Iulen Romaratezabala
Alde Hemendik Mugimendua

Alde Hemendik!

1492, Urriak 12. Colonek errege katolikoen babesarekin Asiako aberastasunen bila bide lagurrago bat aurkitu nahian «mundu berriarekin» egin zuen topo. Mundu berri bat, jende berri bat, kultura berri bat... eta urre ta zilar meategi berriak. Herri indigenen zapalkuntzak espainiar inperioaren zabalkundeari indarra emateaz gain gerora ezarriko zen gizarte kapitalista garatzeko beharrezko aberastasunen pilaketa ekarri zituen.

2013, Urriak 12. Beste urte batez Espainiar estatuak bere festa nazionala ospatuko du, mundu berriaren aurkikuntza kulturen arteko topaketa bezala salduz, espainiar herriaren ohorea goratuz eta beraien indar armatuak kalera ateraz. Eta euskaldunoi jai egun arrotz bat inposatuz.

Urriaren 12an ospatzen du Guardia Zibilak ere bere zaindariaren eguna, baita Euskal Herrian ere. Egun arrotz batetan gorputz polizial arrotz batek gure herrian festa egiten du. Festa egiten du egun batez, ze gainontzeko egunetan gure herria militarki okupatzeaz, euskaldunak atxilotu eta torturatzeaz, euskal herritarrak kale, errepide eta mendietan kontrolatzeaz arduratzen bait da. Badakigu zein den Guardia Zibilak Euskal Herrian duen historiala. Beldurraren legea ezarri digute, kontroletan umiliatu gaituzte, lagunak atxilotu eta jipoitu dituzte, senideak hil dizkigute, egunkari eta irratiak itxi dizkigute... eta hau guztia garai bateko inperio haren bihotza d(u)en espainiar estatuaren inpunitate eta babes osoarekin.

Irailean pasa denak erakusten du zein den Guardia Zibilak gure herrian duen egitekoa. Espainiar identitatea ezarri nahi digute herri honentzat bakea eskatu eta jorratzen ari diren herri mugimenduak ixilaraziz. ETAk borroka armatua utzi duen honetan, Euskal Herriak garai berri bati ekin dion honetan, Espainiar estatuak formula zaharrekin jarraitzen du.

Altsasun herria militarki okupatu zuten Ospa! egunean, herritarrei aldarrikapenerako eskubidea ukatuz. Leitzan barne ministroaren bisita izan zuten, herriarena den eraikiniean jarraituko dutela esateko. Eta hile bukaeran preso eta iheslarien eskubideak alkarrikatzen dituen herri mugimendu baten aurkako operazioa jarri zuten martxan.

Herri honek urteak daramatza beraien presentzia salatu eta alde egin dezatela eskatzen. Pauso bat eman eta pankartetatik jauzi egiteko momentua da. Mobilizatzeko momentua. Kuartela daukaten herriek ezin dute elementu hauek gure herrietan lasai ibiltzea onartu.

Alde Hemendik! mugimenduak dei egiten die herri eta eragileei kanpoko indar armatu hauen aurka ekitera.

Euskal Herriak bakea behar duelako, Alde Hemendik! Utzi pakean!

Recherche