«Aldaketa» edukiz betetzeko garaia
Ehun egun egin ditu Nafarroako Gobernu berriak. Ehun egun egin ditu, Geroa-Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdien arteko akordio programatikoak. Baita hitzarmenean jasotzen diren adostu gabeko, eta adostasunik gabe jarraitzen duten gai ezberdinek ere. Hizkuntza politikari dagokionez, euskaldun ororen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskararen Lege berri bat egitearenak.
Nafarroa Garaian gobernu aldaketa izan da beraz, baina «Vascuencearen» legeak indarrean jarraitzen du, jarraituko du, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen zonifikazioa ez da epe motzean desagertuko. Hala ere, gobernu berria agintera iritsi denetik, azkartasunez jokatzen jakin duela onartu beharra dago, gai honetan behintzat. Hizkuntza politikan sakoneko aldaketarik eragin gabe, Euskararen Lege berri bat egiteko prozesurik abian jartzeko asmorik erakutsi gabe, eta aurreko legegintzaldi bukaeran onartu ziren hainbat neurri baliatuz, euskaltzale askok aldarrikatzen genuen aldaketa irudikatzeko gaitasuna demostratu baitigu: D eredua eskaera egin duten «zonalde ez-euskalduneko» hiru herri berritan ezarri du; Euskalerria irratiari aspaldi zor zitzaion irrati lizentzia egun gutxitan eman dio; “Berria” liburutegi guztietan eskuragarri jarri du; Euskararen Nafarroako Kontseiluaren azken bilerak Euskarabideari eskumen berriak eman dizkio; ETB era digitalean ikustea lortu du Iruñerrian; azken hiru urteetan euro bakar bat ere jaso ez duten euskaltegiei 132.000 euroko diru laguntza banatuko die eta, 2016. urterako, euskarazko 225 irakasleendako lan eskaintza publikoaren proposamena aurkeztu digu azken egunetan.
Aipatutako keinuak garrantzitsuak izan dira oso, urteetan administrazioen laguntzarik gabe euskaldunok zeharkatzen aritu garen erdaren basamortuaren erdian, oasi bat topatu dugu. Kontua da, gobernu aldaketak berez, honek hartu dituen neurri-erabaki puntual esanguratsuekin batera, jendartea –euskaltzaleok batez ere–, «Vascuencearen» legearen aldaketa eta euskararen ofizialtasuna izkinaren bueltan daudela pentsaraztera eraman gaituela. Ezkutatuz edo ez esanez, ehun egun hauetan egindako horretatik harago, euskaraz bizitzea posible egin dezakeen, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dizkigun Euskararen Lege berri bat ardatz izango duen hizkuntza politika bultzatzeko asmorik ez dagoela. Gobernuak, adostu dituen egitasmoen artean, ez baitu kontenplatzen euskaldunon hizkuntza eskubideen bermerako neurri berririk hartzea, horiek gauzatzeko epeak finkatzea eta, beharrezkoak liratekeen baliabideen aurreikuspena egingo lukeen plangintza parte-hartzailerik martxan jartzea –irakaskuntzako lan eskaintza publikoaren proposamenak eragindako zurrunbiloa, horren ondorio eta adibide–. Horrek suposatuz, behin oasiaren ura agortuta, basamortuaren erdian jarraitzeko arriskua daukagula.
Baten batek pentsa dezake erritmo-abiadura parametroetan kokatzen dela euskaraz bizi bidean garatu beharreko hizkuntza politikaren eztabaida. Hots, aldaketak urgentziaz eta azkar egin behar direla aldarrikatzen duenaren eta poliki baina seguru egin behar direla esaten duenaren artean. Izan liteke, baina eztabaida termino horietan kokatzen hasteko, abiapuntua, helburua, eta helburura iristeko proposatzen den bidea zein den ezagutu, eta horretan ados egon beharko genuke denok lehendabizi.
Eztabaida abiaduran baino bidea egiteko moduan kokatzen da: Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dizkigun lege berri baten babespean bidea egiten hasi ala eskubide horiek guztiak urratzen dizkigun, eta edozein neurri bermatzaileren aplikaziorako galga izango den «Vascuencearen» legepean bidea egiten jarraitzearen artean. Nafarroako Gobernuaren eta gobernua osatzen duten alderdi politikoen isiltasuna, hitzarmenak dioen horretan preso, adierazgarria da. Parlamentuan eta hedabideetan Euskararen Lege berri bat sortu edota euskara ofizial izendatzearen gaiak tabu bilakatzeraino.
Besteren batek Nafarroako Gobernuak hartutako norabidearen gainean iritzia emateko elementu nahikorik ez dagoela esan, edo mutu mantenduko da. Eztabaida ekidin nahian, edota laster iritsiko diren aurrekontuetan bereziki zentratuz. Horien arabera, gobernuaren aldetik beste hizkuntza politika berri bat martxan jartzeko borondaterik dagoen edo ez baloratzen hasteko. Ahaztuz, hizkuntza politikaren diseinuan, helburuak izaten direla normalean aurretik finkatzen direnak, gerora, behar diren tresnak eta baliabideak zehazteko. Bide batez, zeharka aditzera emanez, jasoko dituen diru laguntzen araberakoak izango direla haren ondorengo balorazioak.
Urteetako auzolanak hizkuntza politika eragingarria eta burujabea indarrean jartzeko abagune-egoera honetara ekarri gaitu. Ez da beraz, UPN gobernutik kanporatu izanarekin konformatu, epelkerietan jausteko, eztabaidak saihesteko, edo ostrukarena egiteko unea. «Aldaketa» edukiz betetzeko garaia da. «Aldaketaren Gobernua» izenarekin bere burua izendatzen duen gobernuari, erroko aldaketak exijitzeko garaia.
«Vascuencearen» legeak 29 urte beteko ditu laster. Aukera paregabea dugu euskaldunok, urrats berri bat aurrera eman, eta pairatzen dugun lege arrotz-diskriminatzailearen indargabetzea erdiesteko; hizkuntza politika eragingarri propioa aldarrikatzearekin batera, Euskararen Lege berriaren oinarria jartzen hasteko. Ekin diezaiogun.