Adiorik ez, eskerrik asko baino ez
Hamazortzi urte luze pasa badira ere, atzo gertatu balitz bezala gogoratzen dut guztia. 1996ko ekainaren 26a. zen, asteartea eta Donostiako Kirol Etxean, ETB, Euskadi Irratia, Herri Irratia, Diario Vasco, El Mundo, Egin eta Euskaldunon Egunkaria-ko kirol kazetariek aritu ziren solasean. Horrela aurkeztu zuen gure moderatzaileak mahai ingurua, «euskaldunak izanik, geure selekzioarekiko euskal sentimenduak bultzatu gaitu horrelako talde bat osatzera. Gaurko mahai inguru hau antolatzen dugun lehenengoa da eta espero dugu, guztion laguntzarekin, azkenekoa ez izatea. Euskal Herrian kirola jorratzen duten euskal kazetari batzuen iritzia kaleratzeak eduki dezakeen garrantzia ikusita, animatu gara, gure lehen urrats bezala, mahai inguru hau antolatzea. Mila esker eta ongi etorriak».
ESAITen sorrera publikoaz ari natzaizue. Begi bistakoa da, ekitaldi hura, hamazortzi hauetan egindako bidearen hasiera baino ez zela izan.
Lehen hiru urteak, batik bat iritzia sortzen ibili ginen, hitzaldiak, mahai inguruak eta horrelakoak, baina tartean 98ko ekainean hain zuzen, Euskadiko kirol Legea onartua ahal izateko, EAJ, EA, Herri Batasuna eta Ezker Batua alderdiekin harremanetan egotea egokitu zitzaigun. Oraindik buruan daukat kirol legea onartu ondoren, aipatu alderdi hauen ordezkariekin emandako prentsaurrekoa eta elkarrekin ateratako argazkiak Espainia aldean sortu zuen ezinegona.
Lehen aldia zen PNVk eta HBk Gasteizko Parlamentuan elkartuta bozkatzen zutela. Horrela zihoen La Vanguardia egunkariak portadan «PNV y HB se unen para votar la independencia deportiva vasca». Espainiar beste egunkari batzuetan ere antzeko tratamendua eman zioten notiziari. Beste denborak ziren. Handik aurrera, ekimen sendoagoak antolatzea erabaki genuen, besteak beste, euskal selekzioaren aldeko eguna, aste beteko mendi martxa, Bilboko herri lasterketa, Tourreko irteera, iratiko zikloturista proba eta azkeneko bi urte hauetan, Leitzako mendi lasterketa.
Nazioartean ere egon da ESAIT, besteak beste, Italian Giro Della Dolomit zikloturista proban parte hartzen, Londoneko euskal etxean hitzaldia ematen, Bartzelonan eta Venezuelan, futboleko selekzioari babesa ematen, Vienan Europako futbol txapelketan aldarrikapena egiten, Madrilgo Kongresuan Katalunia eta Galizako plataformekin batera antolatutako ekimenen agerraldian edo eta, San Frantzizkon (AEB), 07 urtean jokatu zen nazioarteko pilota txapelketan. Bestalde, hainbat urte ondoren Euskal Herrira Espainiako itzulia ekartzea edo eta 2020 Eurokopa Bilbon antolatzeak sortutako egonezinaren aurrean, instituzio eta kale mailan, ekimen ezberdinak antolatu ditugu. Horretaz gain, ekimen propioak eta zeresan handikoak ere antolatu dira, besteak beste, 2008 eta 2009an EH-Katalunia, EH–Espainia edota EH-Frantzia kick boxing selekzioen arteko neurketak.
Edo eta, futbolean, 2012an Anoetan EHKirolak eta Kontseiluarekin batera antolatutako nesken arteko EH- Eslovaquia selekzioen partidua. Mobilizazio arloan ere dozenaka antolatu ditugu. Beraz, hamazortzi urte hauetan, aldarrikapena lau haizetara zabaltzen saiatu garela esan dezakegu. Eta irudipena da, egun, euskal gizartearen gehiengo handi batek, bat egiten duela euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapenarekin.
Eta ez dut esan nahi, soilik ESAITi esker izan denik baino neurri handi batean, ESAITek bultzatutako dinamikaren ondorio bezala bai. Baina tamalez egin dena ez da nahikoa izan ofizialtasuna lortzeko eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, besteak beste, sokatira, sega, areto futbola, surf kaiak, body board, wushu kunfu eta borrokako beste modalitate txiki batzuk, berdin jarraitzen dugu, alegia, nazio gisa ofizialki aritzeko Espainia edo Frantziarekin aritu beharrean aurkitzen dira euskal kirolariak.
Horregatik, jarraitu beharra dago. Eta ez soilik nazioarteari begira, baita etxe barrura ere, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituen kirol egitura nazionalak sortzea beharrezkoa delako. Zazpiak bat filosofiaren, zatiketak alde batera utzita, elkarrekin aritzeko garaia da, denok osatzen dugu Euskal Herria. Baina hainbeste urte igaro ondoren, zertara dator orain azalpen luze hau galdetuko duzue batzuk?. Hamazortzi urteko ibilbide luze baten azalpen nostalgikoa baino ez da, izan daiteke eman ditzaken erantzun interesatua.
Baina, auskalo, batek daki! Egun hauetan jakin dudanez, Jauzia izenarekin herri ekimen berri bat sortzeko bidean dabiltza kirolzale batzuk eta dagoeneko lehen urratsak ematen hasiak dira, aurkezpena eta guzti. Ez dago zalantzarik bidea luzea eta neketsua izango dela, orain artekoa izan den bezala baina aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dagoen bitartean, ez dut zalantzarik, beste hainbat gauzetan bezala, bidea egin egingo dela, argi baitdaukat euskal selekzioaren ofizialtasuna ere neurri handi batean gure esku dagoela. Beraz, ongi etorriak eta sorte on! Hori bai, guztion babesa beharko dela uste dut, nazioartean eta batik bat Espainia eta Frantziako agintariek euskal selekzioaren ofizialtasuna onartzeko jarritako estrabea edo listoia oso goian dagoelako. Ea ba, 2007ko abenduan EH-CAT partiduaren harira eman zen irudi jendetsua eta koloretsu hura berriro abenduaren 27an eta 28an Bilboko karriketan ikusteko aukera izaten dugun. Ezin dugu huts egin. Beraz, adiorik ez, eskerrik asko baino ez.