Héctor Puente Sierra

Arrotz baten begietatik

Ez nabil ni hemen nire aberkideen portaera zuritu nahiz: ulertarazi nahi dizuedana da zuen mezu, kexu eta erreibindikazioak haien gehiengoari ez zaizkiola iritsi ere egiten, eta beti ezagutu dituztela filtro batetik pasatu ondoren, eta filtro hori dela eskuinik atzerakoienarena.

Nora eta Bilbora eraman ninduen duela urte batzuk ikastaro bat egiteko erabakiak. Espainiako hiri ertain batekoa naiz, eta nirea bezalatsu izango zen mundu bat besterik ez nuen espero aurkitzea nire bizitoki berrian. Ez nuen ordea denbora gehiegi behar ohartzen hasteko buruan neramatzan hainbat ziurtasun ez zetozela bat topatzen ari nintzenarekin; edo gauzak ez zirela, behintzat, sinetsarazi nahi izan ziguten bezain sinpleak. Handik gutxira, konbentzituta nengoen nire bizitzan País Vasco delakoaren inguruan kontatu zidaten oro gezur hutsa zela. Gaur egun, urrun bizi arren, bikotekide eta lagun anitz dauzkat euskaldun eta Euskal Herriko egunerokoa interesez jarraitzen dut. Zinez uste dut nagoen posizioak gako batzuk ematen dizkidala alde batean zein bestean ikusten ditudan zenbait jokaera hobeto ulertzeko.

Hurrengo lerroekin zuzendu nahi izan natzaie politika instituzionalean edo kazetaritzan aritu gabe Estatu propioaren alde egiten duten haiei guztiei, independentista anonimoei.

Burbuilatik at

Hermetikoa da euskal munduari erreferentzia egiteko maiz aipatu den hitza, beti iraingarri izateko asmo garbi edo gordea izan duenak. Nahiz eta erabiltzen dutenek ezkutatzen duten hermetismo horren arrazoia ez dela burbuilaren barruan daudenen isolatzeko borondatea, kanpoan orokor diren ukazio eta agresibitatea baizik, nago hitz horrek errealitate bat nolabait deskribatzen duelakoan.

Agresibitate eta ukazio horiek nondik datozen, zer esanik nik: badakizue hedabide eta gobernuek, aho batez, bonbardatu gaituztela hamarkadez berri faltsuekin, zuen helburu, motibazio edo historia bera ezkutatzen edo bihurtzen; Espainiaren batasuna lelo bilakatu eta erabili dutela beste gai batzuetatik arreta apartatu nahi izan diguten bakoitzean; ETAk aspaldi utzi ziola talde armatu bat izateari bihurtzeko zulo beltz bat non Euskal Herriarekin zerikusirik duen dena sartu ahal den; finean, zuek luzaro izan zaretela edozein estatu zapaltzaileak behar dituen barneko etsaiak. Ez nabil ni hemen nire aberkideen portaera zuritu nahiz: ulertarazi nahi dizuedana da zuen mezu, kexu eta erreibindikazioak haien gehiengoari ez zaizkiola iritsi ere egiten, eta beti ezagutu dituztela filtro batetik pasatu ondoren, eta filtro hori dela eskuinik atzerakoienarena.

Horrela da, hein handi batean, espainiar ezkerrak Trantsizioan amore eman eta arlo hau (lurraldetasunarena) oparitu egin baitzion eskuinari. Harrezkero, lehentasunezko auzi honen inguruan jarrera propioa izateko borondate ezak bultzatu ditu behin eta berriz bere egitera eskuinak dauzkan pentsamoldeak eta Estatu errepresioarekin bat egitera. Espainian ez duzu zertan faxista izan behar euskaldunen edo katalanen eskubideak ukatzeko, zeren eta ezkertiarrentzat ere eskubide hauek txantxa kontua dira. Espainiako indar unionistek ez dute nazio subordinatuen independentziaren aurkako diskurtsorik egin behar, zeren eta haien independentziaren alde ere ez dago diskurtsorik.

Espainiar ezkerrek, beren neutraltasunarekin eta sozial eta nazionalaren arteko bereizketa artifizial batean ezkutuak, posible bihurtu dute eskuinaren diskurtsoa zabaltzea eta inork ez zalantzan jartzea, Estatuan dagoen kontsentsurik handiena osatu arte. Espainian gehiengoak uste badu ez dagoela oinarririk zuen aldarrikapenerako, eta gertatutako bidegabekeria oro terrorismoaren kontrako borrokan kokatzen baditu, hala da sekula ez dutelako bertsio ofizial eta adostuetatik aldentzen den iritzirik entzun, eta Estatuko burujabetza prozesuez pentsatzeko dauzkaten erreferentzia bakarra delako eskuin politiko-mediatikoek ematen dietena.

Bestalde –baina honen barruan–, espainiarrok hezi gaituzte gure nortasun nazionala eta egitasmoa den Espainia ulertzeko itxia eta hauskorra den zerbait gisa, babestu beharrekoa aldaketarik txikiena jazoz gero apurtuko litzatekeelako. Abiapuntu horretatik, bestetzuk menderatzea, makurraraztea, haiena ukatu eta gurea ezartzea, ulertzen dira identitate horren baieztapenak balira bezala. Azken batean, beren herrialdeaz daukaten ideia arriskuan jartzen duten haiei erasotzeko ardura bere gain hartzera eramaten ditu espainol asko logika honek. Beste era batera esanda, espainiar herria ez da zuen arerioa, baina zuen arerio diren eliteek zuen aurka erabili dute behin eta berriz, eta erabiliko ere.

Burbuilaren baitan

Orain, konfidentzian, tokatzen da hitz egitea euskaldunen artean gezur horiek gauzatzeari oztoporik jartzen ez dion jokaeraz. Ikusita nago independentista askorengan hitzezko konpromiso bat inolako praktika eraldatzaileri egokitzen ez zaiona. Honi hainbat faktore lotu ahal zaizkio: alde batetik, gure gizarteetan arrunta den politikarekiko interes falta eta urruntasuna; joera dago politikarien bizkar uzteko ardura guztia, eta ondorioz helburuak ez lortzean erru osoa ere bai (ahaztuz ezker abertzalea bezalako mugimendu batean aritzen diren gehienek politika ez dutela ogibide, bere engaiamendua haratago daramaten herritarrak direla baizik). Bestetik, kontuan hartzekoak ere badira hainbeste urteez jomuga oso jakin baten bila ekintzea eta ezer ez lortzeak ezinbestean sortu dituen inertziak, ezinak eta noraezean ibiltzeko sentsazioa.

Askatu beharreko korapiloak dira hauek inondik ere, baina berez ez dute esplikatzen hemen interesatzen zaigun adibidea: sarri suertatu zait ikustea euskaldunen batek, bere lagunartean beti gartsu eta irmoki bere nortasun nazionala defendatzen duen berbera, otzan onartzea beste norbaitek, normalean espainol batek, hura ere espainol hutsatzat jotzen duenean. Uler dezaket kokoteraino egotea azalpenak emateaz, edo zerbait esateko gogoari eustea liskarra ez sortzearren; baina horiez gain, nabarmentxo ikusten dena egoera hauetan da noraino gatazka politiko hau denok osatzen dugun, eta bertan nork daukan menpeko estatusa. Zeren eta, gatazka politiko baten subjektuak garen heinean, gatazka horretako alde batekin ala bestearekin identifikatzen diren bi pertsona, lehenbiziko aldiz elkar ezagutzerakoan, ezinbestean hor nonbait badabil besteak ukatutako naziokoa izatearen kontzientzia, edo besteari haren desioak betetzea galarazten dion naziokoa izatearena, eta horrek finkatzen ditu pertsona hauen jokamoldearen alderdi batzuk.

Orokortzeko asmo barik, enkontru hauetan maiz errepikatzen diren konstanteak honako hauek dira: espainiarrak jokatuko du bien arteko alderik ez balego bezala (egon litezkeen ezberdintasunak ez ezagutzetik hauek existitzen ez direla ziurtzat ematerako jauzia eginez). Bakoitzak erreferentzia kultural ezberdinak eduki arren, espainolak bereak aipatuko ditu komunak balira bezala; euskaldunak, bereak ez, edo, egitekotan, eramango ditu espainolarentzat onargarri, ulerterraz edo barregarri izan litezkeen parametroetara (hots, gogoan edukiko dituen estereotipoekin bat). Politika kontuetan sartuz gero, espainolaren ekimenez gertatuko dena, patxadaz agertuko ditu berauk Espainia edo espainolak zer diren inguruan dauzkan ideiak, betiere konbentzituta bere diskurtsoa baino zerbait gehiago direla, egia objektiboak. Euskaldunari, ordea, bere ikuspuntua ulertarazten saiatzea ez zaio otu ere egingo. Espainiarraren terminoetara plegatuko da, hau da, termino hegemonikoak, gatazkarik sortu gabe erabili ahal direnak eta harremanetan normaltasunez jarraitzea arriskatuko ez dutenak. Espainolak galde diezaioke independentzia zergatik, baina euskaldunak nekez galdetuko dio independentzia zergatik ez.

Gai hauez euskalduna soilik aritzen da eroso berarekin ideia, kontzeptu eta historiaren irakurketa bera erabiltzen dituzten pertsonekin. Izan liteke ideiok sufritu dituen luzaroko jazarpen bortitzak eraman dituela beldur gabe adierazi ahal diren ertz ñimiñoetatik ez ateratzera; baliteke ere bi kultur bateraezinen eraginpean bizi izateak, gatazkaren iraupena gehituta, bidea eman diela gurasoen ametsak eta kanpotik iristen ziren kondenak aldi batean eta nahasian barneratu dituzten belaunaldiri. Hainbat kontu gehiago aipa genitzake, baina finean hemen seinalatu nahi dugun errealitatea da, gaur-gaurkoz, egoera askotan ezin dela gatazkaz ere mintzatu, zeren eta gatazkarik egoteko zapalkuntza jasaten duen parteak erresistitu egin behar du, eta kasu hauetan ikusten duguna erabateko etsipena da.

Burbuila apurtu! Behetik gora eta bazterretik erdigunera

Diktadurak lehen, eta honetan egositako gatazkaren militarizazioak gero, sortu zuten eskenatoki bat non elkar ulertzea, bakoitzaren ideiak esplikatzea... batzuek nekez egin zezaketen eta bestetzuentzat lekuz kanpo zegoen zerbait zen. Urte luzeez, konfrontazio diskurtsiboa ezin da normaltasunez gertatu izan, beti subordinatuta egon delako maila altuagoko konfrontazio armatura. Horrek ekarri gaitu egoera batera non arlo militarrean indar gehiago daukana ere bada arlo diskurtsiboan irabazten duena eta zertaz hitz egin ahal den erabakitzen duena. Gauzak horrela, elkarbizitzea deitu diogu gizartearen parte bat isilik egoteari.

Hori aldatzear egon liteke. ETAren desagertzearekin, eremu diskurtsiboan borrokatzeko aukera itzuli da, are gehiago, gudu-zelai nagusi bihurtu da. Inork ez du imajinatzen Gure Esku Dago bezalako zerbait agertzen orain duela bost urte. Mugimendu honek, eta hainbat herritan aurten harrotuko dituen hautsek, erakusten dute zer-nolako ibilbidea eduki behar duen independentismoak garai berrietan benetan irabazi nahi badu.

Euskal Herrian jende asko, gehiena seguruenik, lehenengo atalan aipatu ditugun gezurren menpe bizi dira, eta horrek eramaten ditu independentista ez gutxi erlazionatzera haiekin bigarrenean azaldutako joera berberez, hau da, aurrez aurre eta praktikan haien ideietara men egiten eta gero gogaideekin protestaka. Ostera, gero eta gehiago dira nabarmentzen dutenak ahalik sektore ezberdinagoak bereganatzeko premia, Katalunian funtsezkoa izan dena. Pertsona horiek ere biziko dira eratu nahi duzuen estatuan, eta ezin argiago dago gaur haiek gabe ez dela estaturik egongo. Zorionez, eztabaida horri hasiera emateko zirkunstantziak daude orain, eta nire ustez hori ez ezik, haietako asko konbentzitzeko argudioak ere bai.

Horretarako, lehenik eta behin, diskurtsoen konfrontazioari beldurra galdu behar diogu. Lehen esan dugun bezala, gaur-gaurkoz, menderakuntza hau bizitzen duen jende gehienak ez dio aurrerik egiten, indar korrelazioa ea noiz adatuko den zain. Nagusi dira sostengu tazituak, alderdien gorabeherak gainetik segitzea, haiekin batzuetan ilusioa izatea eta porrot egitean kritikatzea. Horrela, inora ez. Hasteko, gobernuen arteko negoziazioen ondorioz ez delako sekula ezer gertatuko, ez behintzat ez badu herritar gehiengo sendo batek bultzatzen eta gidatzen. Horregatik, premiazkoa da iraganeko jarrerak alde batera utzi eta denbora berriari egokitzeko esfortzua egitea.

Bestela pentsatzen duenaren aurrean, iritzi propioa ez gorde eta berea bezain duina dela aldarrikatu; handik, elkarren ikuspuntua kontrajarri, eztabaidatu... haserretu ere beharrezkoa izanez gero. Nonahi eta lehertzear dauden talka horiei ihes egiten ahalegindu gara, baina norabait iritsi nahi badugu, aurrerantzean ezin ditugu saihestu; areago, bilatu behar ditugu, inertziekin apurtzeko eta herri bat martxan jartzeko era bakarra den heinean. Independentziaren aurkakoek ez dute nor konbentzitu beharrik, Estatu makineriak euren ordez egiten baitu egunero; aldekoek, aldiz, pedagogia guztia egitear daukagu. Eta guk geuk egin beharko dugu pedagogia hori, gutako bakoitzak.

Noski, horrek eskatzen dizu fede itsua uztea eta zure ziurtasun guztiak auzitan jartzea, kritikak onartzeko prestasuna, zure ideiak azaltzen ikastea ulertzen ez dituzten pertsonei eta, zer esanik ez, makina bat pazientzia. Erraza ez, eta atsegina ere inork ez du esaten izango denik; baina, ondo eginez gero, goiz edo berandu, interpelatutako pertsonek -gauzak dauden modua onartzen dutenek eta hegemonikoak direlako inoiz beren ideiak defendatzeko beharrik eduki ez dutenek- dinamika honetan sartzera behartuta ikusiko dute euren burua ere. Eta hori da xedea.

Ez dago guztiak konbentzitu beharrik ere. Espainian ere, Katalunia independentea izan eta gero askok jarraituko dute katalanen nazionaltasuna mespretxuz ukatzen, Portugal edo Amerikar kolonietako espainoltasuna gaurdaino aldarrikatzen jarraitzen duten bezalaxe; baina gutxiengoa izango dira eta, inportanteena, jadanik ez da haien esku egongo inoren etorkizuna. Ezinbestekoa da, ordea, gehiengo zabal bat eratzea, independentzia nahi duena ez idealismo hutsagatik, baizik eta burujabetza gehiago eta bizitza baldintza hobeak izateko aukeraren arteko lotura ikusten eta ulertzen duelako. Pedagogia lan hori egiteko, inork ez du herritar anonimoek adina sinesgarritasuna.

Recherche