Acta et verba: Kepa Anabitarte eta Joseba Ariznabarreta gogoan
Hutsune handi bat ekarri digu 2025. urteak. Herriaren askapenean tematuriko bi erraldoik utzi baikaituzte: Kepa Anabitartek eta Joseba Ariznabarretak. Hori bai, ia mende bateko bi ekarpen ezinbesteko egin ondotik, eta arrastoa utzita herri honen politikan, sindikalismoan, enpresa arloan eta pentsaeran. Bi borrokalari nekaezin, azken unera arte ere egin baitute lan herriaren alde.
Joseba Ariznabarretak arrasto luzea utzi du pentsaera independentistan, realpolitik kutsu handiko bere tesiekin, zeinek Iñaki Aginaga eta Max Weberren eragina izan zuten. Besteak beste, Pueblo y Poder eta Euskadi: Una Aproximación Política liburuetan laburbildu ditu bere ideiak. Lan Deyan, Anaitasuna aldizkarian eta Orreaga Taldean aritu da, eta Zarauzko Lizardi Institutuko irakasle izan zen.
Kepa Anabitarte pasaitarrak gaztetik hasi zuen bere ibilbidea abertzaletasunean, hala nola ELA sindikatuan, ESB alderdian, Orreaga Taldean, Nabarralden, Irizar Kooperatiban, Gaindegian, Garan. Josebarengan bezala, Iñaki Aginagaren pentsaerak eta adiskidetasunak eragin nabarmena izan zuten Keparengan.
Hitzaren zein ekintzaren bidez, herriari neurtu ezineko ekarpena egin diote. Herriari emandako bi bizitzak beren ibilbidea egin dute. Eta jarraitzen dute, zentzu askotan. Jarraian irakurriko dizkiezun hitzak bizimodu izan ziren haientzat. Teoria eta praktika bizitzeko modu bat, filosofia bat zuten. Zaila da bereiztea bertako ideiak, estiloak, aipuen barruko aipuak zehazki norenak diren, Aginagarenak, Ariznabarretarenak ala Anabitarterenak, ibilbide partekatuaren eta borroka kolektiboaren ispilu baitira.
Abertzaletasuna maila identitario eta kulturaletik haratago ikusi zuten beti, independentzia, politika eta estrategia beti gogoan izanik. Eta independentzia gainontzeko guztiaren iturburutzat hartuz: eskubideak beti estatu batek soilik bermatu ditzake, eta ez baduzu zure estatua, zapaltzailearena inposatzen zaizu. Hori zuten demokraziaren oinarri. Horretaz gain, autodeterminazio eskubidea berezkotzat zuten, ez hautatu beharreko zerbait balitz bezala, ez eta beste eskubide bat balitz bezala ere, baizik eta lehen eskubidetzat, gainontzekoak bermatu ahal dituen bakartzat, are gehiago jakinik guk Nafarroako Estatua dugula, indar inperialistek okupatua dagoen arren:
Joseba Ariznabarreta: “Politika dena da. Bada maila espontaneo bat gure hizkuntzaren, identitatearen eta ohituraren alde adierazten dena; baina maila kualifikatuago bat ere behar da. Klase politiko-intelektualak eman behar dio maila hori, eta horixe falta zaigu. Herriaren indarrak hor daude, baina politika mailara edo maila estrategikora eramateko gai den klase politikoa falta da. Ez dakit gai ez diren edo ez dakiten, eta hori ordaintzen ari gara.”
Kepa Anabitarte: “Hala ere, «marko demokratiko bat» lortu behar dela esaten da, «demokrazian gaudela». Bada, ez gaude demokrazian. Zapalkuntza badago, sumisioa badago; herrialde batek beste bat zapaltzen badu, ez dago demokraziarik. Demokrazia independentziatik hasten da, hain zuzen ere.”
“Ezinbesteko lehentasun estrategikoa da, hemen eta orain, Nabarrako Estatua berraktibatzea. Eta zergatik? Sinpleki, beharrezkoa delako; ez dago beste irtenbiderik. Estatu bat ez baduzu, bestearena duzu…”
Ez ziren independentziaren onurez, beharrez, desirez soilik jardun: independentzia nola lortu dezakegun izan zen haien kezka nagusia. Erantzun estrategikoa eman behar zaio okupazioari. Independente izateko, lehenik, independente jokatu behar da. Alferrik da estatu independente bat nahi izatea, arerioarekiko dependente bagara une oro, haren marko legalaren barruan, haren instituzioetan, horiek espresuki okupaziorako sortuak izan baitira. Batasuna ere ezinbesteko kondizioa da: borroka ez du eramango alderdi batek, sektore batek; herri osoak eman beharreko erantzun bat da. Noski, gidaritza politiko prestatu batekin, herriaren zerbitzura, ez alderantziz. Eta ez, ez da bide samurra izango; indar korrelazioen lehia zuzen edo zeharkakoa izango da; indarra, beraren zentzu poliedrikoan, erabili beharko da:
K.A.: “Maila estrategikoa da gizarte-harremanak aldatzen dituena eta erabakien zentraltasuna desplazatzen duena. Horiek dira erabat baliozkoa den estrategia baten ezaugarri nagusiak. Inperialismoari eta faxismoari maila estrategikoko oposizioarekin bakarrik egiten zaie aurre. Ezin bada edo ez bada lortu nahi, orduan, ez da ezerekin borrokatuko haien kontra.”
“Estrategiak egiten du batasuna. Esan ohi da ez gaudela elkartuta, herri madarikatua garela, ezin dugula elkar ulertu mahai batean bi esertzen garenean... Ez da egia. Alderantziz gertatzen da: estrategia egokirik ezak eragozten du batasuna.”
“Estrategia independentista okupazio-sistema inperialistatik kanpoko egitura batzuetatik planteatu behar da. Ez du zentzurik sistema horren barrutik egiteak eta beti azken onarpena eskatzeak. Planteamendu hori okerra da. Espainiako herriak ezin du inoiz izan gure herriaren independentziari amore emateko adinako neurri demokratikorik. Ez dira inoiz zentzatuko. Beraz, inperialismo hispano-frantsesarekiko zero tolerantzia da leloa. Funtsezko helburua zilegitasuna kentzea da.”
J.A.: “Gizatalde batek –Nabarroko herriak, kasu honetan– epe labur, ertain eta luzean baldintzen arabera jarraitu beharreko estrategia orokorra eta balizko taktikak finkatzea lan zaila bezain saihetsezina da. Herri-masak harekin identifikatzea ere ezinbestekoa da.”
“Gizataldeak subjektu politiko bihurtzen dira beren ahalmena beren helburuak lortzeko erabiltzen dutenean. Estrategia zera da: gizataldeak bete beharreko ekintza zehatzen modeloaren planifikazioa, unearen, helburuen eta baliabideen araberakoa dena. (...) Gizataldeak erabaki politikoak hartzeko edozein eremutan bere ahotsa modu eraginkorrean entzunarazteko gogoa eta baliabideak baditu baina ez baditu zentzuz erabiltzen, ez du estrategiarik eta, beraz, ezin dugu subjektu politikotzat hartu. Egiazki, ez daki zer egin bere ahalmenekin. Objektu estrategiko huts bihurtzen da, espontaneitate antzuaren biktima bat da. Bere arerioen estrategia jasango du eta progresiboki ahulduko da, etorkizunean ere subjektu politiko bat izan ez dadin eta historian leku bat ere izan ez dezan.”
Afera nazionalaren dimentsio pertsonal eta sozialaz ere jabetu ziren, ezin urrunago baitzeuden abertzaletasun arkaiko orotik. Eskubide sozialak eta nazionalak ez doaz elkarrekin, edo nahasirik, edo bata bestearen aurretik edo ondoren. Bat bera dira. Are gehiago, haiek bereiztea, banatzea, askotan taktika inperialista da: independentziatik aldentzea eskubide sozialen izenean, independentzia afera sozialen aurkakotzat jotzea, askatasun indibidualak kolektiboen gainetik jartzea…:
K.A.: “Afera nazionala eta soziala erabat loturik daude. Ideologia baten bultzadatzat har ditzakegu bere garaian idatzi ziren printzipioak: afera nazionala da lehen afera soziala, eta afera nazionala batez ere soziala da. Eslogan horrek laburtzen du politika batek benetan errepresentatzen duena.”
“Askatasun indibidualak ez du zentzurik askatasun nazionalik gabe, askatasun nazionalak zentzurik ez duen bezala askatasun indibidualik ez badago. Kontzeptu erabat banaezinak dira.”
“Estatu menderatzaileetako gobernuek, beren izaera exekutiboa dela eta, bortizki inbaditzen dute gizartearen eremua, gero eta disimulu gutxiagorekin; baina, jakina denez, horretarako, asmo ideologikoak dituen hitz-jario baten atzean ezkutatzen dira. (...) Haien tontakerietako bat subjektu politiko kolektiboen ukazioa da, hots, herriak eta “hiritarren” eskubideak aurkakotzat jotzea, modu makiavelikoan ezkutatuz norbanakoen eskubideak komunitate baten parte direnean bakarrik bermatu ahal direla. Isolatutako gizabanakoa politikoki ez da ezer.”
Mailuaren antzera mintzo ziren Joseba eta Kepa, behar duguna eraiki eta oztopo zaiguna eraisteko. Gordinki eta argi zuten zer ez den independentziarako bidea, zer ez den estrategia bat aplikatzea: autodeterminazioa hautazkotzat hartzea, marko politiko autonomikoan oinarritzea (bertan eragitearen alde egiten zuten arren), batasun eza:
J.A. (Kataluniako prozesuari buruz): “Bide hori hartzen badute, nire ustez, ez dira urrutira joango. Independentzia erabakitzen ez den zerbait da. Alde horretatik, erabakitze eskubidearen inguruan sortu dena tranpa bat dela deritzot, autodeterminazioaren eskubidearekin nahastu baita. Independentziari estuki atxikita dagoen berehalako eskubidea da autodeterminazioa, eta horri erabakitze eskubidea deitzeko joera dago orain, baina ez du zerikusirik autodeterminaziorekin.”
“Arerioak “inguru” bat sortzen du, “zirkunstantzia” batzuk, eta guk, azkenean, pentsatzen dugu hor libreki egiten dugula egiten duguna. Baina beharturik egiten dugu, zeren eta guri komeni ez zaigun gidaritza aukeratzen baitugu edo guri komeni ez zaigun bideari jarraitzen baitiogu. Uste dugu guk libreki aukeratutako gidaritza eta bidea direla, baina arerioak jarritako “inguruan” egiten dugu aukera hori. Ez bagara horretaz jabetzen, “zirkunstantzia” horiek eginarazten digutena egingo dugu, beti.”
Eta orain zer? Hasteko, ez dute gure bidea fantasiosotzat ezta samurtzat hartu ere. Zaila izango da. Gatazka dago eta egongo da. Asperdura puntu batekin ere errepikatzen zuten: beste herriek egin dutena —beren burua askatzea— zergatik ezingo dugu guk egin? Noski, badira arrazoi aunitz; estrategiaren, batasunaren eta lidergo politiko baten falta, batik bat. Baina ez gure garaiak eta ez gure herriak ere ez dute berezko ezer independentzia ezinezko egiten duenik.
J.A.: “Konforme. Halere, nik kritika asko egiten diot neure buruari; haluzinatu, berriz, batere ez. Esan daiteke egoera hori irudikatzea txundigarria dela, onartzen dut hori norbaitek esatea. Nik diot Euskal Herriaren alde eta kontra daudenak bereizten dituen lerroa hori dela. Lerro horren azpitik kokatuz ezin da esan Euskal Herriaren alde ezer egiten denik. Ezin badezakegu horrela pentsatu, politikak porrot egin duela onartu behar da eta herria hilda dagoela. Pueblo y Poder liburuan diodanez, herria hilik ez badago, saia gaitezen haren biziraupena bermatzen duten baldintza gutxienekoak betetzen. Eta, nire ustez, Euskal Herria ez dago hilik.”
“Une egokia iritsitakoan –trantsizioko antzeko egoera sortu liteke etorkizunean ere–, matxinada moduko bat izan beharko da, baina ondo bideratua. Herria lagundu beharko da indarraren bidean, baina ondo eramana. Egoerak erakutsiko du nola jokatu, zer gradutako biolentzia erabili. Milaka eta milaka herritar mobilizatzen badira, biolentzia mota bat erabiliko da. Estatuak biolentzia erabili ohi du kasu horietan, eta horrek erantzuna beharko du. Absurdoa da pentsatzea politikan ari den inork –areago totalitarismo politikoa jasaten duen herrialde batean– bere askatasuna eta edozein helburu politiko lortuko duela biolentziatik at. Munduko edozein herrialdetan erabili –izan– denak ez du Euskal Herriarentzat balio?”
K.A.: “Gure ahotsa ez da Espainiako Parlamentuan entzunarazi behar. Hor, kasurik onenean, barrea eragiten du, mespretxua ez bada. Hemen, gure herrian, ekintza sendoak bultzatu behar dira, estrategia eraginkor baten barruan. Horretarako, organo nazional propioa sortzeko gai den masa sozial independentista lortu behar da. Oso garrantzitsua da gizataldeen arteko indarrak metatzeko prozesu hori garatzea, beren funtzionamendua gehienbat Estatuko egituretatik edo tokiko sukurtsaletatik kanpo oinarritzen duten gizataldeen artean.”
Haien analisi zorrotz eta desengainatutik eta ekintza sutsutik badugu zer ikasi, hemen gehitutakoa haien ondarearen zati txiki bat baino ez baita. Ez baitira asko gatazka honen jatorriari zein irtenbideei buruz ahoan bilorik gabe eta errealismo politiko hotzetik abiatuta jardun direnak.
Agur eta ohore, Joseba eta Kepa! Agur esan behar baitizuegu. Nekaezin izan zarete eta bakea merezi duzue. Baina zuen arrastoak nekez utziko gaitu. Zuen sua bizirik dago gurekin betiko.