Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Alderdiak eta aberriak

Udaberrian hauteskunde ziklo luze batekin amaitu ondoren eta hurrengorako bi urte luze gelditzen diren honetan Euskal Herriko alderdi politiko esanguratsuenak barne berrikuntza betean daude. Batzuetan urak bare doaz eta ezusteko gutxirekin, besteetan berriz nahasi, duela ez hainbeste espero ezin zitezkeen biribilgunez beteriko bidean.

Zentzu horretan PSEn lasai doa guztia. Euskadi: Hemen eta orain du 10. kongresuak izenburua. EAEko zuzendaritza ezbaian jarri gabe, eta lurraldeetakoan ere sorpresarik gabe, idatzitako gidoiari jarraituz. Haiek diotena irakurriz, orain ei da Euskadi egiteko, herria egiteko apustua egiteko unea (apustua nirea, azkenekoz noiz ez ote duten esan hori, behin eta berriz, seguruenera). Baina egiari zor, emaitzak emaitza dira eta ezin dakioke alderdi horri bere ahalmenen %150 lortu ez duenik esan. Dituen bozkak kontuan izanik, lehen eta bigarren alderditik hain urrun egonik, instituzio nagusi guztietan dago, hainbeste gainbaloratzen den egonkortasuna izanez, gainera. Nafarroan zer esanik ez, PSNk aldaketaren gobernuari tokia hartu eta estuasun handiegirik gabe darrai gobernu jardunean. Emaitzen kontu horrekin ez dirudi Chivitek bere lidergoari eusteko zailtasunik izango duenik. Ez dakit Euskadi egitea edota Nafarroa progresista egonkortzea lortuko duten, baina badute lasaitasuna datozen 2-3 urteetarako.

EAJren barruan, baina, gauzak ez doaz hain bare. Azken hauteskunde zikloak EAEko instituzio nagusien argazkia aldatu ez badu ere (PSEri eta Bizkaiari esker nagusiki), ahuldade politikoa ezin ezkutatu ibili da alderdi nagusia. Gobernuetan jarraitu, baina dekadentziaren iruditik ezin aldendu. Hori litzateke spoilerra. Urkullu lehendakariaren erreleboaren harira egindako kudeaketa eskasak alderdiko buruzagitzaren erreleboaren kudeaketa are kaskarragoa ekarri duela esango nuke. Bi kasuetan erreleboak egitea gauza naturala izan zitekeen. Politikan jendea etorri eta joan egiten da, inor ez da ezinbestekoa (politikagintza profesionalean egoak eztanda egin behar diela diruditen asko egon arren, gizonkoteak gehiengo osoz).

Beraz, bai Urkulluren aldaketa, bai eta Andoni Ortuzarrena ere, modu naturalean egin zitezkeen. Ez dakit noizbait jakingo ote dugun Aitor Estebanek Ortuzarrekiko desleial jokatu ote duen, leialtasunik ere zor ote zion, ze aizu, joko arauetan inon ez dago ezarrita alderdi bateko buruzagiak jarraitu nahi badu horregatik soilik jarraitzen utzi behar ote zaion... Ortuzar saiatu da elegante joaten, baina izan gaitezen zintzoak, elegantzia ez da inoiz bere “fuertea” izan eta anbizioaz (besteenaz) hitz egin du eta gogorarazi berak irabazi duela, beste biek batuta adina gainera,  lehen bira. Banaketarik ez egotea aldarrikatu du agurrean, batuketaren garrantzia, zatiketetan esperientzia duen alderdiko buruzagiak. Eta arrazoi du. Alderdi kohesionatua beharko du aurrerantzean une askoz gozoagoak bizi izan dituenak. Ez dira haientzat garai onak, baina euren instituziotako kudeaketa gertutik jarraituz gero berehala konturatzen da bat, egin zezaketen emendakinik onena ez zetorrela errelebo “generazional” edo nominatiboei lotuta, aspaldiko politika zaharkituei eta erregimen izaerakoari baizik, Ortuzar aferak baino kalte gehiago egin baitio Sagarduiren izendapenak alderdiari praktika nepotista, prebarikatzaile eta korruptuak gogorarazten dizkieten jendarteko politikarekiko sektore desatxikituei. Ikustear norabide berria, ikustear gure herriaren etorkizunarekiko duten proiektua “Euzkotarren aberria”-tik harago.

Bitartean, isilik eta bare joan da Euskal Herria Bilduren Kongresua. Ezkerreko independentismoaren  erreferentzia eta iparra, estrategia ez agian hain poetikoarekin, baina kontuen emaitza izugarria izanik (eta ez naiz soilik hauteskunde emaitzez ari) lasaitasuna izan da nagusi.

Zuzendaritza berriak eta alderdi mugimendua osatzen dugun militanteok badugu arnasa patxadaz hartu eta etorkizunari itxaropentsu eta ilusioz begiratzeko motibo andana.

EH Bilduk, halere, alderdi konbentzionala ez dela behin eta berriz aldarrikatzen duen arren, herri askotan gobernatzen eta instituzio nagusietan ere proposamen sendoak egiten dihardu. Batzuetan horrek hautsak harrotzea ekarri du azken urtetan, baina ni erabaki eta proposamen horiez nago harroen. Politika konbentzionalak hautes kalkuluak egiten dituen bitartean, beste batzuk herri hau beste toki batera eramateko ausardia izan baitugu, horrek kostu politikoak ekar zitzakeela jakitun izan arren. Aurrerantzean ere herritarrekin, antolatuta daudenekin eta ez daudenekin, etengabeko elkarrizketa egin beharko da, egingo duguna esplikatzeko eta ulertarazteko. Zergatik erabaki hau edo posizio politiko hura, taktikotasuna ondo esplikatuta, atxikimenduak eta konplizitateak lortzeko tresna ederra izan ahal dela konbentzituta bainago.

Eta pankartari eusten jarraitu. Aste honetan oraindik Gipuzkoako diputatu nagusiak “pankarta”-ren mantra erabili du, pankarta eusteak lotsa emango baligu lez. Izan ere hori gara gu: pankarta eta proiektua, proiektuaren defentsa instituzioetan eta kalean. Esentzia horri eustea eta alderdi konbentzional ez bilakatzea izango da aurrean dugun erronka nagusietako bat. Hori eta gizarte sektore zabalei instituzioetako lana, poetikoa izan ez arren, ezinbestekoa dela konbentzitzea.

Eta zintzotasun militantea azken bururaino eramatea. 7Kan duela aste batzuk eskainitako elkarrizketan, Arnaldo Otegik behin eta berriro aipatu zuen zintzotasun militantea. Zintzotasuna eta apaltasuna. Asko gustatu zitzaidan, bi hitz horien atzean dagoen sakontasun karga ez baita makala. Bi balore politiko nagusi horiekin lan nekaezina egin eta proiektua eraikitzen segitu behar dugu. Ederra da datorkiguna, aukerak parez pare ditugu, aprobetxa ditzagun. EH Bilduk gaztetasuna adina badu jada esperientzia: Alderdia tresna, aberria helburu.

Recherche