Agora Elkartea 20-21. ikasturtearen hasiera baldintzekin kezkaturik
Euskal Herri kohesionatu eta berdinkide bat erakitze aldera, Hezkuntzaren papera estrategikoa da eta horretarako ezinbestekoa da ezberdintasun sozialean sakondu dezakeen edozein kasuistikari aurre egiteko baliabide guztiak indartzea, zaurgarrienak ere babesteko aldera
EAEko Filosofia Irakasleak biltzen dituen Agora Filosofia Elkarteak Covid19aren pandemiak eragindako egoera dela eta, Hezkuntza Sailak datorkigun ikasturtean ezarritako baldintzen inguruko kezka adierazi nahi du.
Batetik, Batxillergoko eta DBHko ikastaldeen ratioek bere horretan jarraitzeak(30 ikasle batxillergoan eta 25 ikasle DBHn, errepikatzaileen kopuruak ratioa gainditu dezakeelarik) eragingo dituen jende pilaketak ezinezko bihurtzen du covid19aren aurrean ezarri den Ikastetxeetarako Jokaera Protokoloaren segurtasun- eta garbitasun-neurriak gauzatzea. Gauzak horrela, ikasleen, langileen eta irakasleon zein beraien hurbilekoen osasun-baldintzak arriskupean jartzen ari dira.
Bigarrenik, agerikoa da 20-21 kurtsoaren berezitasunei aurre egitea ezinezkoa izango dela baldin eta garbitzaile, administrazio-langile, irakasle eta laguntzaile gehiago kontratatzen ez badira, irakaskuntza, garbiketa/desinfekzioa eta antolaketa behar bezala gauzatu daitezen.
Hirugarrenik, 20-21 Ikasturtearen Antolaketarako Ebazpenak, Hezkuntza Premia Bereziak zein aniztasunaren lanketari dagokionez, balizko baliabide gehigarrien inolako aipamen zehatzik ez du egiten. Are gehiago, zenbait baliabide murriztuak edo ezegonkortuak izaten ari dira (Hauspoa, hizkuntza errefortzurako programak, Bidelaguna bezalako programak, gorrekin lan egiteko zenbait lantaldeen desegonkortzea…). Arrakalak (teknologikoa, sexu-arrakala, hizkuntza-arrakala, bazterketa soziala…) are sakonagoak bihurtu daitezke baita hezkuntzan ere, horregatik ezinbestekoa da programa bereziak martxan jartzea edo daudenak indartzea.
Laugarrenik, nabarmentzekoa da IRALE programari emandako kolpea, orain inoiz baino beharrezkoagoa izango denean Euskararen Normalkuntzara bideratutako programak indartzea, ikasleen artean hizkuntza-arrakala handitu ez dadin eta euskararen normalkuntzan atzerapausoak eman ez daitezen.
Bosgarrenik, egoera pandemikoak planteatutako irakaskuntza-ikaskuntza ez presentziala gauzatzeko plantemandu zehatz baten eza nabarmendu nahi dugu: egokia litzateke irakaskuntza telematikoa bideratzeko, diru-baliabide publikoak enpresa digital handien irabaziaren mesedean uzten ez duen plataforma orokortu bat sendotzea eta baita ikastetxe guztien arteko irakaspen digital koordinatua bermatzea ere.
Azkenik, Hezkuntza Sailak argitaratutako protokolo orokorrean esaten da ikasleriaren «alderdi emozionalak eta arreta pertsonalizatua lantzea» ezinbestekoa dela eta «lehen astean, bizi izandako egoera ikuspegi afektibo-emozionaletik baloratzea» komenigarria izango dela, lan hori deskribatu edo gehiago azaldu barik. Orientabide argien falta honek kezkatzen gaitu eta zalantzak sortzen dizkigu: nola bermatu ikasleen eskubide hau? Zein jarraibidez baliatuko gara irakasleok?
Bestalde, ez dugu ahaztu nahi burokrazia areagotzeak eskatzen duen denbora inbertsioak funtsezko zereginetik urruntzen gaituela, hau da, irakaskuntza eta heziketa-lanetatik. Hezkuntza kalitatearen izenean eskatzen zaigun burokrazia-lanak ez du bermatzen inondik inora irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren hobekuntza.
Euskal Herri kohesionatu eta berdinkide bat erakitze aldera, Hezkuntzaren papera estrategikoa da eta horretarako ezinbestekoa da ezberdintasun sozialean sakondu dezakeen edozein kasuistikari aurre egiteko baliabide guztiak indartzea, zaurgarrienak ere babesteko aldera. Ikas komunitate osasuntsu eta kritikoaren bidean lan egin nahi dugu Agora Elkartetik eta, sinez uste dugu, bide horretan sakontzeko premiazkoa dela behar diren baliabide guztiak mahai gainean jarri eta ikas komunitatea osatzen dugun guztiokin elkarlanean modu koordinatu eta gardenean lan egitea.
Hezkuntza Sailak gaur-gaurkoz halako neurriak hartzeko asmorik agertu ez duelarik, Agora Elkarteak adierazi nahi du baldintza hauetan ezinezkoa ikusten dugula bermatzea ikastetxe barruko osasun- eta garbitasun-neurri egokiak, ez eta irakaskuntza-ikaskuntza presentzial nahiz ez-presentzial aproposik ere.