Josu Juaristi
GAUR8

Adimena, elkarlana, inbertsioak eta… fedea?

Smart Phone, Smart Clock, Smart City, Smart Building… makina bat gauza “adimentsu” ditugu inguruan, hala baldin badira behinik behin. Ba, orain beste kategoria bat datorkigu Europar Batasunetik: Smart Region. Adimentsuak izateko eskatu berri die erregioei Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak.

Belgikarra Europako Parlamentuan izan zen gaur zortzi, ikerketa eta berrikuntzari buruzko hitzaldi batean. Europar Batasunak industria mantendu eta garatu nahi baldin badu, industriaren arloan orain arte izan duen rola mantendu nahi baldin badu mundu mailan, negozioak egiteko era goitik behera aldatu behar duela esan zuen Van Rompuyk. Erregioen esku dagoela gaineratu zuen; lurralde bakoitzak finkatu behar dituela bere indarguneak eta ikerkuntza eta berrikuntza aplikatu esparru horietan, balio erantsia lortzeko. Alegia, lehiakortasuna non izan dezakegun aztertu eta horretara buru-belarri jarri behar dugula.

Europar Batasunak egun duen erronka nagusia industria suspertzea dela adierazi du Europako Kontseiluko presidenteak (krisiak lur jota utzi ditu industria sektore osoak makina bat lurraldetan, gurean barne). Arrazoia du, jakina. Baina helburua lortzeko mahai gainean jarri zituen errezetak boluntaristak dira erabat, diskurtsoan bikain gelditzen diren baina errealitate bilakatzeko inolako funtsik edo inbertsio zehatzik ez duten horietakoak. Inbertsioak eskatu eskatu zituen, jakina, baina, beti bezala, modu abstraktuan. Van Rompuyk ederki asko daki François Hollande bere boto-emaileen aurrean lasai lagatzeko 2012ko ekainean adostu zuten hazkunde-plan ospetsua erabat birtuala zela. Baina, eskatzea edo diskurtso batean zerbait aipatzea libre eta debalde denez, Europako Kontseiluko presidenteak honako mezua igorri zuen: «Europar Batasuneko industria politikak mundu mailako erronkei erantzun egokia eman behar die. Erronkak, besteak beste, hauek dira: klimaren aldaketa, lehengaiak, energia, osasuna eta nutrizioa, gizartearen zahartzea, balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak, esportaziorako betiko guneak mantentzea eta berriak bilatzea…».

«Berrikuntza ikerkuntza eta politiken garapena baino gehiago» dela ere nabarmendu zuen Herman Van Rompuyk: «Sistemak ideia berriak sortzeko eta ideia horiek merkatura eramateko duen ahalmena da berrikuntza, eta, azkenean, hori guztia hazkunde ekonomikoan eta ongizatean bihurtzeko gaitasuna». Eta, dirurik jarri nahi ez dutenen aurpegia zuritzeko-edo, inbertsioei lehentasuna emateak ez duela funtzionatzen esan zigun. Zerk, orduan? «Politiken diseinu inteligenteak». Magister dixit.

Baina, nola? Elkarlanean oinarritutako eredu bati esker, alegia, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarrizketa prozesu bati esker. Hori ere Herman Van Rompuyk dio. Arrazoia izango du, seguru asko. Bide horretan, bere ustez, erregioak dira aktorerik garrantzitsuenak, baldin eta espezializatu egiten baldin badira, burua erabiliz, jakina. Zergatik? Erregioak estatuak baino hurbilago daudelako enpresa dinamiketatik. Beraz, erregiorik aurreratuenek elkarlanean egin beharko lukete lan eta euren politikak eta dinamika ekonomikoak lerrokatu egin beharko lituzkete.

Diru gutxi dagoenean, «dinamika estimulatzaileak» sortzeko gai izango diren sektoreetan inbertitu behar dela esan berri du Europako Batzordeak. Alegia, «espezializazio adimentsua» bultzatzeko gauza diren sektoreetan eta horri esker lehentasun egokiak (estimulatzaileak) finkatzeko gai izango diren erregioetan. Horietara, balio erantsi handiagoko inbertsioak iritsiko dira, hau da, fondo estrukturalen zatirik gozoenak, Europar Batasuneko dirua. “Espezializazio adimentsua” terminoa modan jarri da aspaldi honetan, batez ere erregiorik aurreratuenetan: Alemaniako hainbat landerretan,&punctSpace;Suedian, Herbehereetan, Eskozian, Danimarkan… Eta hemen? Non ari gara kokatzen? Ze kalte egiten digu Hegoaldean Espainiako «erreferentziak»? Geure erantzukizuna nola neurtzen da? Kohesio laguntzen beharrean edo abangoardian egon nahi dugu? Zer geratuko zaie besteei? «Fedea». Van Rompuy dixit.

Recherche