Xabier Arregi Gordoa

Animalistak eta tradizioa

Uda partean suspertzen da mugimendu animalistaren errebindikazio batzuei babesa ematen dieten ekintzak. Hasiera batean euren aldarrikapenen helburua zen animaliek jasan dezaketen oinazea eragoztea. Gaur egun oinaze hori nahikoa leunduta, edo ezabatuta, dagoelarik, animalistek bereziki jaigiroan ematen den animalien presentzia hutsaren aurka egiten dute, bera ezabatzeko helburuarekin.

Hori justifikatzeko beste era bateko argudioak ematen dituzte, eta kategoria nabarmen antropozentrikoei heltzen diete: «animalien duintasuna», «animalia eskubideak», «espeziesmoa»-ren aurkako borroka, «animalien emantzipazioa».

Gaiaren inguruko eztabaida zabala da, eta tonu eta ñabardura askotarako ematen du. Peter Singerek jarrera erradikala hartzen du animaliak kontsideratzeko moduei dagokienez, baina nabarmen aldentzen da argudio horiei darien kutsu antropozentrikotik. Singerek animaliak organismo bizitzat jotzen ditu (eta ez da gutxi!), euren iraupen eta asetasun senak dituztenak, eta egoera batzuk oinazetsuak gertatzen zaizkienak. Beraren konpromiso animalistan argudio moralistak baztertu, eta xedetzat hartuko du animaliei sufrimendua eragingo dieten egoerak saihestea, eta euren senak eskatzen diena betetzea erraztuko dieten egoerak bideratzea. Ideia horietatik abiatuta, arreta berezia eskaintzen die animaliengandik ateratzen diren elikagaiak modu industrialean ekoizteko baldintzei, eta lehentasuna egoera horiek saihesteari ematen dio. Aberekiak gure elikadura ohituretatik kentzearen aldeko apustua egiten du, irtenbide modura beganismoa proposatuz.

Gurean animalistek, aldiz, arretarik handiena eskaintzen diete jaigiroan ematen diren hainbat jarduerei: sokamuturra, asto-lasterketak, idi-probak, txerri baten erakusketa… Denak nekazal mundutik jarauntsitako joko edo ikuskizunak dira, gure tradizioetan, errotuak. Antzinatik datozen arren, gaur egungo eskakizunen arabera daude araututa, eta ez dute aparteko ankerkeria mailarik erakusten. Jarduera horiei, aisialdi, ikuskizun eta tradizio alderdiaz gain, beste bertute batzuk ere aitortu behar zaizkie: animalia eta pertsonen arteko hartu eman, ezagupen, zuzena sustatzen dute; animalia horien jabeek eurak zaintzeko eta babesteko erakusten duten arreta, kontua eta gozotasunaren aitortza modura balio dute; eta nekazal giroko ekonomia xume batentzat diru iturri osagarria ere badira.

Horietaz aparte, aisialdiari loturiko makina bat jarduera ezagutzen ditugu horiek baino larriagoak, errespetu askoz gutxiago erakusten dutenak animaliekiko, eta ez dutenak inolako arretarik jasotzen gure arteko animalistengandik. Zaldi lasterkak eta jauzi lehiaketak, adibidez. Horietan zaldiei eliteko kirolarien exijentziak ezartzen zaizkie, eta, entrenamenduetara kondenatuta, askotan zigortuak izaten dira lasterketetan. Ez dezagun ahaztu hor mugitzen diren dirutzak: zaldien jabeenak (normalean elite ekonomikoa, baita jeke arabiarrak ere) edo apustuetan mugitzen direnak. Ez hori bakarrik. Egunerokotasunean ere baditut hartzekoak. Animalistek eurek ere ez dute arazorik txakurrak edukitzeko, gau eta egun etxean sartuta, otzanduta, bizitza artifizial batera kondenatuta, asko jota buelta pare bat emanda egunean, lepokoa ipinita eta kateatuta, jabetzapeko gai soilak bihurtuta. Horietaz gain, badaude desfiletarako erabiltzen diren zaldi eta txakurrak, eta beste hainbat komedia. Ez dut motiborik ikusten pentsatzeko txakur eta zaldien jabe kaletar horiek idiskoen, idien edo astoen jabeek baino gehiago edo sanoago maite dituztenik euren animaliak.

Ez dago animaliak maite eta errespetatzeko modu esklusibo eta dogmatikorik. Hala eta guztiz ere, animalista batzuek lortzen dute euren ikuspegi baztertzailea ezartzea han eta hemen. Dozena erdi bat lagun pankarta baten atzean nahikoa da ikuskizun tradizionala estigmatizatzeko eta ezabatzeko, alkate batzuen erabaki arbitrarioa, edo sasi-bozketak, tarteko. Hala ere, arrazoi ugari daude tradizio horiei eusteko, bereziki animaliekiko sentiberak diren jarrera ezberdin eta legitimoetatik. Jaigiroko jarduera horiek, pertsona eta abereen arteko elkargune modura ulertuta, gure herriaren iraganaren eta orainaren lanari eta aisialdiari loturiko bizimoduarekin bat egiteko eta enpatizatzeko aukera ematen digute, baita horretan animaliek izan duten garrantziaz jabetzeko ere. Funtzio pedagogikoa izatera ere heldu daitezke elkargune horiek, eta animaliaren berezko senen ezagupenera eta bizipenera eraman gaitzakete, bai behintzat txuleta, zoologiko, edo etxean preso dagoen txakurraren bidez lortu dezakeguna baino hobeto. Are gehiago, aprobetxa daitezke ospakizun horiek saritzeko beraren abereak (astoa, idia edo idiskoa edo dena delakoa) modu duinagoan, begirunetsuagoan zaintzen duen jabea, animali horien bizi baldintzak eta egoera kontuan hartuta. Eta, esandako moduan, halako planteamendu batek lagun dezake gurean ahulduta dagoen lanbide eta ekonomia xume baina garrantzitsua herritarrengana gerturatzeko. Kontua da jarduera horiek arautzea eta nolabaiteko kontrola ezartzea, gehiegikeriarik gerta ez dadin.

 

Recherche