Jose Angel MURUA eta Blas J. SIMON
Gerrarik ez plataforma

Arma gehiagok ez dakar segurtasun gehiago

Mehatxu bat sortzea kontakizun mediatiko partzial eta zentsuratu batekin, herritarren artean beldur eta segurtasun ezaren sentsazioa sustatzeko, sortutako shockaren ondorioz gerraren eta gastuaren beharra onar dadin, askotan frogatutako taktika zahar bat da.

Mehatxua ia herrialde berberek osatzen dute duela hamarkada batzuetatik, «gaizkiaren ardatzekoek» (Errusia, Txina, Kuba, Venezuela, Iran, Ipar Korea gehi Afrikako eta islamiarrak diren herrialde batzuk...), eta beste ukiezinago batzuek, hala nola talde terrorista armatuek, azken aldian integrismo erlijioso islamiarrarekin lotuta daudenek, aldizka gure aliatuak izatetik terrorista porrokatuak izatera igarotzen direnek, eta alderantziz.

Gerrarik ez Gerren Aurkako Plataformarentzat ederki egiaztatuta dago gastu militar handi bat izateak ez dakarrela segurtasun handiagoa izatea. Armamentu norgehiagokan, onuradun bakarrak arma fabriken jabeak eta horiek finantzatzen dituzten bankuak dira. Sektore bat, ate birakariak modu intentsiboan erabiltzen dituena, eta bere kontakizuna defendatuko duten politikarien, militarren eta komunikabideen borondateak erosteko bitartekoak dituena. Gerra guztien atzean interes ekonomikoak daude, eta mota guztietako baliabideez jabetzea dute helburua.

Jaltako Akordioen ondoren, Bigarren Mundu Gerraren amaieran, mundua bi bloketan banatu zen, eta haien artean Gerra Amaigabea mantendu dute.

Testuinguru horretan sortu zen NATO 1949an. Estatu espainola 1986an batu zen Erreferendum baten ondoren, non baiezkoa hautesleen %31,20k soilik eman zuen. Gainera, hiru baldintza zeuden: egitura militar integratu barnean ez egotea, arma nuklearrak ez instalatzea, bertatik ez igarotzea edo ez biltegiratzea, eta AEBko base militarrak murriztea. Bada,  gaur egun baldintza horietako bat bera ere ez da betetzen. Egun Espainia erabat integratuta dago, eta AEBko bi base militar gehi NATOko hiru base militar ditu.

Haren diskurtsoa gorabehera, NATOk ez zuen inoiz demokrazia defendatu Europan, ezta Europatik kanpo ere, Espainia, Portugal eta Greziako diktadurekiko konplizitatea eta egungo kide askoren kalitate demokratiko eskasak erakusten duten bezala.

2024an 50 gerra baino gehiago ahaztuak edo isilduak izan dira, horietako asko NATOko herrialdeetako kolonia zaharretan eta haiek babestutakoetan, milaka bizitza suntsituz, milaka hildako, umezurtzak, elbarrituak sorraraziz, babes bila eta migratzera behartuak. Europako Ekialdea, Ekialde Ertaina, Hego eta Erdialdeko Amerika eta Afrika praktika horien adibide onak/txarrak dira.

Herrialde bakoitzak gerra Aurrekonturako duen BPGren %2ra igotzea (lehentasunez gerra industriarako),  zeinekin etengabe behin eta berriro mehatxatzen gaituzten, 2006an ere eskatu zen NATOn, eta berriro gogorarazi zen 2014an, ez zelako bete (soilik hiru bazkidek betetzen zuten). Batzuentzat motz geratzen da, eta orain %5era iristea mahaigaineratzen dute.

Hori egin ahal izateko, ikusten ari gara EBko gobernantza arau guztiak aldatu nahi direla, zor mugak gainditu nahi direla, finantza krisiaren ondoren Europako hegoaldeko eta Irlandako herrialdeetako gizarteak hondoratu zituen mantretako bat, eta horretarako desbideratu nahi direla Berreskuratze Funtsak, Next Generation, 2024ko maiatzean Europako Inbertsio Bankuaren maileguak lortzeko baldintzak aldatzea, proiektu militarrak finantzatu ahal izan ditzan, mota guztietako erakundeak, enpresak eta unibertsitateak gerra industriarako lan egitera bultza ditzan, eta abar.

Azken egunetan, Europako Batzordeak proposatutako eslogan berria gehitu behar da: 800.000 milioi euro inbertitzea armamentuan datozen urteetan, nahiz eta ez dakigun ez nola, ezta zertarako ere.
 
Guztiak balio du 10 urte barru «gutxi gorabehera» inbadituko gaituzten justifikazioarekin edo lanpostuak sortuko diren arrazoiarekin.

Estatu espainolaren gastu militarrari dagokionez, deigarria da 2024rako Erakunde Ofizial bakoitzak zifra desberdinak argitaratzea: Espainiako Gobernuak 12.800 milioi, NATOk 18.045 milioi eta SIPRIk 22.200 milioi.

Zifra nahaste hori sortzen da, alde batetik, erakunde bakoitzak gastu militartzat hartzen duenagatik, eta, bestetik, datuen fidagarritasunagatik. NATOren irizpideek honako kontzeptu hauek biltzen dituzte: Defentsa Ministerioaren gastuak, Barne Ministerioaren tropak (Guardia Zibila), NATOri eta nazioarteko beste erakunde batzuei ordaintzea, kanpo misioak eta operazio humanitarioak, departamentu militarretan langileen erretiro pentsioak, ikerketa eta garapen gastuak, zerbitzu misto zibil-militarrak, eta abar.
 
Espainiako Gobernuak ez ditu kontzeptu horiek guztiak kontabilizatzen. Gastu militarrak beste ministerio batzuetan ezkutatzen ditu (13 ministerio baino gehiagotan Armadarako edo industria militarrerako partidak kontabilizatzen dira), Kontingentzia funtsak eta Aurrekontuz kanpoko Aparteko kredituak erabiltzen ditu erregulartasunez. Kopuru honi gastu militarrari egotz dakizkiokeen Zor Publikoaren interesen ordainketa gehitzen badiogu, gastu militarra BPGren %2 baino handiagoa da, eta %5era hurbiltzen da.

Gaur egun, oinarri ekonomikoa eta baliabideen banaketa duten gatazken konponbide bakar modura gerra eta armak planteatzen dira, eta ez askatasunarena edo demokraziaren defentsarenak. Herritarrek badakite Armadara edo ekoizpen militarrera bideratzen den dirua ez dela haien bizi baldintzak hobetzera bideratzen (hezkuntza, osasuna, mendekotasuna... lanpostu eta gizarte ongizate gehiago sortzen dituena). Argi daukagu: gerrak suntsipena dakar, hildako eta elbarritutako pertsonak. Intsumisioa Armadari eta desertzioa gerran.

Recherche