Marian Beitialarrangoitia eta Urko Aiartza
Kongresurako eta Senaturako EH Bilduko zerrendaburuak Gipuzkoan

A-20: berdin jarraitu ala aurrera egin

Kongresu eta Senaturako hauteskundeetarako egun gutxi falta direnean, euskal herritarrok argi izan behar dugu hauteskunde hauetan asko dugula jokoan: oraina eta geroa. Madriletik datorren inposizio, ukapen eta mehatxuen aurrean, bidea urratzen hasi beharrean gaude, norabidez aldatzen hasi beharrean gaude.

Gipuzkoan lehian dauden alderdi gehienak berdin jarraitzea proposatzen dute, beste lau urte Madrili begira egotea, alegia. EH Bilduk, berriz, aldaketa proposatzen du. Jardunez, bustiz, erabakiak hartuz, joko arauak errotik aldatzea. Madrilera eskubideak aldarrikatzera joateari utzi eta Euskal Herrian indarrak biltzeari lehentasuna eman. Hemen erabaki eta gero, Madrilera joan hemen erabakitzen duguna defendatzera, herri modura elkar hartuta, inork ez baititu gure interesak, eskubideak eta erabakiak defendatuko, guk geuk egiten ez badugu.

Gernikako Estatutua agortua dago aspaldi, eta horren bidez gehiago lortzeko bidea agortuta dago. Estatutuak burujabetza aukera oso mugatuak zituela eta haustura beharrezkoa zela hasieratik zegoen argi, eta denborak mugak agerian utzi ditu. Esku artean izan ditugun tresna apur horiek erabili ahal izan ditugu, ez diegu uko egiten, baina motz geratzen dira. EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian gidaritza izan duen azken lau urteotan baliatu ditu tresna horiek, Madriletik inposatzen dizkiguten murrizketei aurre egiteko, adibidez, dependentziarako laguntzen alorrean. Baina argi geratu da beste tresna asko falta dituela, erasoaren tamainari erantzun ahal izateko. Izan ere, Estatuaren bizkar hezurra diren erabakiak Madrilek inposatu ditu, eta gure ongizatearen aurkako eraso zuzen eta bortitza bihurtu dira: lan erreforma, pentsioen jaitsiera, kanpo ekintza, azpiegiturak, Koroa, Mozal Legea, armada eta abar. Hori dena eta gehiago Madrilek erabakitzen du, eta euskal herritarrok ez dugu horren burujabetza ahalmen aitorturik. Are gehiago, gure bidea egiten saiatzen garenean, tresna horiek eskuratzeko lanean, erantzuna dira mehatxuak, ukazioa eta inposizioa; kasu lau urte hauetan Gobernu Ordezkari Urkixok Gipuzkoan hartutako erabakien aurka aurkeztutako ehunka helegite.

Eta zer esan bake prozesuari buruz? Euskal Herrian behar dugun bizikidetza, memoria inklusiboa, egia, aitortza eta errekonozimendua Madrilek ez ditu inoiz bultzatuko. Guk egin behar dugu hemen, Euskal Herrian; hori da aurrera egiteko modu bakarra, eta giza eskubide guztien bortxaketa lehenaldiko kontua izango den eskenatokia eskuratzeko bide bakarra. Gustatuko litzaiguke, noski, hemen ere, Colombian bezala, bake prozesua adostea Madrilekin, baina ez dute nahi. Ikusi besterik ez dago Arantza Quirogak saiatutako bidearekin gertatu dena. Horma berriz ere. Egun bizi dugun eskubide urraketa ezkutatu eta kontakizun bakarra inposatu nahi digute, sufrimendu batzuk aintzat hartu eta besteak desagerrarazten dituen bertsio ofiziala ontzat eman dezagun nahi dute, errealitatearen parte bati arreta jarri, eta bestea desagerraraziz. Baina errealitatea beste bat da, eta euskal herritarroi dagokigu kontatzea, bakoitzari berea, denak jaso daitezen. Errenterian eta Hernanin memoria osoa berreskuratzeko abiatu duten bide bateratuak (alderdi guztiekin) erakusten digute bidea.

Madrilen immobilismoa erabatekoa da bake prozesuari dagokionez. Ez du urratsik txikiena ere egin nahi etorkizuneko elkarbizitzarako oinarriak ezartzeko, bizi dugun gatazka politikoaren ondorioen atalean urratsak egin ahala, ageriagoan geratzen delako ez duela eskaintza demokratikorik, bai Katalunian zein Euskal Herrian duen arazo politikoari, bide politikotik irtenbidea emateko.  Horregatik, ETAk borroka armatua utzi zuenetik lau urte igaro direnean, oraindik gerrarako tresna guztiak indarrean mantentzen tematzen da. Batez ere, preso politikoen eta hauen senideen alorrean. Egoera oso larria da, eta EH Bilduko hautagaiak oso garbi dugu presoen egoerari lotutako lana premiazkoa dela, baita Kongresu eta Senatuan ere, salbuespen egoerarik onartuko ez dugula salatu eta Euskal Herrian aktibatu beharreko gehiengo sozialen erabakien aldarria Madrilera eramanez.

Alegia, Madriletik inposatzen diguten ereduak ez digu balio herri bezala, ez alde politikotik ezta sozialetik ere, ez gatazkaren konponbiderako, ez herri gisa etorkizuna irabazteko. Aldaketa behar dugu eta hori ez da Espainiatik etorriko. Une honetan, Espainiatik datorrena ustelkerian oinarritutako eredua da, gainbehera datorren eredua, eta bidean langabezia, lan prekarizazioa, desindustrializazioa, pobrezia, ezberdintasunen areagotzea, miseria zabaltzen dituena. Horretatik ihes egiteko modu bakarra gure bidea egitea da, Euskal Bidea, independentziaraino.

Joko arauen aldaketan urratsak egitea proposatzen duen indarra EH Bildu da egun. Abenduaren 20an, Gipuzkoak jauzi bat eman behar du zentzu horretan. Hemen badaude baldintzak. Gipuzkoa jarri behar dugu independentzia grinari tira egitera, guztiok bozkatzera joan behar dugu aurrera egin ahal izateko. Gipuzkoan independentismoak ez irabaztea da askoren helburua, batez ere Madrilen. Ezin diegu mesede hori egin.

Orain arte eman ez den eta iritsiko ez den Madrilekiko aldebiko hartu emaneko proposamenetan ez dugu sinisten. Batzuk badirudi prest daudela ber-zentralizazioa proposatzen ari diren PP eta C's-ekin Madrilen gobernua osatzeko. Beste batzuk, erabakitzeko eskubidea ukatzen duen federalismoaz hitz egiten digute. Eta guk, EH Bilduk, euskaldunok gure bidea egitea proposatzen dugu. Egin ditzagun herritarrak protagonista, erabaki dezagun hemen zer nahi dugun. Gu prest gaude erabakitzen dena onartu eta Madrilen defendatzeko.

Beraz, ez gaitezen engaina, ez gara demokrazian bizi. Ez digute gure etorkizuna erabakitzen utzi nahi. Jarraitu behar dugu horren alde borroka egiten, eta erabaki ahalmena irabazi. Abenduaren 20an, hautestontziak bete egingo ditugu.

Recherche