Ai ze zaila den!
Urriaren 25ean Amnistiaren Eguna ospatu zuten Makean. Preso den Lorentxa Beyrieren gutun bat irakurri zuten ekimenean. Kanboarra bada hamalau urte preso dagoela; 32 urteko kondena du. Iraila hasieran, Pariseko dei auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna ukatu zion.
Ai ze zaila den paretarekin, burdin-sarearekin edo bizkarra erakusten daukunarekin negoziatzea.
Ze zaila den fidatzeko aukerarik gabe, negoziatzera ausartzea. Ze zaila den parekoa irainka ari zaukularik.
Alta, gai batzu ez ditugu bakarrik konpontzen ahal eta amnistiarena hoitakoa da, Frantzia ta Espaiñarekin dugun istorioa da.
“Amnistia bai” ala “Amnistia ez” galdegiteko ordez, amnistia noiz, nola, ze helbururekin pentsatu behar ginukeela uste dut. Definizio egokia atxeman behar dugula, amnistia zer izan beharko zen definitu behar dugula.
Zer da guretzat ?
Zer da beraientzat ?
Gai inportantea da, etorkizunean gutaz ainitz erranen duelako. Zer amnistiatu zen eta zer ez?
Gerlen ondotik zer estali, zer gibelean utzi, zer onartu, erabaki behar da, ta amnistiak horretan laguntzen du. Guk ere tresna hori erabili behar dugula iduritzen zaut.
Sasi-damuketa, sasi-barkamen, sasi-askatze, sasi konponketa arriskuak dirau Euskal Herrian. Parekoek ez gaituzte xutik nahi, ta maleruski badirudi hori barneratua dugula, batzuetan. Bainan zapalketaren kontra altxa ginen ta gure oldarra kriminalizatua izan da.
Amnistiarik gabe hola geldituko ginateke, oldartzea kriminalizatua litzateke ta oldartzeko manera guziak onartezinak litzatezke.
Presoak, oldar kolektiboaren parte bat gira, parte ikusgarria. Iceberg-aren punta bat, gu “zikinak” girela erraitea mugimendu osoa “zikina” dela adieraztea da. Gisa batez ala bestez damutuak, barkamena galdegiten, egindakoa gaizki dela erraiten baldin baginu, Euskal Herriaren aldeko borroka oro gaitzetsia litzateke.
Aurten, azken hamarkada luze hauetan bezala, kide frango frantses eta espaiñol epaileen aintzinetik pasa gira, ta han ikusi duguna argi da : Guk dugu erru osoa ta gurekin zer egin erabaki behar dute.
Hori da preseski utzi behar ez dieguna, ez dira beraiek erabakitzen duten bakarrak. Oldartzen giren momentutik erabakitzen ari gira. Amnistiaren tresnak horrentzat ere balio du, etorkizunean nahi dugun Euskal Herria eraikitzeko tresna bat da.
Presoak kartzelatik ateratzea baino gehiago dela iduritzen zaut. Oldartzeko ta erabakitzeko eskubidearekin zerikusia du.
Kontent naiz gaur zuen artean izaitea, borrokalarientzat amnistia aldarrikatzen…
Ze errexa den, nahi duguna dakigularik, nor giren dakigularik, norekin nahi dugun dakigularik, munduaren aintzinean altxatzea.
Besarkada haundiak dener,
bihotzez, Lorentxa Beyrie