontuen %0,7 nazioarteko lankidetzara bideratzea eskatzen zuen hiri plataforman parte hartu zuen. Kanpin-dendez osatutako jendetzak Bilboko Areatza bete zuen, euskal herritarrek adierazten zuten elkartasuna aurrekontu publikoetan jaso behar zela konbentzituta.

Lankidetza politika publikoen eguneratze eredua eztabaidan zegoen GGKEen artean, giza garapen jasangarria beharrezkoa zela azpimarratuz. Arazoak globalizazioaren ikusmoldetik abiatuta aztertzen ziren. Begirada berri hark lankidetzako eragile guztien arteko harremanak berritzea exijitzen zuen. Plataforma berriak sortu ziren, hala nola, Euskadiko GGKEen Koordinakundea eta Espainiako Medicus Mundi Elkarteen Federazioa (FAMME).

Lan horietan murgilduta zegoen ere Medicusmundi bizkaia ‘Mitch’ urakana bere botere suntsitzaile osoarekin piztu zenean, elkarteko hainbat kide Hondurasen harrapatuz. Erdialdeko Amerikako herrialde hartako presidenteak ekaitzak mende erdiko atzerapena ekarri zuela aitortu zuen. Euskal gizarteak kaltetuen alde ahalegin guztiak egin zituen eta Medicusmundi Bizkaiak emergentziari aurre egin zion, gertaeraren aurreko hilabeteetan bertan hasi baitzen lanean.

Milurteko berriarekin batera, Medicusmundi Bizkaiak bere lana geografikoki kontzentratzeko apustua egin zuen. Horrez gain, ekimenen eraginak indartzeko beste elkarteekin zuen harremana sakontzen saiatu zen.

Gero eta konplexuagoa zen mundu hartan, Milurteko Garapenerako Helburuak ez ziren pobrezia errotik baztertzeko gai izan. Garapenerako lankidetzak giza injustizien zergatiak agerian utzi behar ditu eta ororen ongia bilatzen duen gizarte eredu sozial berri bat eraiki, borondate politiko falta salatuz eta betiko eliteen interesa alboratuz.

Hainbat erronka euskal lankidetza deszentralizatuan. Iparraren eta Hegoaren arteko dikotomia gainditu beharra dago. Herrien garapenean eraginak dituzten fenomeno politiko, sozial eta ekonomikoak ugaritzen ari dira eta horiek azaltzeko bestelako paradigmak beharrezkoak dira. Klima aldaketa, migrazio masiboak edota nazioarteko krisi ekonomiko eta finantziarioen erronkei beste era batera aurre egin behar zaie. Garapenaren kontzeptua bera ere aspalditik zalantzan dago. Hori dena behar den moduan komunikatu beharra dago.

Zorionez, mundua aztertzeko eta irtenbide berriak bilatzeko perspektiba berriak lantzen ari dira garapen-ostea, sumak kawsay (bizi ona), ekofeminismo edota deshazkundearen ikusmoldeetatik. Eragile eraldatzaileekin bat egiteko aukera badago: giza eskubideen aldeko mugimenduak, auzokoak, feministak, ekologistak, elkartasunezkoak eta elkartasunezko gizarte-ekonomiaren aldekoak, erakundeak, unibertsitateak edota enpresa batzuk. Estrategia berriak ere martxan jartzen ari dira, politika publikoetan koherentzia eskatzeko intzidentzia, nazioarteko zerga-sistema eraginkorra, paradisu fiskalen desagerpenerako lana, enpresek euren langileen lan eskubideak errespetatzeko betekizuna, ingurugiroa errespetatzeko estandarrak...

GGKEa den heinean, Medicusmundi Bizkaia gizarte zibil antolatuaren parte da. Ez dagokio estatuaren papera betetzea osasun zerbitzuak eskainiz, instituzioek euren betebeharrak betetzen dituztela bermatzea baizik. Baita Euskal Herrian ere. Osasunean negozioa ikusten dutenen aurrean, osasuna bermatzen duten legeetan euren interesen kontrako oztopoak baino ikusten ez dituztenen aurrean, osasun-sistema gutxi batzuentzako zerbitzua izan dadila nahi dutenen aurrean, horien guztien aurrean Medicusmundi Bizkaiak osasun publiko eta unibertsalaren eskubidea aldarrikatzen jarraituko du.

Lan honi ekiteko gizakiek jaio, hazi, bizi, lan egin eta zahartzeko dituzten baldintzak kontuan hartu behar dira, osasun sistema barne. Baldintza horiek diruak, botereak eta baliabideek mundu, estatu eta herri mailetan duten banaketaren emaitza dira, eta era berean, aurrera eramaten diren politiken ondorio. Medicusmundi Bizkaiak osasun arloko ekitate gabeziak ikusarazten eta desagerrarazten lagundu behar du. Elkartearen konpromisoa gizarte eredu berri zuzenago eta ekitatiboago baten eraikuntzan aurrerapausoak ematea da.

50 urte bete ondoren Medicusmundi Bizkaiak bizirik dirau. Hona heltzea posible egiten lagundu duten lagun eta instituzioekin ospatzeko garaia da, euren poztasuna eta harrotasuna elkartea sortu zuen gizartearekin batera. Mundu osasuntsuago bat lortzeko bidean erronka handi eta anitz espero dituzte. Osasun global on bat eskuratzeko justizia soziala beharrezkoa da, baita honen alde borrokatzeko prest dauden esku guztiak ere.

Recherche