Josu Iraeta
Idazlea

Askatasun bidean urrats luzeagoak emateko prest

Azkenaldian horren nabarmen geratu den bezala, litekeena da aurrerantzean ere gertaeraren bat edo beste bizitzea epaitegietan, espainiar Gobernua eta ezker abertzalearen inguruan garatutako hainbat mugimendu sozial, kultural nahiz politikoen arteko konfrontazioaren baitan.

Diskurtso ofizialistak behin eta berriro agertu arren modu interesatu bezain totalitarioan, zuzenbideko Estatuaren defentsaren argudiopean, «dena balekoa dela», sistema demokratikoaren sinesgarritasuna kolokan jartzen duen tesi baten aurrean murgiltzen ditu legelariak.

Errealitate benetan larria bistaratzen duen horrek, ez liguke itsu utzi behar Espainiako Auzitegi Nazionalean jokoan dagoen aferari dagokionez, hau da; botere judizialak zuzenbidezko Estatuaren eskema barruan duen estatus instituzionala, eta auzipetuen eskubide konstituzionalen formazkoa ez ezik, funtsezko errespetua.

Arazoa ez da berria, eta iritzi publikoaren aurrean instituzioen sinesgarritasunari mesede handirik egiten ez dieten sasi-epaiketei esker, Botere Judizialari legezkotasuna kendu zaio, beste botereen morroi bezala agertuz.

Mariano Rajoy jaunaren Gobernuak haren sustatzaile izandako Jose Maria Aznar jaunaren ibilbide errepresiboa jarraitu besterik ez du egiten, eta bereziki euskal presoei dagozkien eskubideak urratzen ditu. «Beraien» demokrazia kudeatzen dute. Beraz  lasai esan daiteke Rajoyren Gobernuak demokraziari ematen dizkion ostikada guztiak –eta asko dira– espainiar Konstituzioa dutela logela.

Zuzenbidearen eta justiziaren arteko urruntzea bizitzen ari gara. Garai bateko doktrina zaharra egunean dago, non zuzenbide positiboa, justua ere bada. Horrek gauza bakarra esan nahi du: jarrera totalitarioak defendatzea, alegia.

Gaur egungo legelari askoren ustez, legeak ez dira justuak edo injustuak, legeak baino ez dira. Eta lege horien jatorria botere legegilean dago, bale, baina diktadore izan nahi duen ikaslearen boterea eratorri egiten den ala ez eztabaidatu gabe.

Duela hamabi urte luze hasitako 35/02 instrukzio berezi bezain ezohikoaren epaiketa iragan urrian hasi zen, eta horren inguruabarrak aztertuz gero, gogora ekarri dit, Zuzenbidea historikoki botereari lotuta egoteaz gain, boterea bera ere badela. Izan ere, nork edo nortzuk sortzen dute Zuzenbidea gure gizartean? Horretarako boterea dutenek alegia; beraz, lasai asko esan dezakegu, Zuzenbidea eta boterea gauza bera direla.

Gogoeta xume honek beste honakoa dakarkigu gogora: «Zuzenbidea sortzen dutenak» betidanik izan dira klase gailenak, goragoko mailan daudenak. Horri guztiari ustez babestu nahi dituzten interesak gehituz gero, eta legelari askok aspalditik publikoki egindako egiaztapen eta adierazpen larriak kontuan harturik, arazoaren errora iritsiko gara. Zuzenbidearen eta botere politikoaren historia, elkarrekin lotuta egoteaz gain, historia beraren protagonistak direla, bata bezain bestea.

Frankismo sasoian, salbuespen arraro bezain ohoretsuren bat edo beste kenduta, ezin daiteke esan epaileek boterearen sistema diktatorialari uko egin ziotenik. Apolitikotasun aseptiko baten babesean jardun zuten, «positibismo legalista» batean oinarritutakoa, gizartean bizi zen errealitateari bizkarra emanez. Gauza bera egiten dute, gaur egun ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zenbait legelarik. Horrek honako gogoeta dakarkigu: edo iraganaren nostalgikoak dira, edo Zuzenbidea libreki sortzearen aldeko belaunaldi judizialaren ordezkariak dira. Nik ez dut besterik ikusten.

Gaur egun, zalantzarik gabe, botere judizialaren inbasioa bizitzen ari gara, izan ere, bestelako instantzietan ebatzi beharko liratekeen gatazkak hartzen dituzte euren gain.

Bukaezinezko tragedia honen parametroak bideratu eta kokatu beharko lirateke. Artikulu xume hau sinatzen duenak zinez uste du iritsi zaigula egiaren ordua. Dagoeneko ez da nahikoa ikusle soilak izatearekin, ezta oroitarazleak izatearekin ere. Ekiteko unea iritsi da, benetako aktoreak eszenara igotzeko sasoia.

Orain da etorkizuna programatzeko unea, trantsizio aldia modu egoista eta okerrean etengabe luzatu gabe. Trantsizioak egin du bere bidea, eta errealitate berri eta partekatu bati utzi behar dio tokia.

Historia ez da lineala, eta ezin daiteke izan; izan ere, prozesu bat da eta, beraz, bilakaera bat dauka. Baina bestalde, historiak ez ditu jauziak egiten. Aldaketak ez dira goizetik gauera gertatzen. Ezta iraultzaileenak edota azkarrenak ere. Halaber, ezin dute suntsitu iraganaren hondar oro. Egia da.

Trantsizio sasoian, errealitate batetik beste batera igarotzeko aldaketa kualitatiboa prestatzen da; gero, errealitate berriaren hastapenetan, egokitzapen-aldi bat egon ohi da, instituzio propioak eraikitzeko sasoia. Azken horiek ez baitute egun batetik bestera aurreko instituzio zaharrak ordezteko gaitasunik.

Errealitate berria kontuan hartuko duen sasoi berria ezarri eta aurrekoa eteteko prest gaude. Baita errealitate horren partzela bakoitzak aldaketa-erritmo jakin bat duela. Beraz, nahitaezkoa da historiaren norabide berri hau atalka garatzea.

Ezin diegu hutsik egin horrenbeste urtez trantsizioan, aurrera begira etorkizunean sinetsi dutenei. Prestdaudebetidanik.

Gure herria prest dago bere eskubideak gauzatzeko. Bere buruaren jabe izan nahi du, eta inoren eskusartzerik gabe erabaki. Libreki adierazitako erabaki demokratiko hori errespetatzea nahi du gure herriak.

Lan eta erantzukizun asko dago aurretik, egia, baina egiari zor, hau nahi genuen, eta hemen dago.

Recherche