Maite Atzelai, Aitana Bengoetxea eta Ane Insausti

Altsasuko herriari

Altsasuko «Aita Barandiaran» egoitzako langileok pairatzen ditugu lan prekarietate baldintzak, jasaten dugun estres maila eta bizi dugun egoera zaurgarria salatu nahi dugu, eta horrela, gure nazka adierazi.

Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan lan eginez, jaiegunak barne, gure soldata ez da hilean 1350 eurora ere iristen, eta hori kasurik onenean.

Urtean 240 ordu gehiago lan egiten ditugu, egutegia koadratu ahal izateko. Aparteko ordu horiek ez dira ordaintzen, ez ekonomikoki, ez opor− edo atseden-egunetan. Eta are okerrago, aurten, behin baino gehiagotan, gure atseden-egunetan lanera joan behar izan dugu, udalaren aurreikuspen faltagatik, ez baitu inoiz lan-poltsarik egin eta ez baitu zentroan lan egin nahi edo ahal duen pertsonarik aurkitzen.

Zergatik ote?

Aurreikuspen faltaz ari garela, une honetan egoitzak ez du mantentze-lanposturik, 30 urtez bete duen pertsonak erretiroa hartu duelako. Jakinda oso tarte zabalarekin, nola liteke udalak plaza huts hori betetzeko deialdirik egin ez izana, eta orain egin behar izatea.

Plantilla osatzen dugun langile kopurua hain txikia denez, puntako orduetan jasaten dugun estres maila jasanezina da. Horrek eragina du gure aldartean, eta nazkatuta sentiarazten gaitu.

Zaintzaileenplantilla, teknikari soziosanitarioek plantillak bost pertsonarekin osatzen ditugu, goizeko eta arratsaldeko txandetan, eta bi gaueko txandetan. Erakundeek etengabe adierazten dute zentro geriatrikoek arreta integraleko zerbitzua eskaini behar dietela erabiltzaileei, ahalik eta kalitate-mailarik handiena lortzeko. Noski, helburu horrekin bat egiten dugu, eta ahal dugun neurrian betetzen saiatzen gara.

Benetan sinesten al dute erakundeek plantilla horiekin aipatutako helburua bateragarria dela?

Azkenik, azpimarratu nahi dugu senide gehienen babesa izan arren, batzuetan irainak eta mehatxuak jaso ditugula. Salatzera joan garenean, jasotako erantzuna pazientzia izatea izan da. Hori dela eta, kasu horietan ere ahul sentitzen gara.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche