Aritz Arrieta

Amildegirantz ixilik eta txintxo-txintxo

Gaur, apirilaren  2-a, igandea. Aste bukaeratan ohi dudan bezela, astean zehar NAIZ irakurtzen dudalako normalean paperezkoa bizio bezela utziaz, GARA ta Berria erosi ta harriduraz, atzoko Gasteizko ta Iruñako NATOren ta Ukrainako gerraren aurkako manifestazioak aipatu ere ez dituzuela egin ikusi dut, sinetsi ezinik.

Ez ginen jende asko bildu egia esan, ehunka batzuk Gasteizen edo mila inguru? Ez dakit, baina kezkatzekoa iruditu zitzaidan hain jende gutxi egotea arazoa hain larria denean. Eta are kezkagarriagoa zuek ez konbokatoriaren berririk ematea larunbateko argitalpenetan eta ez  igandekoan aipatu ere ez egitea.

Ez naiz ni hasiko hemen esplikatzen gerra honen nondik norakoak eta arrazoiak edo motibazioak nik baino hobe askok egina dutelako iada baina gauza pare bat esan behar ditut behin horretan gaudela:

Gerra honetatik etekina ateratzen duten bakarrak EEBB eta empresa handiak dira. Ez bakarrik industria militarra baizik eta enpresa energetikoak. Lehen Europak Errusiari erosten zion gas eta petrolioa orain Amerikarrei erosten diotelako askoz ere garestiago. Eta hemengoek gerraren ipuinarekin aitzakia dutelako prezioak nahi haina igotzeko (inoizko etekinik handienak dituzte orain)

Argi dago ere gerra hau sustatu eta xaxatu zuena Pentagonoa izan zela 2014ko Maidango estatu-«promozioa» eta finanzazioarekin hasi zena, Minskeko akordioak boikoteatuz jarraitu zuena, Nord Sream gasbideak saboteatzen… etb. Ukraina «karne de kañon» modura erabiliaz Errusiaren eta azken batean Txinaren (bere benetako arerioaren) aurka.

Europar batasuna bere jokoan sartzen da, azken finean Europan benetan agintzen duena EEBBetako Mendebaldeko mafia financiero berbera delako.

Baina enpresa handiak, banketxeak, energia enpresak eta zorne-kume guzti horiek inoiz baino etekin gehiago ateratzen ari diren bitartean ukraniar herria eta errusiarra eta neurri batean ere Europako eta mundo guztiko langilegoa sufritzen ari da. Hiltzen eta miseria gero eta handiagoa pairatzen.

Badaezpadaere esan beharra dut Putinekiko ez dudala bat ere sinpatiarik, sobietar batasuna sarrarraskitu ondoren aberastu zen putre kapitalista eta fascistetako bat delako. Baina Zelensky hori ez da hobea, Pentagonoaren txontxongilo eta marketing produktu neonazi bat denez. Hemen pelikulako gaizto bakarra ez da Putin (Berriako viñeta horietan agertzen duzuen bezela).

Bai, Putinek Ukraina inbaditu zuen eta inbasio horri izen xelebre bat jarri zion, operazio militar berezia edo. Ez, inbasio bat inbasio bat da edo gutxienez ofensiba. Baina ez zen egun batetik bestera goizean jeiki Putin eta pentsatu: «Gaur zer egingo dut? Perretxikotara joango naiz edo Herrialde bat inbadituko dut? Ba, tira. Ukraina polita izango da udaberrian» … Ez, ez zen horrela izan. Gerra 2014 an hasia zen, ez ahaztu, Motiboak edo gutxienez aitzakiak sobera eman zizkioten Amerikanoei esker eta NATO-ren zabalkundeari esker.

Irudika dezagun zer egingo lukeen EEBBak adibidez Txina hasiko balitz Mexikon, Kanadan, Kuban! Base militarrak eta misilak jartzen. NATO Europan egiten ari den bezela, Varsoviako Paktokoak izan ziren herrialdetan zabalduko ez zenaren hitza janez.

Nola ez dakit ongi baina gerra hau geldiarazi behar dugu. Agintariak negozitzera behartu eta adostu dezatela, nik zer dakit, Donbasen eta krimean Referendum bat oraingoan NBEak zainduta. Edo Minskeko akordioak berrabiaraziz (ez dakit zehazki zer nolako akordioak ziren dakidana da Merkel, Sarkozy eta enparauek sinatu zituztela beteko ez zituztela zekitenean eta gainera hala aldarrikatzen dutenean).

Gutxi gora behera hori zen esan behar nizuela sentitu dudana. Ez dut argitaratuko duzuela espero baina bai irakurriko duela zuetako norbaitek eta, beste harek asko esaten duen bezela «hausnarketa sakon bat egin egin».

Esan beharra dut ere ni ez naizela manifak konbokatu zituen inongo taldetakoa, kalean haien kartelak ikusita jakin nuen haien berri eta naiz eta ez dudan haien ideologiarekin guztiz bat egiten (ni gorria baino beltzagoa bait naiz) ados nago haiekin gerra hau geldiarazi behar dela. guztion artean. Geldiarazi edo gutxienez saiatu ze bestela kapitalismoaz pikutara goaz. Gerra hau, guztiak bezela, eskalada amaigabean sartua da, orain tankeak eta egazkinak eta uranio pobretuzko jaurtigaiak(radioaktiboak!) besteak fitxa mugitu dute arma nuklearrak erakutsiz…

Amildegirantz garamatzate zuzenean! Eta ez dugu erreakzionatzen!

Recherche