Mikel Zubimendi
GAUR8

Amorrua bularrean ozta-ozta bilduz

Hamabi urte luze preso egon ostean, zigorra oso-osorik beteta kaleratzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean, Puertoko kartzelako ziega batean, bakarrik, hilotz aurkitu dute Arkaitz Bellon Elorrioko presoa.

Hil den arrazoi eta moduaren zirkunstantzia zehatzak oraindik  –letra hauek juntatzerakoan– ezagutzen ez badira ere, pena handi bat, kolpe latza izan da. Bere senide eta lagunentzat galera betikoa, hutsune izugarri mingotsa. Eta euskal jendearentzat barne min kolektibo bat da, samina eta kommozioa eragin eta sumindura hedatu duena. Gogorra, oso gogorra da inondik begiratuta ere. Goian bego Arkaitz Bellon, izan dezala atseden eta arnas!

Heriotza honek, beste behin ere, agerian uzten du euskal presoei ezartzen zaien espetxe politikaren izate ankerra, mendekuzalea, kriminala. Eta, halaber, zein punturaino mingarria den haien egoerak herri honetan eragiten duen zauria. Kale istilu batean ustez parte hartzeagatik hamairu(!) urteko zigor eskandalagarria ezarri zioten Belloni. Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta, baldintzapeko askatasunean egon zitekeen. Lehen graduan eta etxetik mila kilometrotara urrundua zegoen, baina. Jipoiak jasan zituen, bere senideek auto istripua izan zuten, isolamendua ezagutu zuen... singularraren lehen pertsonan pairatu zituen espetxe politikaren zitalkeriak.

Euskal presoen kolektiboari propio aplikatua, politika honek aspaldi erakutsi zuen bere ezina: Kolektiboa bizi da, politikoki eragiten du eta ekarpen positibo asko egin berri ditu gure herria dagoen tokitik merezi duen tokira eramaten laguntzeko. Aspaldi erakutsi zuen, halaber, min emateko duen ahalmena. Urteak joan eta urteak etorri bidean geratu diren preso, eta horien senide eta lagunen heriotz zerrenda latza horren lekuko da. Min ematea du xede presoen aurkako biolentzia mekanizatu honek, urrunduta, ziegetan betiko eta giltza itsaso azpira botata edo, gero eta estuagoa den botila lepo bat eginda, kalera bidean belaunikatuta –edo zerraldo– pasatzea beste aukerarik ez dagoela irudikatzea.

Gauzak horrela, ez dira falta normaltasuna halakoa dela diotenak. Normala dela Estatuaren jokabidea, naturalak direla euskal presoen heriotzak, probabilitate kalkulu baten ondorio. Ez dela politika hori aldatu behar, denboraren indar txikitzaileak ustelduko dituela presoak, zenbat eta denbora gehiago orduan eta jende gutxiago gogoratuko dela haietaz, haren aldeko herri aldarrikapenek amatatzen joango direla... Normala? Egoera normal batean, normalean, seme-alabek lurperatzen dituzte beren gurasoak; gurasoek seme-alabak lurperatzea, baina, ez da normala. Normalizazio politikoaren, elkarbizitza erregular eta arrazional minimo baten kontra egiten den krimen baten oroitagarria da. Arduradun zehatzak dituena, izen-abizen eta agenda politiko argia, herri honetan bakea zigor moduan ulertzen dutenak, bake nahien eta eskakizun demokratiko ororen aurka hitz eta jokabide gerlariak darabiltzatenak.

Espetxe politika salatu eta haren arduradun eta hobendunak seinalatu egin behar dira. Horixe baietz. Baina hori baino gehiago beharko da hain urgentea, zentrala eta zaurigarria den errealitatea konponbidean jartzeko. Plaza publikoa okupatuz, presoak lehia politikarako arma egin gabe, maiuskulazko politika baldintzatzeko erabili gabe, iragarri duten ildo berrian pertseberantzia beharko da, taula politikoan irekiera berriak, zehatz eta gauzagarriak diren urratsak. Eutsi egin behar zaio Kolektiboak ireki duen horizonteari, sakondu, balore eta baliabide oroz hornitu.

Euskal presoak dauzkaten ziegen giltza eskutan izateak politika egiteko «abantaila konpetitiboa» ematen diela uste dute bakearen etsaiek, agerian eta uzkurtuta daudenek. Gure ezin, min eta desabantailak ezagututa, indartsuak garen eremuan, jokoa irabazi dezakegun zelaian, gure herriarekin eta munduaren aurrean, presoak beraiek eta denok –orain eta nonahi gaudenok– batera markatutako bidean azkarrago aurrera egitea izan behar da erantzuna. Amorrua bularrean ozta-ozta bildu eta goiari eusteko ordua da. Euskal Herriarentzat beste etorkizun bat iragartzen duten hodeiak metatzen dihardute. Eta inork ez du eragotziko, euria!

Recherche