Iñaki Bernaola
Irakasle ohia

«Anomaliak» euskal hezkuntza-sisteman

Anomalia gehiegi, lehengo eta oraingo, kolpe batez «normaltzeko»

Gogaituta nago, horrenbeste aldiz entzutea dela medio, euskal hezkuntza-sistemak «anomalia» larri bat duela, irakaskuntza-sare pribatuaren gehiegizko tamaina, alegia; Espainiar Estatuko erkidegoen artean handienetakoa, eta gauza bera omen Europako beste herrialdeekin alderatuz gero. Zein ondorio atera daiteke baieztapen horretatik, kontuan izanik, gainera, «publikotasunaren» aldekoen ahotik entzuten dela gehien bat: sare pribatua gutxitu, suntsitu, murriztu, ezabatu, Estatuaren titulartasuna ez duten ikastetxeak Estatuaren menpeko bihurtu…?

Normaltasunarekin bat ez datorren zerbait baldin bada anomalia, nik uste dut lehenengo eta behin beharrezkoa dela zehaztea zergatik «anormaltasun» hori ez den normala, eta areago: ea zenbat fenomeno dagoen hezkuntza-sisteman normalak ez direnak. Laburbilduz: Ba al da hori, anomalia izatekotan, hezkuntza-sisteman bakarra? Eta normala ez bada, zergatik suertatu da modu horretan?

Nik neuk, anomalia deritzot, besteak beste, publiko deituriko sisteman titulartasuna Estatuaren administrazioarena soilik izateari. Bego autonomia-erkidegoen artean irakaskuntzaren eskumena banatzeak, Hego Euskal Herrian bezala baina ez Ipar Euskal Herrian, deszentralizazioa ekarri duela. Baina Estatuko antolamendu orokorraren aldetik autonomien arteko eskumen-banaketa deszentralizazioa bada ere, nik ez dut uste erkidego baten gobernuak ehunka ikastetxeren titular bakarra izatea deszentralizazio handia denik. Ez al litzateke askoz hobea ikastetxe eta beraren titularraren arteko distantzia txikiagoa izatea?

Anomalia deritzot, baita ere, frankismoaren urte luzeetan Estatuak Eliza Katolikoaren esku utzi izana irakaskuntzaren diseinu eta estrategia, gainera ikastetxe erlijiosoei erraztasun guztiak emanda euren sarea handitzeko eta sendotzeko; sare publikoa eskasa, murritza eta kalitate txarrekoa zen bitartean. Ez zen harritzekoa, beraz, garaiko klase ertaineko jende gehienak irakaskuntza pribatu konfesionala hobetzea publikoaren kaltean; ez soilik haiek ere, neurri handi batean, konfesionalak zirelako, baizik eta beste aukerak, maiz, ez zituelako betetzen estandar minimoak. Izan ere, hirurogeita hamarreko hamarkadara arte ez zen suertatu Espainian irakaskuntza-sare publikoaren aldeko benetako ahalegina, Villar Palasí izeneko ministro baten ekimenez.

Anomalia deritzot frankismo garaian euskal hizkuntza eta kultura irakaskuntza-sisteman debekatuak, baztertuak eta mespretxatuak izan zirela. Denok dakigu horrek zein ondorio ekarri zuen: ikastolen sorrera alde batean, eta Estatuaren ardurapeko irakaskuntza-sarean euskara eta euskal kultura sartzeko, Franco hil ondoren ere, mila oztopo eta zailtasun; herri ekimenari eta irakasle askoren ahaleginari esker (ez guztiak, ez horixe!) poliki-poliki gaindituz joan dena.

Anomalia deritzot Deustuko Unibertsitate pribatua 1886. urtean sortu bazen, eta Nafarroako Opusekoa 1952ean, 1980. urtera arte Euskal Unibertsitate publikorik ez zela, artean ziren fakultate bakanak beste unibertsitate baten menpe zeudelarik, Valladolidekoa kasu Bizkaiaren kasuan.

Anomalia deritzot, amaitzeko, diktaduraren ondoko «transizioak» aurrekoarekiko haustura ekarri beharrean, errejimen frankistaren aurpegi-garbiketa besterik ez zela izan, non lehengo instituzio guztiek, Eliza Katolikoa barne, ahalmen eta botere osoa kontserbatu zuten, galera txikiena izan gabe. Eta horrela gaur arte.

Anomalia gehiegi, lehengo eta oraingo, kolpe batez «normaltzeko».

Bat nator, alderdi politiko batzuen arteko itunak dionez, zerbitzu publikoaren jitea duen ikastetxe oro, hots, diskriminazio gabea, laikoa eta doakoa, funts publikoz subentzionatzearekin. Bat nator Haurreskola partzuergoaren ikastetxeetan koutarik ez kobratzearekin. Bat nator euskara izatearekin hezkuntza-sistemaren ardatza, eta ondo deritzot irakasleek C1 erako euskara-maila gainditu behar izatea, eta gainera euskal kulturan jantziak eta motibatuak, Euskararen Kontseiluak gomendatu bezala. Baina seguru nago hori guztia lortzeko paperetan lege bat argitaratzea ez dela nahiko izango.

Baldin eta aldaketa onuragarria erdiesteko borondaterik baldin bada, asmo horretatik hurbilen dauden ikastetxe eta sareak mokoka aritu beharrean, hobe lukete elkarren arteko akordioak, eta elkar onartzeko pausu sendoak eta esanguratsuak ematea. Bestela, beldur naiz azkenean lehen bezalaxe geratuko garela, edo txarrago akaso: Benetako aldaketaren aldekoak ahulago, eta oraingo egoera betikotzeko tematzen direnak, ordea, lehen bezain sendo eta, gainera, lasaiago.

Recherche