Autogobernutik haratago
Hegelen, filosofo burgesa alemaniarraren aburuz, kontraesanean murgiltzea ezinbestekoa da, dialektikaren ikuspegitik, finkaturik gabeko edozein baieztapenetik atera ahal izateko. Planteamendu horren gakoa kritikarik –edo kriteriorik– gabeko ideiak gainditzean (aufheben (gainditu) adierazpenean, hain zuzen ere) datza. Baieztapenetik ezeztapenaren ezeztapenera (hots, beste baieztapen batetara) ailegatu arte, ezin konta urratsak eman litezke. Hala ere, deskubrituriko baieztapenaz ezin liteke esan betierekoa denik. Hori da hori, azken finean, Grezia klasikoan sofistek erakusten digutena, bere erlatibismoaren defentsaren bidez.
Aurrekoa politikara eramanda, behin baino gehiagotan kontraesan ugari ikus dezakegu. Hala eta guztiz ere, politikari profesionalak ez dira gauza kontraesan horietatik irteteko edo, hobeto esanda, kontraesan horiek gainditzeko. Apika, haren helburua ez da egoera horretatik ateratzea, ezta ere demostraturik gabeko baieztapena gainditzea.
Politikan, desioak azken muturreraino eramaten direnean, hausnartzeko gaitasuna kolokan jar daiteke, eta ia-ia pentsatu gabe zentzurik gabeko proposamenak onartzen dira. Horra hor, esaterako, politikari espainiar eta nazionalista sutsuek autodeterminazioa-eskubideari buruz uste dutena. Batzuek ausartzen dira esatera autodeterminazioaren-eskubidea ez dela eskubidea, baizik eta gutxiengo baten nahia, eta historian zehar ez dela, zentzu horretan, ustezko eskubide hori inoiz eman. Beraz, autodeterminazioaren eskubidea –eta berarekin batera erabakitzeko eskubidea– ez da inoiz errekonozitua izan behar; eta herrialde kolonizatuetan izan ezik, gainerako herrialdetan ezin liteke eskubide horietaz berba egin. Autodeterminazioa-eskubideari behin eta berriro uko egiten dienek ezinbestean argudio historizista (edo antzeko argudioak) enplegatzen dituzte, beste argudio batzuen faltagatik. Edozein herritako historiak nola moldeatzen den herri hori, herri horretako biztanleek nola taxutzen duten euren nahimenaz argitzen digu, baina historia bera ezin daiteke inola ere erabili herriaren borondatea zapaldu eta suntsitzeko. Azken finean, autodeterminazioaren auzia ez da kontu historikoa, baizik eta unean uneko eta tokian tokiko nahimenaren kontua. Ezin liteke ezeztatu autodeterminazioaren printzipio horren atzetik emakume eta gizonen nahia dagoenik, zeren eta nahiarekin zerikusirik baitu herri bateko nahimenak, nahi hori (ahalmen moduan) arrazoimenarekin batera emanda bada, eta ez desio irrazionalarekin edo azalpenik gabeko gutiziarekin. Eta hori da, azken batean, borondatearen gaitasuna.
Autodeterminazioari uko egiten diotenak ez dira konturatzen demokrazia bera arriskuan jartzen dutenik. Ez dago esan beharrik, beraz, honela autodeterminazioren ezeztapenak demokrazia partehartzaileari uko egiten diola. Demokrazia mota horretako oinarrian dago gizabanakook guri afektatzen gaituzten erabakietan era zuzenean parte hartzea daukagun eskubidea. Demokrazia mota horren ezeztapena, beraz, autodeterminazioaren ezeztapena besterik ez da. Biztanle guztiok benetako demokrazia batean gauza gara zehazteko aurrera eraman behar diren politikak zer nolakoa izan behar dira jakiteko. Hori dela eta, autodeterminazioaren printzipioa, printzipio demokratiko hori termometro bat bezala erakusten da. Termometro horri esker politikari profesionalek harturiko erabaki politikoak demokratikoak diren ala ez zehazten dugu, edo beste era batez esanda, honela determinatzen dugu haren konbikzio demokratikoaren maila. Ildo horretatik, betiereko kontraesanean bizi diren politikariek ezin dute ezer argudiatu autodeterminazioari buruz aipatutakoa ezeztatzeko eta beste erremediorik ez daukatenean inposaketa erabiltzen dute.
Katalunian 2013ko urriaren 1an eta hurrengo egun eta hiletan gertatutakoa inposaketa besterik ez zen izan. Katalandarrei –desobedientzia zibila eta legitimoaren moduan– bere etorkizunari buruz, Espainiaren barne edo Espainiaren kanpo egoteari, galdetu zienean, agintari espainiarrek Espainiako konstituzioko finko zeuden artikulu antidemokratikoak –baita 155 artikulua ere– aplikatu zituzten errukirik gabe. Autodeterminazioaren ariketa abian jartzen den bezain laster, estatu errepresore baten berehalako erantzuna beti-beti berbera da, biolentzia. Antza denez, muturreko nazionalista espainiarrak euren historiaz ez dute ezer ikasi; edo agian Joxe Azurmendik arrazoia dauka esaten duenean, haiek ez dutela irakurtzen edo, agian, irakurtzen dutena ez dute ondo ulertzen. Erresuma espainiarrak, XIX. mendeko azken urtetan, Hego Amerikako herrialdeek Penintsularen inposaketatik askatasuna lortu zutenean, bere inperioaren azken lurraldeak galdu zituenean, defentsa moduan, bidegabeko eta bortxako politika abian jarri zuen, bitarteko zakarrak erabiltzen, herrialde horietako biztanleak matxinatzen hasi zirenez geroztik . Horrek ezin izan zuen euren independentzia saihestu.
Estatuaren parlamenturako hauteskundeak amaitu ondoren, estatuaren lurraldetasunaren antolaketari buruz hitz egin behar da. Beste une historiko batean gauden heinean, estatuaren kontua edota estatuaren berritzea ez dira mahi gainean jarri behar diren galderak, baizik eta nolakoa izan behar diren eta nola artikulatu egin behar diren pausuak argitzeko herrialde honi dagokion aukera, autodeterminazioaren printzipio demokratikoren barne, gure harremana estatu espainiarrarekin.
Estatutuaren auziaz, konpetentzien transferentziez edo autogobernuaren kontuaz hitz egiteak luzatuko du denbora ezinbesteko autodeterminazioaren aukera abian jartzeko, hots, nahitaezko printzipio demokratiko bakarraz eztabaidatzeko. Estatutuan, konpetentzien arazoan, autogobernuaren kontuan –1978. urteko konstituzioaren barnean– bai estatu espainiarra eta bai PNVkoak eroso sentitzen dira; hau da, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioaren printzipio demokratikoa denboran dilatatuz eta ahulduz. Honela daramatzagu jadanik berrogei urte eta piko. Erkide honetako legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak hurbiltzen ari dira, eta ziur asko Lehendakari jaunak berriro ere autogobernuaren mamua armairutik aterako du. Dagoeneko hirugarren aldiz hirugarren legegintzaldian hasieratik hilda zegoen gorpu bat lurpetik aterako luke. Hala eta guztiz ere, egia esanda, bada garaia erabakitzeko eskubideari buruz hitz egiteko. Hegelen ustez estatuan gizarte zibilaren interes partikularrak eta estatuak berak defendatu behar duen interes publikoa batzen dira, askatasuna bermatzen. Egonkortasunaren izenean –hots, gizarte eta estatuaren egonkortasuna– hegeldarrek –batez ere hegeldar eskuindarrak– konfiantza osoa jartzen dute estatuan bertan, gizarte zibila alde batera utzita. Ezkertiarretik, beste hegeldar batzuek eta marxistek pentsatzen dute, gizarte zibila funtsezkoa delako, eta erabakietan hartzeko ahalbidea bermatzeko, gizarte horri dagokiola bere borondatea ezagutaraztea eta modu egokian kudeatzea. Kudeaketa horren azpitik ezinbesteko autodeterminazioa erakusten da. Izan ere, agerian geratzen da herrien autodeterminaziorako eskubide saihestezina dela, gizartearen borondate subiranoari begiratuz.
Politikariek defendaturiko demokrazia zer motatako demokrazia den jakiteko, hortxe daukagu Hegelek eta eskuinekoek estatuaren inguruan planteatutako galdera. Zer motatako demokrazia proposatzen dugu? Gizartearen izenean autodeterminazioa onartzen eta bultzatzen duen demokrazia? Ala ustezko demokrazia ordezkaria, non estatuaren paperari lehentasuna ematen baitio, hau da, legearen inperioa defendatzen baitu? Hortxe dago, azken finean, gakoa!