Leo Belaustegi eta Eneko Aierbe
Ondarroa 12 milia eta Ekologistak Martxan

Arrantza jasangarria posible ote da?

Horregatik iruditzen zaigu oso kezkagarria komunikabideetan horren ohikoa den «Bruselak kuota %20 gutxitu digu». Erabaki hori ez du Bruselak hartzen. Bruselan hartzen da erabakia baina gobernu ezberdinen arteko akordioa da.

Negutik udaberrira aldatzearekin batera oparotasuna itzuli ohi da euskal kostaldera. Lehenengo berdela hurbiltzen da eta honen ondoren antxoaren garaia izaten da. Baina denok dakigun bezala, arrantzak ez ditu garai onenak bizi. Geroz eta arrantzale eta arrantzontzi gutxiago dago gure betiko portuetan. Arrantza beti izan da gizakiok naturaren parte garela ikusteko bide adierazkorrenetariko bat baina itsasoarekiko dugun harreman hori, beste guztiak bezala, hartu eta emaneko harremana behar du izan. Arrantza beraz, neurriz egin beharreko jarduera da eta ongi kudeatu beharrekoa, noski.

Ezaguna da antxoarekin zer gertatu zen duela 10-15 urte. Naturak eskaintzen zigunaren gainetik hartu eta antxoa egoera oso kaxkarrera eraman genuen. Horrek antxoa 5 urtez itsasoan lasai uztera behartu gintuen eta zientzilariek berreskurapena ziurtatu zutenean berriz hasi zen arrantza. Horregatik dira, gure ustez, horren garrantzitsuak zientzilarien datuak eta beraietan oinarrituta Europako beste herrialdeekin batera hartzen diren erabakiak. Kezkatzekoak iruditzen zaizkigu azkenaldian hain ohikoak egin diren hainbat adierazpen, adibide bat jartzearren: berdelaren kasuan, zientzilarien datuak asmo txarrez hartuak direla esan da. Bertako arrantzaleek euskal uretan berdel asko ikus dezakete baina horrek ez du zertan esan nahi bere egoera itsaso zabalean ona denik. Berdelaren kasuan bereziki, ezagutu beharreko argazkia, Europako ipar atlantiko osoaren egoera delako. Eta hori soilik herrialde askotako zientzilarien datuekin egin daitekeen argazkia da.

Horregatik iruditzen zaigu oso kezkagarria komunikabideetan horren ohikoa den «Bruselak kuota %20 gutxitu digu». Erabaki hori ez du Bruselak hartzen. Bruselan hartzen da erabakia baina gobernu ezberdinen arteko akordioa da. Sarritan, zientzilariek hori aholkatu dutelako, egoera ona ez denean gutxiago arrantzatu beharra dago hurrengo urteetako arrantza bermatzeko. Zoritxarrez beti ez dira zientzilarien gomendioak betetzen. Horren sinplea dirudien arren, ez da beti egiten. Baina, zorionez, eta beharraren ondorioz, geroz eta gehiago jarraitzen dira zientzilarien gomendioak. Beraz errua inori botatzekotan, legea betetzen ez dutenei eta nahikoa kontrolik ez egoteari bota dakioke, Arrainik ez badago, ez dugu arrantzatu behar etorkizunean egon dadin.

Baditugu azken urteetako zenbait adibide non erabaki hauek nahiko ondo hartu diren eta arrainek beraien oparotasunarekin erantzun duten. Horren adibide garbia antxoa da. Arestian aipatutako itxieraren ondoren, arrantzaleek tentuz arrantzatzea erabaki zuten, beste aukera etxean geratzea zelako. Gaur egun antxoa maila historikoetan dago. Orain ordea, beste arazo batekin egiten dugu topo. Aste honetan gertatu bezala, arrantzaleek erruz porturatu dute antxoa eta zein izan da ondorioa? Prezioak minimoan ibili direla, izugarri jaitsi direla. Aste honetan, lonjan antxoa kiloa 30 zentimo azpitik ibili da. Oparitua. Eta hori ez da posible. Antxoa asko egon arren ezin da onartu horrelako prezioetan saltzea, horretarako hobea da ez arrantzatzea, egokiagoa da naturari oparitzea, tarteko saltzaileei oparitzea baino.

Arrantzaleek, beste hainbat arazo ere badituzte beren jardunean eta beharrezkoa da beraiek prezioen gaineko gutxieneko kontrol bat izatea, zuzenean edo kofradien bitartez. Prezioak hain baxuak direnean neurriren bat hartu beharko litzateke. Horretarako administrazioaren laguntza izatea ere derrigorrezkoa da arrantzak etorkizunik izaterik nahi badugu.

Zein izan liteke konponbidea? Hona hemen gure ekarpena, beste asko beharko diren arren. Badira hainbat eta hainbat jantoki publiko, administrazioek kudeatuak, arrain merke, fresko eta sanoa gustura hartuko luketenak. Badira eskoletako jantokiak, ospitaletako jantokiak, zahar egoitzetakoak... horiek guztiek arraina dute beren menuetan, arraina osasuntsua delako neurrian janda. Baina gaur egun horietan zerbitzatzen den arraina gehienetan kanpotik ekarritakoa izaten da, erabat prozesatua, lan baldintza kaxkarrekin eta ingurumenarekiko begirunerik gabe ekoitzia izanagatik oso merkea. Bai, merkea, antxoa aurreko astean bezala.

Recherche