Kontxita Beitia Oiarbide

Atzo bezain ozen: NATO pikutara, soldaduskarik ez!

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz itzuli behar dela garai haietara. Hau da: gure gazteak soldaduskan ikusi nahi dituzte, beraien arma, balore ustel, matxista eta inperialistekin. Orain neskak ere sartu nahi omen dituzte infernuan, berdintasun faltsuaren izenean.

Zenbat zigor, epaiketa, espetxe, une txar, polit ere bai batzuetan, manifa... Denok elkartuta abesten, atzera eta aurrera. Ez ziren bakarrik egon. Han ginen lagunak eta etxekoak, denok azaltzen guk ere ez genuela soldaduska nahi, ezta armadarik ere. Gizartearen zati nagusia beraiekin zegoen, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aurka agertu zen herri hau urte batzuk lehenago, eta oihu horren oihartzunak gazte hauetan aurkitu zuen segida. Golkoko gerra edo Balkanetako gerraren aurkakoa zen gure herria. Gazte utopikoak militarrak txikitu ez baina txiki egin zituzten.

20 urte inguru zituztenean dena utzi egin behar izaten zuten eta kuartel batera joan. Planto egin zuten arte, planto egin genuen arte. Eta ez zen soldaduskaren aurkako borroka hutsa, beste mundu bat zuten bihotzean, armada zapaltzailerik gabekoa. Gehienak gaur egun 50 urte inguruan ibiliko dira gutxi gorabehera.

Eta orain gai honi buruz gaurko gazteekin hasten bagara? Intsumisio garaiari buruz oso gutxi dakite. Eskaera bat egitera ausartzen naiz intsumitu izandakoei; Lanbide eskoletan, institutuetan edo unibertsitateetan adostu Historiako irakaslearekin, joan eta kontatu bakoitzak bere historia, kontatu Nafarroan zer gogorra izan zen, kontatu espetxeak Unai erail zuela, kontatu dispertsioa... eta kontatu ere planteak, epaiketak, entregak eta zenituzten alaitasuna eta irudimena. Orain. Beranduegi izan baino lehen.

Txikitu ez baina txiki egin genituen armadak bueltan datoz, beldurra eta nazka ematen, suntsitzen eta hiltzen. Atzerakada faxistari aurre egitea dagokigu, egun bat jarri eta bakoitzaren herriko plazan bildu. Hitz egin. Gure esku dago transmisio hori era serio eta arduratsuan egitea.

Eta gazte: irakurri, zuen herriko kultur etxera joan eta eskatu film bat jartzea garai hari buruz, “2 urte, 4 hilabete” filma eskatu. Edo dokumentalen bat edo bi... Garai hartako abestiak entzun... makina bat gauzatxo egin daitezke, orain dela 30 urteko izpiritu berbera eskuratzeko.

Orain gure agintariei zoritxarrez hau entzuten hasi gara: guk ez dugu nahi, «baina» ez badago beste erremediorik...! Erremedioa zein da: armak erosi, diru publikoarekin noski, eta armak erabiltzeko soldaduskara deitu neskak eta mutilak.

ETBn ikusi eta entzun ditugun inkestetan beste hainbeste. Batzuek inola ere ez, baina beste askok «bueno, ba, joan beharko balitz joango nintzateke». Zer aldatu da ba orain beste modu batean pentsatzeko?

Hau entzutean nolako mina hartu nuen! A zer zaplaztekoa sentitu nuen bihotzaren erdi erdian. Mesedez, pentsatu, hausnartu eta gero esan: armarik ez, armak egiteko lantegirik ez, soldaduskarik ez, gerrarik ez! Batu gaitezen, lehen batu ginen bezala. Lagunen artean, etxeetan hitz egin honi buruz. Transmisioa inoiz baino beharrezkoagoa da.

Recherche