Aukera berri bat zaraguetatarrentzat
Aste honetan prentsan ikusi dugunez, Atari hotelak bere egungo kokalekua utzi beharko du, epaileek hala erabakita. Antza, Gastroleku ostalari talde boteretsuak 280.000 euroko zorra du eraikinaren jabe diren Blanca eta Consuelo Zaraguetarekin. Albiste deigarria, noski. Donostiaren turistifikazioan, kaleak terraza bilakatzean eta eliteei zuzendutako zerbitzu gisa erreferentzia bat da Atari. Parte zaharreko hotel berrienetakoa da, donostiar familia ezagun eta ohoratu baten jabetza.
Era berean, hotel hori eraikitzeko, bizilagunak kanporatu behar zituzten. Batzuk poliki, beste batzuk xantaiaren bidez, baina kanporatzen joan ziren. Hala, Hotel + ez kolektiboko kideok kanporatu gintuzten azkenak, hango etxebizitza bat okupatuta urte pare batez bertan bizi izan ginenok.
Dudarik gabe, albisteak zeresana emango du Parte Zaharreko bizilagunen artean, bai eta bertan ekipamenduak eskatzen dabiltzan elkarteen eta «gastroteken» kalteak pairatzen dituztenen artean ere.
Gogoan ditut desalojo horren aurretik ostegunero Santa Maria elizan egiten ziren elkarretaratzeen harira, Arriola eta Nerecan enpresariek epaitegietara jo zutela, kriminalizazio bila. Eta gogoan hartu nahi ditut gaur, bereziki, eraikinaren jabeetako batek bilera batean okupatzaileei esandakoak. Alde batetik, ez zegoela bertan hotel bat egitea kaltegarria izango zelako inongo frogarik, eta bestetik «ahal zuena» egiten zuela eta «naizenarekin, daukadanarekin eta nire pentsamenduekin orekak» egiten omen zituela.
Lehenari buruz, ba ote da oraindik inor hirian turismoak arazoa dakarrela ikusten ez duenik? 2016ko hiriburutza iragarki turistiko zela salatu zenean, kritikoak bakearen aurkako ezker muturrekoak ginela zioten; pisu turistikoen orokortzearekin, jabe txikiak ez genitzala izorratu; hotelak zabaltzen zihoazen heinean, kalitatezko turismoa ekarriko omen zutelakoan, ez genezala protesta egin… Sekula atzera egingo ez duten arren, orain badabiltza ustezko galga eta ustezko konponbideak jartzen. Ez omen dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik, baina eztanda hau hain da nabarmena, ezen Goiak, Insaustiak eta Itxasoak ere jabetu baitira. «Hil eta gero, salda bero».
Ez dakidana da ea zaraguetatarrak ere jabetu diren. Ahal zutena egiten omen zuten, hemen eta han zabalduz zeinen filantropikoak diren. Urteotan beste proiektu solidarioren bat ere baztertu dutenez, orain aukera ederra dute. Hotelzale hauek huts egin dieten honetan, urrezko aukera dute Parte Zaharraren konponbidean parte hartzeko.
Badago konponbide beharrik... Izan ere, Parte Zaharreko bizitzak espazioa eta indarra galdu ditu urteotan. Pribatizazioak, xake taula batean legez, aurrera egin du. Lehenik, Konstian jolastu ahal izatea galdu genuen, gero kaian bainatzea, doi doi egongo ziren haurrak eroso Zuloagan eta Trinian (azken horretan Heineken Jazzaldirik edo antzekorik ez bada), eta uda honetan hondartzarako bidea ere itxi digute Club Nautico elitistakoek. Eta berreskuratu ditugunean, egurra. Isunak jarri eta kolpeka kanporatu izan gaituzte kaleetatik, arrapalatik, gaztetxeetatik, Birundatik zein Guardetxetik (bertan eusten dioten arren, auzoaren alde borrokan). Zer esanik ez, postala «garbitu» nahi izan da. Horretarako, pobreak eta afaltzen ematen dietenak zein aldarrikapen guztiak ezabatu nahi dituzte.
Egoera horretan, amestu dezakegu Zaragueta ahizpen urrezko aukerarekin: hamar bat etxebizitza sozial egin litezke Kale Nagusiko 18 zenbakian, auzoko gazte zein nagusientzat, etxegabeentzat… Eta gastroteka handi horren lekuan, KASek banatzen zituen adina otordu egin litezke, edo auzoko elkarte batzuentzat lokalak, edo haur txoko edo gaztegune bat… Seguru esfortzu horretan auzoak hainbeste kezkatzen duen alkate jaunaren laguntza luketela, horiek guztiak desiragarriak baina «ezinezkoak» baitira harentzat.
Ametsetik esnatuta, ordea, ez naiz baikor: etxebizitzaz negozio, auzoez postal, arrantzaz museo eta edozerez etekin egitea baita, jabe, ostalari, eta alkateen joera. Antolatu eta aurre egiten ez badiegu, bederen.