Iñaki Lasa Ustariz
Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko burua

Aldaketa: egoera batetik beste egoera batera pasatzea

Zapalduarentzat bazterkeria, umilazioa eta bere kontrako jazarpen sistematikoarekin bukatzea garrantzi handikoa da. Tratu ona maite du urteetan jazarriak, hitz goxoak maite ditu irainduak, esku beroa maite du baztertuak.

Aldaketarekin egiten du amets zapalduak, nor dela sentitu beharra du, aintzat hartua dela, bere eskubideak errespetatzen direla, berdintasunarekin eta askatasunarekin egiten du amets zapalduak. Amets egiten du.

Amets egin dugu urte luzeetan. Amets eta lan egin dugu irautea irabaztea zela pentsatuz, amore eman gabe, baldintza txarretan baina duintasuna galdu gabe. Bakoitzak apur bat jarriz, denon artean eraikiz, langintza kolektibo erraldoiak eman digu itxaropena. Egoera inoiz aldatuko zenaren itxaropenak iraunarazi digu, 100 urtez irauten duen gaitzik ez dagoela konbentziturik egin dugu lan.

Nafarroako aldaketa haizeek altxarazi ziguten burua. Oraingoan bai! zioten eszeptikoenek, jada ile urdinak orrazten dituzten horiek. Orain kajoietan gordetako proiektuak garatzeko baliabideak izango ditugu, orain errazagoa izango da ikastea, irakastea, erabiltzea, orain baztertzen gaituen lege hori aldatua izango da eta nafar denak berdinak izango gara, orain administrazioak gure hizkuntza eskubideen zapalkuntza sistematikoari bukaera emateko planak sortuko ditu, orain belaunaldi berriak oso osorik euskalduntzeko irakasteredua indarrean jarriko dugu, orain, orain...

Baretu da haizea eta errealitatearen gordinarekin egin dugu topo, berriro ere. Herritarren eskubideak ardatz omen dituzten ezkerreko horiek nafar euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketarako oinarri juridikoa eskaintzen duen Vascuencearen legea haiei esker ez dela aldatuko harrokeria jasanezinaz defendatzen ikusi ditugu. Hizkuntza politika erabat baldintzatua geratzen da erabaki horrekin nekez normalizatzen ahal delako hizkuntza bat ez bada arkitektura juridiko egokirik sortzen.

Baliabideen aukera ere, ezerezean. Diru sail garrantzitsuetan «aldaketaren» gobernuak UPNk krisi urteetan ematen zuena baino gutxiago eskainiko du euskara normalizatzeko, hizkuntzak dituen beharretatik oso oso urrun. Aurkeztutako aurrekontuek ez dakarte erroko aldaketarik, kontinuistak dira erabat. Garatu ezinezko proiektu horiek denek kajoietan segituko dute, jendeak dirutzak ordaintzen segitu beharko du euskara ikasteko irakasleek lan baldintza zailetan  jarraitzen duten bitartean, administrazioa euskalduntzeko baliabiderik esleituko ez dutenez hizkuntza eskubideen urraketari ez zaio bukaerarik emango, alor sozioekonomikoa euskalduntzeko sos bakar bat ere ez denez esleitu lan munduarentzat euskarak arrotz izaten segituko du...

Zenbakiek berezko hizkuntza dute, diskurtso gardena:

UPNk helduen euskalduntzerako 2008an 510.000 euro eskaini zituen; 2009an, 400.000 euro, eta 2010ean eta 2011an, 394.381 euro. Bada, «Aldaketaren Gobernuak» 300.000 euro esleitu ditu, ingelesa irakasteko CNAIri 412.446 euro eman dizkion bitartean. Are gehiago, 2010ean Nafarroa Baik zuzenketa bat sartu zuen 2011ko aurrekontuei begira partida 563.227 euroan handitzea proposatuz, alegia, osotara diru sail hori 1.000.000 eruora igotzea proposatuz. Orain marka politiko horren oinordekoek 300.000 euro eskas eskaintzen dute Gobernuan daudela… Nola ulertu behar da hau?

Euskarazko hedabideen alorrean, 250.000 euro esleitu ditu Gobernu berriak, UPNk 2008an 310.000 euro eta 2010 eta 2011an 230.000 euro esleitu zituen bitartean
Euskarabidearen aurrekontua ez da aurrekontu osoaren %0,1 besterik.

Bestalde, administrazioan zirkuituak sortuko zirela adostu zen gobernu akordioan baina, hala ere, ez du horrek isla garbirik aurrekontuetan. Nafarroak ez du inoiz administrazioa euskalduntzeko plangintzarik garatu. Garrantzia estrategiko handia du zeregin horri hasiera emateak eta ezin ditugu beste lau urte galdu.

Ikusten denez, tamalez, aurrerantzean ere, iraganean bezala, herritarron bultzadaren araberakoa izango da aldaketa. Jendea erakartzeko eta inplikatzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da aldaketaren nolakotasuna eta arrakasta, euskaldun bezala irauteko dugun gogoaren araberakoa.

Recherche