Amaitu da zuen jokoa

Artikulua sinatzen duten Ernaiko lau militante nafarrek maiatzaren 26ko hauteskundeen aurrean duten ikuspuntuaz dihardute: erregimena pitzatzen jarraitu eta aldaketaren Nafarroaren aldeko hautua adierazi dute, egunerokoan esparru ezberdinetan eraiki behar dela iritzita.

15/05/2019

Nafarroa defendatzen dutela esaten dute gure autogobernua eta foralitatea lapurtu nahi digutenek. Inposizioaz mintzatzen dira euskararen kontra manifestazioak egiten dituztenak, urte luzez gure hizkuntzaren kontra neurriak hartu dituzten horiek. Identitarioak garela esaten digute, baina beren akatsak ezkutatzeko erabiltzen dituzte geure ikurrak. Diskriminazioaz aritzen dira geure herrian euskaraz bizitzeko eskubidea zonifikatu dutenak. Nazionalismoaz hitz egiten dute Nafarroa bat eta bakarra nahi dutenek: Nafarroa foral eta espainiarra.

Hau da Erregimen zaharraren oinarria: txuri-beltzeko Nafarroa, UPN eta PSNren Nafarroa, Sanz eta Barcinaren, Esparza eta Chiviteren Nafarroa otzana, porlan eta hormigoizko Nafarroa, Opus Deirena, sanferminetako bortxatzaileena eta hauek babesten dituzten auzitegiena. Trikornioaren Nafarroa.

Geure ahotsak gazteak dira, baina ez dugu memoria galdu. Atzerantz begiratzen badugu, esan dezakegu azken lau urteotan erregimena botatzeko eta honi arrakalak irekitzeko prozesua martxan jarri dugula; asko geratzen zaigu egiteko, eta asko borrokatzeko. Espazio guztietatik jarraituko dugu lanean, bide honetan sakontzen.

Seguru gaude posible dela. Badakigu posible dela. Diskurtso ezkorren gainetik eta erregimenak iragartzen zuen egoera apokaliptikoaren gainetik, gaur alternatiba egon badagoela esan dezakegu; esan dezakegu aldaketa geratzeko etorri dela. Eta hau guztia posible da egunez egun hainbat eremutan egiten dugun lan guztiagatik: herrietan, auzoetan, lantokietan, udaletan, gaztetxeetan eta ikastetxeetan.

Gainera, beharrezkoa da. Gazteok egunez egun aurre egin behar diogu batere samurra ez den egoera bati eta bizi baldintza konkretu batzuei. Gure bizitzako esparru guztietan, prekaritatea eta esplotazioa egunerokoak dira: behin-behineko kontratuak eta lanaldi murriztuak; langabezia tasa altuagoa; emantzipatzea ia ezinezko egiten duen etxebizitza merkatua, eskubide ez eta etxebizitza bera luxu bilakatzen duena; soldata miserableak, enplegu bat baino gehiago izatera bultzatzen gaituztenak; emakumeon kontrako indarkeria; inolako espektatibarik gabeko bizitza; gure harremanak ere prekarioak izatera kondenatzen gaituzten erritmoak; bakarrik eta isolatuta nahi gaituen sistema. Aldaketan sakondu behar dugu gure interesak defendatzeko, gure bizitza baldintzatu eta prekarizatu nahi duten eliteen gainetik.

Aurrera begira jar gaitezen. Azken urteetan zehar aldaketa politiko eta sozial baten hasiera bizi izan dugu; burujabetza eta eraldaketa sozialerako erronka berriak jartzen dizkigu aldaketak mahai gainean. 2015ean erregimena Gobernutik eta udaletatik desalojatu genuenok aldaketan sakontzen jarraitu behar dugu. Aldaketa bultzatzen, badakigulako zein diren epe luzera begira duen potentziala eta aldaketa sozialerako sortzen dituen baldintzak. Ez da nahikoa izan; horrexegatik jarraitu behar dugu bide berean sakontzen.

Gazteok badugu zeresana eta zeregina, eta lanean jarraitu behar dugu. Azken hilabeteetan ikusi ahal izan dugun bezala, erregimenaren eta aldaketaren arteko talka gero eta argiagoa da: banderen aitzakiak, euskararen kontrako ekimenak, Skolae hezkuntza programaren aurkako oldarraldia... Erregimena oraindik bizi-bizirik dago, eta asko dago egiteko.

Gure bizitzekin jolasten ahal dutela uste dutenentzako mezu bat dugu. Nafarroa eta geure bizitzak ez daude jokoan, elite espainolisten sukurtsalari partida bukatzen ari zaio. Ez daitezela nahasi: egunerokoan eremu desberdinetatik Nafarroa burujabe, feminista eta sozialista kolektiboki eraikitzen eta erregimena ere kolektiboki pitzatzen jarraituko dugu. Badakigu aldaketaren Nafarroa indartzen jarraitzea dela Nafarroa libre, justu eta burujabeagoa eraikitzea.

Erregimena kolpatzen jarraitzeko ezinbestekoa da gazteria, ongi dakigu hori. Eta horrela erakutsiko dugu beste behin ere maiatzaren 26an, hautetsontziak boto gazte, errebelde, solidario, ezkertiar, antifaxista, euskaldun eta feministaz betetzen. Horrela, erregimenari irekitako arrakalan sakontzeko aukera onena EH Bildu dela uste dugu; are gehiago, aldaketaren bermea dela EH Bildu. Geldiezina izan behar den aldaketa bat, behetik eta ezkerretik eraikiko dena. Norabide berean lan egiten jarraituko dugu kaletik ere: Erregimena eraisten eta Nafarroa eraldatzen.

Gazteegiak gara itxoiten jarraitu behar izateko. Ez gaude prest inoiz helduko ez den zerbaiten zain egoteko, ez badugu guztion artean bultzatzen. Ez dugu zain egon nahi Nafarroa berri horrekin amets egiten jarraitzeko. Irabazi eta interes ekonomikoen gainetik nafarron bizitzak erdigunean jarriko dituen Nafarroarekin amets egiten dugulako. Nafarroa burujabe batekin, pertsonak erdigunean jarriko dituena, bizitzak erdigunean jarriko dituena. Nafarroa ez dagoelako jokoan; 26an ere asko dugu esateko.

Articles
Antonio Alvarez-Solís
16/09/2019
José Luis García
16/09/2019
Maddalen Iriarte
15/09/2019
Iñaki Egaña
14/09/2019
Lettres
David Freire y Leire Uria
11/09/2019
Juan Luis Mugertza Unanue
11/09/2019
Kattalin Ezkerra | Plazara Dantzara ekimenaren izenean
10/09/2019
Javier Orcajada del Castillo
09/09/2019
Derniers posts
Fito Rodriguez
15/09/2019
Martin Garitano
13/09/2019
Martin Garitano
12/09/2019