Gorka Elejabarrieta
GAUR8

Alderdi abertzaleak

Europako estaturik gabeko hainbat herri independentziarako bidean aurrera doaz. Egun horren adibide argienak Eskozia eta Katalunia dira dudarik gabe, baina aurreko astean Iñaki Sotok orrialde honetan bota zuen ideia bati heldurik, beste kasu batzuk aztertu nahiko nituzke. “Eta Kataluniak aurrera egingo ez balu” artikuluan zera zioen Iñakik: «Sezesio prozesuak martxan jarri dituzten herrialdeetan ez da alderdi abertzaleen arteko hegemonia gatazkarik egon. Baltikoan, Balkanetan, Quebecen eta Eskozian ez da zalantzan egon zein den alderdi hegemonikoa».

Bada, datu horrekin ados egonik, azken hamarkadan Europako estaturik gabeko hainbat herritan alderdi abertzaleek izan duten gorakada aztertu nahiko nuke. Abertzaleen artean hegemonikoa izatetik beren herriko alderdi nagusia izatera pasa baitira kasu askotan. Eskoziako alderdi abertzaleen artean SNP da alderdi hegemonikoa, aspaldi, baina oraintsu arte alderdi laboristak Eskozian zuen babes nagusia irabazteko gai ez da izan. Berdin gertatu da Groenlandian, Faroe uharteetan edota Flandrian bertan ere.

1998ko bake akordioak adostu eta gero ere SDLP baina babes gutxiago zuen Sinn Feinek, legealdi bat bakarrik behar izan zuen 2003ko Ipar Irlandako Asanbladarako hauteskundeetan komunitate abertzalearen baitan alderdi bozkatuena bilakatzeko. Aipatutako herriotan, azken hamarkadan, alderdi abertzaleak beraien herrietako alderdi bozkatuenak bilakatu dira eta kasu gehienetan –ez guztietan, Flandrian oraindik ez–, gobernua eskuratu dute ondorioz. Horrek prozesu sezesionistak biziki azkartu ditu.

Ba al dago erlaziorik kasu hauen guztien artean? Kointzidentzia al da denboran aldi berean gertatu izana hauek guztiak? Nire ustez badira zenbait antzekotasun garrantzitsu. Europako hainbat estatuk –ez guztiek (Frantzia eta Espainia esaterako)–, estaturik gabeko herriekiko jarrera aldatu dute. Haien lurraldearen batasuna modu eraginkorrago batean ziurtatzeko, jarrera ez demokratiko bat izatetik jarrera demokratiko bat izatera pasa dira. Kasuotako batean ere ez zaio estaturik gabeko herriari modu legal eta esplizitu batean autodeterminazio eskubidea onartzen, baina, era berean, herrion erabakitzeko eskubidea ez da eta ez du inork dudan jartzen. Ez abertzaleek ez eta unionistek ere. Horregatik, Groenlandiak eta Eskoziak erreferendumak burutuko zituztela adierazi zutenean, Londres eta Kopenhageren babesa jaso zuten.

Urteetan oso gatazkatsua izan den erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida gainditua izan da kasu hauetako askotan. Eta gainditze horrek normaltasuna ekarri du herriotara. Ondorioz, alderdi abertzaleen diskurtsoa –eta bereziki praktika politikoa– zeharo dibertsifikatu da herriotako gehienetan, eta hauteskundeak irabazi ahal izan dituzte, ez euren agenda sezesionistagatik bakarrik (ere bai), baizik eta defendatu eta aurrera eraman duten praktika politikoak herritarren gehiengoa konbentzitu duelako. SNP, N-VA, Republican (Faroe uharteak) edo Inuit (Groenlandia) bozkatu duen jende asko ez da abertzalea eta ez du alderdion alde horregatik bozkatu.

Europar Batasunaren garapena ere gako izan da herri hauetan gertatu den abertzaletasunaren gorakada ulertzeko. Europar Batasuna eskumen gehiago bereganatzen doan heinean, bertako kide den estatu baten menpe egoteak gero eta zentzu gutxiago dauka. Estaturik gabeko herrien egoera ezberdinaren araberako bi arrazoi nagusi nabarmenduko nituzke. Europar Batasunean dauden estaturik gabeko herriek Bruselarekin eta Bruselan ordezkaritza zuzena nahi dute. Eraginkorragoa da haien interesak defendatzeko. Zertarako Madril edo Londresetik pasa Bruselara iristeko? Faroe uharteen eta Groenlandiaren kasua oso desberdina da. Europar Batasunetik kanpo daude, nahiz eta Danimarka kide izan. Danimarkak Europar Batasunaren esku uzten dituen eskuduntzak nork betetzen ditu Faroe uharteetan eta Groenlandian?

Eskozia eta Katalunia aurrealdean dituen tren independentista aurrera doa Europan zehar eta bagoi asko dauzka. Izan gaitezen gu bagoi horietako bat, jorra dezagun gure bide propioa.

Recherche